ERREPORTAJEAK

Elena Beloki

Iparraldeko herrialdeen esperientzia berdintasunaren bidean

2018-09-29

“We have to talk about liberating minds as well as liberating societies. Walls turned sideways are bridges." Angela Davis

Vigeland. Artikulu hau ilustratzen duten eskulturak Osloko Vigeland parkeko artelanak dira. Gustav Vigeland (1869-1943) eskultoreak lan honen bidez jaiotzatik heriotzara bitarteko giza kondizioa eta botere harremanak irudikatu nahi izan zituen. / Hans A Rosbach, CC-BY-SA

XX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran Iparraldeko herrialdeetan berdintasun soziala balore politiko gisa aintzat ematen hasi zen.


Ondorengo lerroetan hain ezaguna den Eskandinaviako1 genero berdintasun politikei begiratuko diegu. Estatu horietan lortu den ongizate estatua eta genero zein berdintasun sozialaren arteko lotura ezinbesteko erreferentzia bilakatu da. Iparraldeko herrialdeek, genero berdintasun politikak neurtzen dituzten nazioarteko indize altuak dituzte eta sailkapenen goi postuetan kokatzen dira. Zerk ahalbidetu du egoera hori? Zergatik mantendu da denboran zehar? Eskandinaviako genero berdintasunari buruzko modelo batez mintza daiteke? Galdera hauek kontutan izanik, Eskandinaviako estatuen izaeraren eraldaketak genero politiketan izan duen eraginari erreparatuko diogu. Ondoren, gogoeta bat partekatuko dugu; mundu mailako krisi anizkoitz hau sortzen ari den konfigurazio sozioekonomiko berrien aurrean, ze ikasgai atera ditzakegun eskandinaviar esperientzietatik.


CC BY-NC DN

Ongizate Estatuak hasieran emakumeak hiritartasun politikotik, zibiletik eta sozialetik kanpo utzi zituen. Garaian garaiko erakunde feministen lanak eta borrokak genero berdintasunaren aldeko politikak abian jarri eta estatuaren norabide antipatriarkala definitzen joatea lortu zuten.


XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran Iparraldeko herrialdeetan berdintasun soziala balore politiko gisa aintzat ematen hasi zela esan genezake. Nekazari eta langile mugimenduen indarrak ongizatearen ideia zabaltzearekin batera, alderdi sozialdemokratak politika birbanatzaileak egitera bultzatu zituzten. Politika horien iraupena, halere, aliantza politiko eta sozial zabalen edo kontsentsu handien emaitza izan dira, eskuineko alderdiek dimentsio unibertsala eta zerga altuen sistema hein batean sustatzen dituztelako.

Ongizate estatuak hasieran, ordea, emakumeak hiritartasun politikotik, zibiletik eta sozialetik kanpo utzi zituen. Garaian garaiko erakunde feministen lanak eta borrokak genero berdintasunaren aldeko politikak abian jarri eta estatuaren norabide antipatriarkala definitzen joatea lortu zuten. Amatasun eta aitatasun bajari buruzko eskema zabalak, zaintza lanarentzako gizarte zerbitzu publiko estentsiboak edota goi mailako erabakiguneetan emakumeen ordezkaritza sendoak izan ziren lorpen horietariko batzuk. Iparraldeko sistema politikoek gizarte zibileko indarrei, eta kasu honetan erakunde feministei, kasu egin eta erantzunak ematen zizkielako gauzatu ahal izan ziren.

Garai horretako erakunde feministek kontuan hartzen zituzten bi ideia dira nabarmentzekoak. Batetik, 1960tik 1990eko hamarkadara bitartean, estatuaren izaera instituzionala eta instrumentala aldatzea zen helburua; funtsezko aldaketak bideratu beharra. Besteak beste, esparru publikoaren eta esparru pribatuen arteko banaketarekin bukatzea eta, beraz, lana, familia eta estatuaren arteko bestelako harremana bideratzea.

Ongizate estatua gorpuzteak funtsezko aldaketa horiek ematea ahalbidetzen zuen, Eskandinaviako estatuak hiru ardatzek ezaugarritzen baitituzte: estatuaren presentzia2 eta eskuhartzea, unibertsaltasuna eta berdintasuna.

