Argazkia. Jagoba Manerola, Euskaldunon Egunkaria - Euskaldunon egunkaria, CC-BY-SA
Bere aurrekaria urte berean izan zuen; izan ere, Irlandako foroa izeneko elkarrizketa eta gogoetarako espazioa eratu baitzen, Stormonth-en adosturiko Irlandako Ostiral Santuko hitzarmenaren magalean, eta bertatik gure herrirako atera zitezkeen irakasgaiak plazaratzeko asmoa zuen. Horrelako ez-ohizko unea sinbolismoz hornitua badago, dimentsio historikoa har dezake, eta, ekinbideak asmo hori azaldu zuen, hastapenetik: Lizarran sinatu zen aurrena (30.hamarkadan Lizarrako estatutua eratu zen Nafarroa Garaiko herrian), eta Baxe Nafarroan osotu, gutxira (euskal lurralde guztietarako lanabesa bilakatuz).
Horrela idatzita, nahiko logikoa dirudi, baina hamarkadetan bizitako testuinguru politikoaz jakitun, mugarri historikoa izan zen, zalantzarik gabe, eta, hamarkadetako gatazka politiko eta armatuari aterabide bat emateko bide posiblea irudikatzen zuen. Bi arrazoiengatik, nagusiki: batetik, gatazka politikoaren muinera joz herriaren hitza eta erabakia termino demokratikoetan ebazteko konpromiso politikoa zelako; eta, bestetik, Euskal Herriko sektore politiko, sindikal eta sozialaren gehiengoak adostasunez babestua izan zelako.
Gaurko begietatik begiratuta eta argazkia aztertuta, kontraste handi batzuk sumatzen dira, lehen kolpetik: esangura politikoa izan duen belaunaldi baten ia erabateko desagerpena (ez dut inor jubilatu nahi), gizonezkoen presentzia nabaria (aldaketak eman dira afera honetan, baina oraindik asko dago egiteko), hainbat eragileren amaiera edo bir-konposaketa, eta, batez ere, euskal jendartearen aniztasuna ordezka dezaketen sektoreak euskal gatazkaren auzia oinarrizko printzipio batzuetan marko berean batzeko dugun zailtasuna, 25 urte eta gero.
«Mugarri historikoa izan zen eta hamarkadetako gatazka politiko eta armatuari aterabide bat emateko bide posiblea irudikatzen zuen»
Gu orduan, Jarrai gazte antolakundeko kideak ginen (sinatzaileetariko bat); ni neuk 21 urte bete berriak, Irlandako herria aurreko urte eta hilabeteetan bizitzen ari zen prozesua arretaz segitzen genuen, eta gurean gertaerek hartzen zuten sakontasun maila barneratzeko beharra zegoen (euskal jendarte guztiak bezala). Izan ere, nondik gentozen ezin genuen ahantzi, gatazkaren soluziorako proposamena zena -Alternatiba Demokratikoa (1995)- HBko mahai nazionalaren espetxeratzearekin, gatazka armatuaren espresio guztiekin, eta jendartearen polarizazio handiarekin itxi baitzen.
Orduan ez genuen horrela bizitzen, noski; tentsioa, oinarrian zeuden pitzadurak, garapenerako ezintasunek, eta testuinguruak (baita etsaiak jokatzen badakiela kontutan harturik) prozesuaren amaiera ekarri zutelako (asko sinplifikatuta, badakit). Hain konplexuak diren aferei bide bateratu bat eskaintzeko prozesuak luzeak dira. Hori “tamalez”-esango nuke- euskaldunok jakin badakigu, bizi izan ditugun saiakerei erreparatuz gero. Haatik, bideak ez dira linealak, malkartsuak eta gora-beherez beteak daude, eta aurreko saiakeran aurreratu guztia ez da inoiz ezer ezean geratzen. Agian, 25 eta gero, pasatakoak pasata, eta, ilea urdinduagoa izanik, ateratzen dudan ikasgai handienetarikoa da.
Gaur egun oso gertu dudan eragile batek -Gernika Batzordeak, eta orduko izenpetzaileetariko batek- helarazten didan ondorioetariko bat da. Euskal gatazkak irtenbide demokratiko eta adostua izateko prozesu ezberdinetan aktorea izan delako: Maroño, Lizarra-Garazi, edo orain gutxi arte Foro Sozialaren bidez, besteak beste. Juantxu Izagirre da argazkian azaltzen dena, Lizarran. Edota, Alberto Gabikagogeaskoa azaltzen da Donibane Garaziko taularatzean. Azken honek, Gernika Batzordearen ia bost hamarkadetako ibilbidea kontatzeko ikus-entzunezkoan, akordio honen porrota eta sorturiko esperantzen deuseztapena deskribatzen zidan, borroka urte hauen guztien arantzarik handiena bezala. Ahots kualifikatua delakoan nago, eta garaiaren dimentsioaren ordezkaria ere.
«Nondik gentozen ezin genuen ahantzi, gatazkaren soluziorako proposamena zena -Alternatiba Demokratikoa (1995)- HBko mahai nazionalaren espetxeratzearekin, gatazka armatuaren espresio guztiekin, eta jendartearen polarizazio handiarekin itxi baitzen»
Argazkia. Artxiboa
Bukatzeko, eremu adierazgarri batean jarriko dut arreta: presoen afera. Batera ekimena sustatu zen hitzarmenaren logikan, orduan jendetsuenetarikoa izan zen urtarrileko manifestazioa egin zen, eta oraindik orain eztabaidagai dauden Aznarren gobernuaren “hurbilpenak” eman ziren.
Azken elementu honetara helduta, gerora, 2009 aldera, Teixeiro-Curtiseko espetxean (A Coruña) nindutela, elkarrekin geunden kide baten adibidea datorkit burura. Izan ere, Alacant-eko espetxetik (Euskal Herritik 590 Km-tara) A Coruñako horretara (650 KM-tara) “hurbildu” baitzuten, eta, modulu berean gintuztenerako, 10 urte gehiago zeramatzan gatibu. Esandakoa, bidea konplexua da, zeharo.
Gogoetarako ene zertzelada batzuk utziko ditut, gaurko amaierarako: