ERREPORTAJEAK

Erria

Herri Batasunaren proposamena: "lana banatu, ondasuna banatu"

2022-01-03

Azken hamarkadan eta, batez ere, azken urteetan, ezker globalean hausnarketa eta proposamen berriak garatzen ari dira gizarte antolamendu berri baten inguruan. Besteak beste, lanaren eta aberastasunaren banaketa, asteko lanorduen murrizketa, langileen eskubideen berreskurapena patronalaren aurrean, errenta unibertsalaren defentsa, etxebizitza eskubidearen bermea eta beste hainbat ardatzen inguruko gizarte antolaketa eredu berriak mahaigaineratzen ari dira. Dossier honetan LABen proposamen sozioekonomiko berria eta munduko proposamen desberdinak aurkituko dituzue, gaurkotasunari lotuak. Erreportaje honetan, aldiz, bi hamarkada atzera egin nahi izan dugu, Herri Batasunak 1998an langabeziari eta bazterketa sozialari aurre egiteko planteamendua gogora ekarriz, garaian berritzailea izan zena, eta puntu askotan, tamalez, gaurkotasuna galdu ez duela pentsatzen baitugu.


Argazkia. Artxiboa

 

Lanaldia murriztu? Administrazioa, sindikatuak eta patronalaren posizioa

90eko hamarkada bukaera aldera lanaren banaketari dagokion eztabaidak garrantzia handia hartu zuen Europako zenbait herrialdetan. Izan ere, 80ko hamarkadatik aurrera izandako hazkunde ekonomikoaren ondorioz, gehien dutenen eta gutxien dutenen arteko arrakala zein genero arrakala ekonomiko eta soziala handitzen joan zen. 90eko hamarkada bukaeran langabezia altua zen Euskal Herri osoan eta lanaren eta aberastasunaren eztabaidak eragile sozial eta politiko guztiak interpelatu zituen.

Hego Euskal Herrian planteamendu desberdinak jarri ziren mahai gainean arazoari irtenbidea eman nahian. Ramon Jauregui Gasteizko Gobernuko Lan-Kontseilariak, lana banatzeari buruzko hamar neurri planteatu zituen, aparteko lanorduak pixkanaka murriztea, ordutegiak malgutzea, zatikako jardunaldiak sustatzea, errelebo kontratuak bultzatzea, pizgarri fiskalak ematea… Finean, plan horretan “taxuera liberaleko jardunbidea” zuen administrazioak, eskuhartze zorrotza edo legearen araberako arautzetik urrun geratzen baitzen. Izan ere, “zatikako denborak soldatapekoen kategoria desberdinen estatutu soziala birdefinitu eta, enpresaren barrunbean, sexuen arteko aldeen mugak nabarmendu egiten du, Europako herrialde ugaritan zatikako denborako lana emakumezkoak egiten duelako.”

 

«90eko hamarkada bukaeran gizarte eredua eraldatzeko alternatiba zehatza plazaratu zuen Herri Batasuna alderdiak, berritasunak zekartzan hainbat irakurketa eta planteamenduekin.»

 

Eragile sindikalen eta patronalaren iritziak desberdinak ziren. Confebask lanaren banaketaren aurka agertzen zen. Estatuko bi sindikatu nagusiek, CCOO eta UGT, posizio desberdina zuten. CCOOk helburu gisa Europako Sindikatuen Konfederazioak egindako proposamen orokorra onartzen zuen arren, —asteko 35 lanorduko jardunaldiaren barruan, lau lanegun eta 32 lanordurako bidean segitzea—, patronalaren jarrera ikusita bideraezina ikusten zuen planteamendua. UGT, aldiz, alde agertzen zen, lanaren murrizketak soldaten murrizketa ekarri behar ez zuela iritzita. ELA eta LABen iritzia lanaren banaketaren aldekoa zen. 1995ean aurkeztu zuen LABek proposamen zehatz bat, lanaren banaketa eta aberastasunaren banaketa loturik daudela printzipiotzat hartuta. 1996ean, hainbat kolektibok suspertutako Eskubide Sozialen Kartak bi proposamen zehatz jarri zituen mahai gainean: EAEko administrazio Publikoaren baitan lana banatzea eta oinarrizko errenta bat ezartzea.