Helga Hernes3 norvegiar akademikoak lorpen garapen horri ”women friendly policies”4 edota “state feminism” izena eman zion. Kontzeptuak, batzuen iritziz eztabaidagarria izanik ere, emakumearen emantzipazioa eta genero berdintasunaren aldeko politikak sortzeko Estatuaren eskuhartzea agertzen du. State feminism kontzeptuak estatua bera, orduko feminismoa –kalekoa– eta politika instituzionalaren arteko lotura estua agertzen ditu.


Publiko/pribatua debatea


Antti T. Nissien, CC BY 2.0

Genero gaietan aditua den Anette Borchorst-ek publiko eta pribatuaren arteko muga jariakorra dela, eta gainera hainbat negoziazio eta marko ezberdinen arabera ematen dela dio. Azken hamarkadetan merkatuak lortu duen ikusgarritasuna dela medio, publiko-pribatuaren arteko banaketari buruzko eztabaida garrantzi handikoa bilakatu da.


Helga Hernesen iritziz, 70 eta 80 hamarkadetan zehar Eskandinaviako estatuek genero politika parekideak sustatzeak, erreprodukzio soziala esparru publikoan kokatzea ekarri zuen. Eta hala izan bazen ere, publikotasuna genero parekidetasuna segurtatzeko ez da aski. Feminista gehienen iritziz, garai horretan publiko eta pribatuaren arteko banaketa gainditzeko bideak genero dimentsio handia galdu zuen, publikotasuna lehenetsi zelako. Izan ere, botere egituren karga maskulinoa handia da bizitzako alor guztietan eta publikotasunak bestelako neurririk gabe ez du karga hori gutxitzen.

Genero gaietan aditua den Anette Borchorst-ek5 publiko eta pribatuaren arteko muga jariakorra dela, eta gainera hainbat negoziazio eta marko ezberdinen arabera ematen dela dio. Azken hamarkadetan merkatuak lortu duen ikusgarritasuna dela medio, publiko-pribatuaren arteko banaketari buruzko eztabaida garrantzi handikoa bilakatu da. Gainera, hainbat erreprodukzio zereginen bir-familiarizatzearen ondorioz, gaiaren garrantzia azalarazi da.

Esaterako, kudeaketa publiko berriaren printzipioetan oinarritua, etxeko zaintzei buruzko diru-laguntzak edo gurasotasun bajaren onuradunari buruzko debateak egiten ari ziren –egun, irekia jarraitzen du–, beti ere askatasun indibidualaren irizpidea gidari zela. Hainbat adibide jar daitezke: 1998an Norvegiako demokrata kristauek gobernuan zeudela “cash for cash sistema6” deritzon formula onartu zuten. Suediak bide berari segitu dio “free choice” ideiari helduta.

Danimarkan berriz zaintzaren ardura udalaren esku utzi zen, baina eragina mugatua izan zen eta 1997an aitatasun baja ezarri zen. 2002an alderdi liberalak neurria kendu zuen eta publiko-pribatuaren arteko banaketa birdefinitu zuen “aitatasun baja” familiaren barruko aferen barruan kokatzeko mehatxua eginez. Baina amatasunaren bajari ez zitzaion trataera bera eman. Alderdi liberalak eta zentro-ezkerreko beste aktore batzuek neurria beharturiko genero kuotatzat jo zuten eta aipaturiko eztabaidan eragin handia izan zuen.

Borschorstek dionez publiko-pribatuaren arteko harremana ez da berdina herrialde guztietan. Horien arteko harremana ezberdina da lurralde bakoitzean genero-berezitasun argumentuek eta feminismoak duen indar harremanaren arabera. Genero kuotak eta ekimen politikoak bereziki kontraesankorrak dira batzuetan eta besteetan, emakumeen kasuan lan merkatuari eta ordezkaritza politikoari dagokionean eta gizonen kasuan familiaren zaintza lanei dagokienean. Are gehiago, publiko-pribatuaren arteko orekak mugimendu feministaren eragina isla dira. Danimarkan oso zatituta daude bi espazioak eta aldiz Suedian, oso indartsua da bien arteko harremana.

Baina oreka hori eskuin-ezker ardatzaren arteko ispilua ere badela dio Borschorstek. Eskuineko alderdiak politika birbanatzaileetan estatuaren esku-hartzea indartzearen kontra daude. Dena den, baieztapen horrek zati batean soilik azaltzen du dagoen banaketa, ez dagoelako Eskandinaviako eskuineko alderdien arteko jarrera komunik eta nazio ñabardurek ere eragina dutelako: Danimarkako eskuina eta Suediakoa ez dira berdinak, adibidez.

Beraz, Eskandinaviako herrialdeak haurren zaintzari eta gurasoen bajari dagokionez aurrerakoiak badira ere, eskema zabalak eta gogotsuak planteatuz, erreprodukzio soziala arlo publikoan kokatzeko garaian, zailtasunak topatu dituzte. Publiko eta pribatuaren arteko banaketa edo muga herrialde batetik bestera aldakorra izateaz gain, banaketa hori sozialki eraikia den heinean, hainbat auzi eta gatazkaren menpekoa da: lan arlokoak, ordezkaritza politikoari dagozkionak edota etorkizunean suertatuko diren arazo berriei lotuak; besteak beste, emakume etorkinen marginalizazio eta esklusioarekin zerikusia dutenak.

Horren aurrean indar ezberdinak nola mugituko diren, eta mugimendu feministak izango dituen ekimen propositiboak (instituzioetatik kanpo bereziki) eta aliantzak josteko ahalmenak determinatuko dute etorkizunean erreprodukzio sozialaren kokapen publikoa.


Genero berdintasunari buruzko modelo nordikorik ba ote?


Eskandinaviako herrialdeak haurren zaintzari eta gurasoen bajari dagokionez aurrerakoiak badira ere, eskema zabalak eta gogotsuak planteatuz, erreprodukzio soziala arlo publikoan kokatzeko garaian, zailtasunak topatu dituzte.


Iparraldeko estatuak ez dira feministak izan, baina genero berdintasunaren aldeko politikak bideratu dituzte. Egoera hau emakumeen mobilizazio politikoaren eragina eta genero berdintasunaren instituzionalizazioaren arteko uztartzearen ondorioa izan zen. Arestian esan dugunez, prozesu honi “women friendly welfare state” edota “state feminism” izena eman zitzaion, eta kontzeptua beste herrialdetara zabaldu den arren, Herri Nordikoetan izan duen esanahia ez da herrialde horretatik kanpo aurkitzen, Eskandinaviako ongizatearen urrezko garaian proposatu zelako eta ongizatearen estatu naturarekin lotutik dagoelako.

Feministen mobilizazio indartsuen efektuak eta euren eskakizunen aldeko alderdi zein mugimendu politikoen egiturek bultzatu zituzten emakume politikariak estatua tresna gisa erabiltzera. Era horretan, estatua, genero parekidetasuna eta politika aldeko espazio bilakatu zuten. Anette Borchorstek 2000. urtean Iparraldeko genero berdintasun modeloa bi ardatzen bidez definitu zuen: bizitza politikoan goi mailako parte hartzea eta lan ordaindua. Bi ardatz horiek zera ekarriko zuten: hezkuntza berdintasuna, lan berdinagatik soldata berdintasuna, genero oreka familian eta lan merkatuan, bozkatzeko eskubide berdintasuna...

1970eko hamarkadatik aurrera, iparraldeko gobernuek genero berdintasuna sustatzeko eta abiatzeko politikak garatu zituzten, eta lana-familiaren arteko oreka edota kontziliazioa da Iparraldeko modeloaren bereizgarria: amatasun eta aitatasun baja, laguntza ez duten gurasoentzako zaintza zerbitzu publikoa eta haurtzaindegi publikoak -batik bat udal haurtzaindegiak-. Esan daiteke lana-familiaren oreka, ekonomiaren berdintasuna erdiesteko bidea izan dela. Norvegian adibiderik eraginkorrena dugun bitartean, Finlandian haurtzaindegi sistema ahulena dago, diru laguntza eta zerbitzu publikoen arteko sistema berezitua duelako. Haatik “cash for care benefit” sistema edota zaintzagatik diru-laguntzen sistema dei genezakeen formula gainontzeko herrialdeetan baino instituzionalizatuagoa du.