Estatu frantsesean, 80ko hamarkadatik langabezia igo eta igo ari zen eta soluziobide bat eman beharra zegoen. 1994 zein 1997ko hauteskunde kanpainetan, Chirac eta Jospin hautagaiek lanaldia asteko 37 ordutara murriztea planteatu zuten, soldata jaitsiera eragin gabe. Baina azkenean, 1996an onetsitako Robin Legeak, lana sortzeko 35 orduko lanaldiaren orokortasuna erantsi zuen. Soldataren jaitsiera konpensatzeko enpresak produktibitatearen igoeran parte hartze planak egitea proposatzen zuen, besteak beste. Dena den, 1997an Aubry Legea sortu zen, 2000 urteaz geroztik 35 orduko lanaldia ezarriz, baina Aubry II legeak ordezkatu zuen, 2002tik aurrera “lana gehiago egitea gehiago irabazteko” kontsigna ezarriz, lana murriztearen logika bazter batean utziz. Agir ensemble contre le chomage! (AC! edo “elkarrekin langabeziaren kontra jardutea”, alegia) mugimenduak lanaldi murrizketaren proposamen zehatza eta osoa egin zuen, hastapenean 35 ordura eta geroago 32 ordura jaisteko, soldata murrizketa gabeko planteamendua eginez. Estatu frantseseko esperientziak ez zuen aurrera egin, eta ekonomialari liberalek zein estatu alderdiek “hazkunde ekonomikoaren” beherakadaren aitzakia jarri zuten.

 

Argazkia. Artxiboa

 

ZEIN ZEN HERRI BATASUNAREN ALTERNATIBA?

Dena aldatu ala gaurdanik eraldaketa egin?

90eko hamarkada bukaeran gizarte eredua eraldatzeko alternatiba zehatza plazaratu zuen Herri Batasuna alderdiak, berritasunak zekartzan hainbat irakurketa eta planteamenduekin. Zehazki, Hego Euskal Herrirako “bazterkuntza eta langabezia egoeraren aurkako alternatiba” izan zen aurkeztutakoa, eta eraldaketarako proposamen zehatzak eta arnas luzeko ikuspegia konbinatzen zituen. Tentsio dialektiko horretaz jabetuta, gizarte eraldaketa prozesuek hiru tenporalitate kontuan hartu eta jorratu behar zituela azpimarratzen zuen; epe luzerako helburuak, urte batzuen buruan lortzekoak, eta berehala erdietsi beharrekoak konbinatuz. Eragile politiko eta sozialen helburua aldaketa estrukturalak egitea den arren, “pairatzen dugun neoliberalismo anker honen ondorioak galarazi, arindu edo eragotziko duten neurri zehatzak” proposatu eta erdiesteak ere berebiziko garrantzia dauka.

Ondorioz, eztabaida antzua da, eraldaketa estrukturala versus berehalako eraldaketaren artekoa. Aldaketa estrukturalak, epe ertainekoak eta berehalako aldaketak behar dira, hirurak aldi berean. Izan ere, euskal gizarteko milaka eta milaka pertsonak zuzen eta zeharka egoera prekarioan zeudela kontuan hartu behar da: ordainduriko lanik gabe (emakumeak, bereziki), pertsona gisa erabakiak hartzeko ahalmenik gabe, etxebizitza bermatu gabe. Hori dela eta, “duintasunezko enpleguen sorrera, pobrezia gainditzea edo bizilekua lortzea” lehentasunezko auziak ziren, eta erantzun zehatzak eskatzen zituen.

 

«Txostenean kontziente dira aurrekoak helburu hori betetzea lagunduko lukeen arren, eraldaketa kultural baten beharra ere bazegoela, etxeko lanak partekatzeko helburuarekin.»

 

Nola eraldatu aurreko egoera? Batetik, ordainduriko lana sortzea eta aberastasuna banatzea proposatzen zuen txostenak, horretarako proposamen zehatz batzuekin. Bestetik, ordaindu gabeko “etxeko lanak” jendarteko indibiduo guztien artean banatzea urgentziazko pausutzat jotzen zuen. Eta hirugarrenik, etxebizitza eskubidea bermatzeko apustua egiten zen, bizitza duin baten minimoak bermatze aldera. Nola egin guzti hori?