Bestalde, parlamentuetan zein erabakigune politikoetan genero berdintasuna arautu eta sustatzeko hainbat neurri eta politika abian jarri dira. Kuoten gaiak, ordea, ez du adostasun nordikorik lortu. Horrela, Islandiak, Norvegiak eta Suediak %40tik %60ra arteko kuota eta hautes-zerrendetarako kremailera sistema martxan jarri duten bitartean, Danimarka zein Finlandiako alderdiek ez dituzte neurri horiek onartu, batez ere, Finlandiako parlamentuan emakumeen presentzia oso altua delako. Kuoten gaiarekin jarraituz, Norvegia enpresa zein korporazioetako zuzendaritzetan kuoten irizpidea proposatzen (1999n) eta sartzen (2003an) lehena izan zen. Islandia Norvegiaren ondorengoa izan zen 2010ean. Eta Suediak Norvegiarekin batera hasi bazuen ere, ez zuen berarekin batera jarraitu. Maila baxuagoan Danimarka topa dezakegu.

Sozietate publiko mugatuetako zuzendaritzetan, parekidetasunaren eskema sartzeak ekonomia esparruan genero berdintasuna sustatzea du helburu eta aurrerapen esanguratsuak gertatu dira. Ildo honetan eta berdintasun ekonomikoaren aldeko politikei dagokienez, esan behar da legislazio nordiko guztiek, diskriminazioaren kontrako babesaz gain, agintari zein lan emaileen betebeharrak biltzen dituela; eta, era berean, soldaten berdintasunari buruzko arautzeak aintzat hartzen dituztela. Baina legislazio guztiek dituzten bi helburu hauetatik kanpo, zaila da esatea genero berdintasunaren aldeko politiken perfil komuna dagoenik, J. Kantolak edo M .Teigenek 7diotenez.

Laburbilduz: genero berdintasunaren aldeko konpromiso eta garapenari dagokionez Eskandinaviako modelo bakarra ez dagoen arren, gainontzeko herrialdeei abantaila nabarmena ateratzen diete. Halere, 2008ko krisi finantzieroaren ondorioz eta populazioaren mugikortasunak eta migrazioak alda dezakete orain arte ezagutu dugun joera, batez ere, publiko-pribatuaren arteko banaketari dagokion arloan.


Gogoetarako ideia pare bat


Cathy Thomas, CC BY-NC-ND 2.0

Iparraldeko genero politiken paisaia nabarmenki aldatu da azken 50 urteetan. Baina ongizate estatuaren eraldaketak, ekonomia integrazio prozesuen ondorioak, nazioarte mailako instituzioetan genero gaien presentziak, eta instituzioetatik kanpoko mugimendu feministaren agentziak -egiletza-, proiektu feministarentzako testuinguru berri bat sortu dute. Horrek Iparraldeko herrialdeetako mugimendu feministaren estrategia eta ideiak astindu ditu, erronka berriak planteatuz eta espazio diferenteetan kokatzeko beharra agertuz. Besteak beste, elkartasuna, genero parekidetasuna eta justizia sozialari buruzko ideien inguruko berrikuspena proposatzen ari da, sexualitatea, arraza eta etniaren kategoriak periferia politikotik erdigune politikora mugitu direlako.


Prostituzioari buruzko suediar esperientzia


Prostituzioari buruzko eztabaida konplexua da, botere harremanek zeharkatzen dute eta atal askori begiratu behar zaio: sexu indarkeria, “trata” edo sexu merkatua, borondatea... Horrez gain, eragile sozial eta politiko askoren esku hartzea ere badakar. Gai korapilatsu horri ere inoiz heldu beharko diogulakoan, eztabaida hori elikatzeko asmoz, suediar ereduari begiratu diogu:

1999ko urtarrilaren 1ean Suediak prostituzioa zigortzen duen lege bat onartu zuen. Legeak hiru atal nagusi biltzen ditu. Lehen biak legearen beraren definizioari dagozkio eta hirugarrena legea inplementatzeko errekurtso materialei. Hurrenez hurren:
1. Sexu zerbitzuen erosketaren penalizazioa