 

Lana eta enpleguaren arteko bereizketa

Lehenik eta behin, lanaren inguruko argiketa kontzeptual bat egin beharra zegoen. Izan ere, lana eta enplegua ez dira gauza berdina, “lanaren banakuntzaz ari garenean enpleguaz (soldatapeko lanaz) ezezik, ia emakumeek bakarrik egiten duten etxeko lanaz ere ari gara”. Enpleguaren kasuan, soldatapeko lanaz ari gara, zerbitzuak ekoitzi eta merkatura zuzendua dagoen lanaz, mota bateko etekina helburu duena. Beste lanak, “erabilera-baliodun ondasun eta zerbitzuak ekoizten ditu eta familia giroan garatzen da, ugaltze-esfera izenekoan; gainera, ez da ordaindua izaten.” Alegia, azken lan horren helburua lan-indarra ugaltzea da, baina are gehiago ere, “sozializazio-prozesu batzuk eta bere burua zaintzeko gai ez diren pertsona guztien zaintza” jasotzen du.

Zein da lanen arteko erlazioa? Zein da ordaindutako eta ordaindu gabeko lanaren banaketa? “Aberastasunaren banaketaren neurria da”. Alegia, lana banatu, ondasuna banatu, bi ardatzak eskutik helduta daude. Ordaindutako lanaren banaketak zaintzaren banaketa ere zuen xede, baina txostenean kontziente dira aurrekoak helburu hori betetzea lagunduko lukeen arren, eraldaketa kultural baten beharra ere bazegoela, etxeko lanak partekatzeko helburuarekin.

 

«Aldaketa estrukturalak, epe ertainekoak eta berehalako aldaketak behar dira, hirurak aldi berean.»

 

Iturria. HBren Lana Banatu txostena.

 

Epe laburreko alternatiba: "Trabajar menos para trabajar todos"

Langabezia da proposamenaren abiapuntua, eta horrekin bukatzea da txostenaren helburua, zaintza lanak partekatu eta bizitza duin bat bermatu asmoz. “Trabajar menos para trabajar todos”, horixe izan zen Herri Batasunak erabiliko zuen leloa eta filosofia. Eta horren azpian, lanaren inguruko kontzeptualizazio zehatza zegoen. Baina aurretik azaldu dugun kontzeptualizazio horrez gain, proposamen zehatzak ere planteatzen ziren, epe motzera begira:

  • · Aparteko lanorduen murrizketa zorrotza, milaka lanpostu sortuz
  • · Lan-jardunaldien murrizketa (zerbitzuetan, eraikuntzan, industrian, nekazaritza eta arrantzan), epe motzean 35 ordura, epe ertainera 32 ordura.
  • · Jubilazioak aurreratzea
  • · Soldata soziala bermatzea langabetu eta baztertu sozialentzat
  • · Errentako etxebizitza soziala bermatzea
  • · Enplegu berrien eta langabetu eta baztertu sozialentzako soldata sozialaren kostu eta finantzaketaren balorazioa

Halako proposamenetan gastuen finantzaketa izan ohi da arazo. Nola konpondu? Gastu horiek hainbat baliabide iturritatik elikatzea proposatzen zen, besteak beste, iruzur fiskalari aurre eginez (Hego Euskal Herrian, 1993ko datuen arabera, 598.490 milioikoa zen); erreforma fiskalaren bidez, gehiago dutenek gehiago ordainduz; Estatuarekiko elkar hartu ekonomikoak berrikusiz… Puntu honetan, proposamena zenbaki zehatzen gainean borobiltzen dela esan behar da, alegia, egingarria eta errealista da, ez da borondate edo intentzio hutsean geratzen.

 

Epe ertaineko alternatiba: nazio eraikuntzan sakondu

Epe ertaineko alternatibak begirada luzeagoa zeukan. Hori osatzeko, lanaren eta aberastasunaren banaketa ardatz hartuz, hainbat neurri eta jarduera proposatzen ditu txostenak, aldaera kultural eta ekologikoak kontuan hartuz, hala nola, Euskal Herriaren gizarte eta produkzio ehunaren koherentzia kontuan hartuz ere. Besteak beste, ondokoak izan ziren planteatutakoak:

  • · Euskal Herriaren antolakuntza ekonomikoa “sektore-arteko zein lurraldearteko fluxuetan produkzioaren koherentzia sustatuko duen politika ekonomikoa garatzea”.
  • · Sektore publikoaren eskuhartzea eta administrazio publikoen jarduketa esparrua. Politika pribatizatzailearen aurka sektore publikoa indartzea gune estrategikoetan (hezkuntzan, industrian…) eskuhartze publikoa sustatuz.
  • · Euskal finantza sektore publikoa sortzea, finantza sektoreak (kutxak) produkzio ehunaren garapenean inplikatuz
  • · Fiskalitatearen eta aurrekontuen norabide berri bat ezartzea, errenten araberako zerga progresiboak ezarriz, eta subiranotasun gero eta handiagoa lortzeko, autonomia fiskal handiagoa lortzeko borroka eginez.
  • · Enplegu politika eragileak bultzatzea, eskuhartze sozial aktiboa sustatuz
  • · Eskuduntza politikoak eskuratzea, euskal gune sozioekonomikoa eta lan harremanetarako bertako gunea sortuz.
  • · Hego Euskal Herriaren nazio eraikuntza eta gizarte aldaketa erdiesteko ezinbestekoak diren ekonomia, lan eta gizarte politikak garatzeko erabateko eskuduntzak lortzea
  • · Nazioartean, CO2 gasaren jalgipenaren, atzerriko monetaren transakzioen eta kapital espekulatzaileen nazioarteko higiduren gaineko zerga sortzea

 

Argazkia. Artxiboa

 

Alternatiba orokorra: garapen sozialerako beste eredu bat

Azken finean, arestian esan dugun bezala, hiru denboralitate barnebiltzen ditu proposamenak. Baina finean, garapen sozialerako beste eredu baten aldeko apustua egiten du Herri Batasunaren proposamenak, garapen ekonomiko eta sozial orekatua hobetsiz. Horrez gain, jarduera ekonomikoari “biosferak ezartzen dizkion mugetatik abiatzea” planteatzen zuen (gaur egun, jada, eztabaidaezina dena), euskarri hartzen duten ekosistemen hondamendi konponezinik eragin gabe. Norabidea, beraz, argia da eta hainbat puntu barnebiltzen ditu:

  • · Energia fosilen (ikatza, petrolioa, gas naturala…) menpekotasunik ez izatea
  • · Produkzio sistemak natura baliabideen eta kutsatzaileen jaurtiketa gutxienekora jaistea
  • · Ekonomia “auto-zentratua” eta orekatua izatea, barne eskakizunari eta merkatu lokalei begirakoa sustatzea
  • · Produktibitatea lanaldi murrizketaren eta komunitatearen garapenaren mesedetara bideratuta egotea.

Helburu orokorra, noski, garapen eredu berri bat da, esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat. Hala nola, epe labur, ertain eta luzera biosfera osasuntsu eta orekatu bat erdiestekoa. “Ekonomia sozialista eta ekologikoa erdiestea den helburu hau, beraz, epe luzera biosfera zaintzearekin parean, gizakiaren premiak eta nahiak ahalik eta berdintasun handienaz asetzeko modurik hoberena da. Bestelako garapen-eredu batetik lortu beharreko helburuak zehaztu eta ezaugarriak adieraz ditzakegu ikuspegi honetatik. Garapen ekonomiko eta sozialeko eredu hori, gure iritziz, izaeraren araberako ekonomia eta garapen bati begira zuzentzen da: honek guztiak, elkarri loturiko alderdi ekonomiko, ekologiko, kultural. sozial eta politikoak kontuan hartzea agintzen du. Honela laguntzen da izaera komunitarioko garapen sozial bat indartsu izan dadin, alderdi ekonomiko hutsei, euskal dinamika kolektiboak inplikatzen dituen gainontzeko izariak lotuz.”

 

«Herri Batasunak planteatutako hainbat proposamen gaur eztabaidaezinak dira eta Europako ezker eraldatzailean zein sozialdemokrazian planteamendu ardatzak izaten ari dira.»

 

Azken oharra

Bi hamarkada baino zertxobait gehiago pasa da Herri Batasunak planteamendu hau egin zuenetik. Garaian statu quo-a kudeatzen zuten alderdi eta eragile nagusiek hartutako bidea, ordea, bestelakoa izan zen. Eta de aquellos polvos, estos lodos. Herri Batasunak planteatutako hainbat proposamen gaur eztabaidaezinak dira eta Europako ezker eraldatzailean zein sozialdemokrazian planteamendu ardatzak izaten ari dira, eskuhartze publikoa edo lanaldi murrizketa kasu. Gure esku egongo da, berriz ere, gaurko egoera iraultzeko proposamen taktikoak, zehatzak eta norabide eraldatzailea eztabaida sozialaren zentroan jartzea.