2. Sexu zerbitzu horien salmentaren despenalizazioa

3. Diru partida garrantzitsuak sexu jarduera utzi eta bestelako lana aurkitu nahi duten prostitutentzako.

Lege hau feministen borrokak genero berdintasunaren aldeko politikak bideratzen lagundu zutelako eta horrek Suediako jendartearen arlo ezberdinetan emakumeen presentzia eta egiletza handia ahalbidetu zuelako izan zen posible. Esaterako, legea onartu zen urtean, Estokolmoko Parlamentuan %50 ziren emakume parlamentarioak. Suediar esperientziak bestelako ikasgaiak ere uzten dizkigu. Legea indarrean jartzearekin batera, begiztatzeko beharra eta hau bideratzeko ataleko funtzionarioentzako nahita nahiezko trebakuntza jarri zituzten abian. Eta noski, horretarako bitartekoak ere bai.

Legearen beharra, proposamena eta eztabaiden protagonistak emakumeen erakundeak izan ziren. 2002an 1999ko legearen eranskin bat onartu zen. Eranskin hau giza trafikoaren debekuari buruzko lege bilakatu zen eta aurrekoak zituen hainbat gabezia bete zituen.

Gaur egun sexu langileen %80-ak sexu jarduera utzi du. Prostituzioa desagertu ez bada ere, Eskandinaviako beste herrietako zifrekin konparatzen badugu, nabarmen egin du behera: Finlandian adibidez, 15000 eta 17000 emakume prostituitzen diren bitartean, Suedian 1000 eta 5000 artean dira. Suediar modeloa interesgarritzat jo dute Norvegiak eta Finlandiak eta horri jarraiki zaizkio.

Seguruenik ez daude soluziobide definitiboak, eta gaur egun dagoen krisi ekonomiko eta sozaialak ez du horretan laguntzen, baina eztabaidarako Suediako adibidea kontutan hartzeko moduko esperientzia izan daiteke.


OHARRAK:


1 “Eskandinavia” eta “Iparraldeko herrialdeak” hitzak indistintoki erabiliko ditugu, nahiz eta geografikoki Eskandinavia, Norvegiako eta Suediako mendien penintsula izan eta Iparraldeko herrien barruan Norvegia eta Suediarekin batera, Danimarka, Finlandia, Islandia, Faroe, Aland eta Groenlandia koka daitezkeen, batez ere 1950eko Nordic Council eta honek ahalbidetu zuen kooperazio politika instituzionalizatu ondoren. Islandiako salbuespen batzuk izan ezik, ongizatearen terminoetan herrialde hauen ezaugarriak ondorengoak dira: estatalismoa, unibertsaltasuna eta berdintasuna.

2 Eskandinaviako jendarteak ez dira bitartekaritzako egituretan oparo, eta politika antifamiliaristen aldeko estatalitatearen presentzia bermatu ahal izateko udalek oso paper inportantea jokatu dute eta jokatzen dute gaur egun ere.

3 HERNES H: El poder de las mujeres y el estado del bienestar.Vindicacion feminista. 1990

4 Women friendly policies eta state feminism kontzeptuak ezin dira literalki itzuli. Hainbat aditu kutsu antipatriarkaladun estatu definizioa erabiltzearen aldekoak dira. Baina beste batzuk erabilpen honen kontrakoak dira eta proposatzen dute genero parekidetasunaren aldeko politikak erabiltzea.

5 Borchorst. A in BERGQUIST CH. : Equal Democracies?: Gender and Politics in the Nordic Countries. Ed.Nordic Council.1999.Oslo

6 Sistema horren bidez bi gurasoen familia batean aitak hilabetez etxekoen zaintzaz arduratzearen truke diru-laguntza jasotzen du eta besterenezina da. Esan nahi da amarentzako ez dagoela horrelako neurririk.

7 KANTOLA J: Feminists Theorize the State. Pallgrave.MacMillan.200. TEIGEN.M: Political constructions of gender equality: Travelling toward... a gender balanced society?. Nordic Journal of Women's Studies. 2005