ERREPORTAJEAK

Ibon Meñika

Sortuko Herrigintzako ordezkaria

Guernica Gernikara. Aspalditik gatoz, urrutira goaz

2021-09-01


Argazkia. "Guernica"ren murala Gernikan bertan.
 

Belako, aspaldi gertuen egondako Euskal Herria

2017an 80 urte betetzen ziren faxismoak Gernika bonbardatu zuela. “Suena Guernica” izeneko iniziatiba bat martxan jarri zuen RTVEk, Radio3n bidez (ikus)entzungai;  sona handiko estatu espainiarreko-Latino Ameriketako musika talde ugari Madrileko Reina Sofia museoan duten Guernica koadroaren aurrean akustikoan jotzen, margolanaren 80.urteurrena gogoratzeko: Vetusta Morla, Rosalia, Jorge Drexler, Albert Plá, Amaral...baita Belako talde mungiarra ere.

Mailaz, parekoa da haien herriko auzo bereko izena duen musika taldea, zalantzarik gabe. Nazioartean entzunak egitea lortu du haien estilo propioarekin Belakok.  20 Km eskasetara daude Mungia eta Gernika, eta biak ala biak jazarriak izan ziren 1936 gerrak iraun zuen bitartean; baita inguruko herriak ere: Gamiz-Fika, Larrabetzu, Maruri-Jatabe, Bakio, Bermeo, Muxika...tiroek eta bonbek herriak suntsitu, eta herritarrak akatzea zuten helburu, eta askotan lortu zituzten haien asmo zitalak.

“Two faced simulation” izeneko kanta jo zuen Belakok; bi aurpegidun simulazioa, itzul daitekeena. Doinu etengabea, ahots sarkorra... sarraskia oroitarazten duen artelanaren aurrean. Erabat konektatuak. Anekdotikoa izan daiteke, ala ez... baina segurtasun militarrik gabe, aspaldi koadrotik  gertuen egondako euskal herritarrak bihurtu ziren laukotea, oharkabean.

 

Agirre lehendakaria, Parisen

Honoko hau izan daiteke lehen eszenaratzea, eta bakanetarikoa: Jose Antonio Agirre lehendakariak eta hainbat ordezkari politikok argazkia atera zuten bere aurrean, 1937an, Parisen, esan nahiez beteriko irudia proiektatuz hain testuinguru konplexuan.

Polemika interesatu eta simulatuak bultzatu izan dira Agirre lehendakaria eta Guernica-ren inguruan: aukera edukita Euskal Herriratzeari uko egin izana aipatuta. Sinestezina da berau pentsatzea, garaira egokiturik, indar abertzale eta aurrerakoien aliantzan oinarrituriko euskal gobernuak izandako hautu politiko eta norabidearekin. Eta denbora bada poligrafo bakarra....are gehiago.  

Pariseko lehen erakusketatik (1937ko uztailaren 12an) 40 joan-etorri izan ditu AEB eta Europako hainbat herrialdeetan barrena, baina batek ere ez du euskal lurraldea ukitu. Gure herririk sinbolikoenaren izena daraman artelanak gure drama ezer baino hobeto islatzen badu ere.

Hartara, 1981.eko  irailaren 10ean  New York.eko MoMA museotik Madrilera eraman zuten; aurrena Buen Retiroko etxetzarrera, eta, gerora, -eta orduz geroztik gatibu bertan dutelarik-, Reina Sofia museora.  40 urte, beraz, Madrilen dutela.

Azken honek, aipamen berezia merezi du. Izan ere, 1992. urteaz geroztik Reina Sofia izeneko museo batera mugitu izanak, eta hamarkadetan bertan mantentzeak, sinbolismoaz harago, erregimen monarkikoa, borbondarrak, eta Franco-ren oinordetza bere horretan bizirauteko adibide garbia baino ez delako, espainartasunaren urte berezi batean iritsia, gainera;  zein eduki bertan eta herri baten suntsiketa adierazten duen euskal guda pieza bat! Spanish style urrunetik dator...

 

Artea gerra arma bat da

1945.urtean Picassok berak adierazi zuen, elkarrizketa batean, zein esan nahia politikoa duen artelan unibertsal batek, boterearentzat: ...”la pintura no se hace para decorar pisos. Es un instrumento de guerra para atacar y defenderse del enemigo”. Artea gerra arma bat da, beraz.

1981.an Guernica koadroa Madrilera heldu izana ezin da orduko estatu espainiarren testuingurutik aldendu. Urte hartako otsailean gertaturikoak nahiko paradigmatikotzat uler daitezke, garaian kokatzeko: Espainiar erregeek Gernikako juntetxera bidaiatu zuten ofizialki lehenengoz, eta HBko diputatuek, poliziaren kolpeen artean, eusko gudariak abestu zuten haien aurrean; Ryan Lemoizeko zentral nuklearreko ingeniariaren bahiketa, eta aste batera hilketa, ETAren eskutik; Joseba Arregiren hilketa jasandako tortura basatien ondorioz; Tejero guardia zibilaren bidez Espainiar kongresuan egindako asaltoa eta estatu kolpe-militar saiakera. Zalantzarik gabe, zapalketa nazionalaren aurrean gerra logikak zentralitate nagusia zuen garaia zen.

 

1981.an Guernica koadroa Madrilera heldu izana ezin da orduko estatu espainiarren testuingurutik aldendu

 

Zergatik Guernica ? Zertarako?  

Picassok berak esana zuen koadroa ezin zitzaiola estatu espainiarrera itzuli harik eta errepublika onartua izan-berrezarria izan, edo demokrazia ezarri arte. Beraz, koadroa Madrilera eramateak aditzera ematen zuen demokrazia egon bazegoela, horrek zeukan garrantzia ideologiko-politiko guztiarekin. Hor dago muina.

Karmelo Landa Mendibe (Ea, 1952) historialaria, irakaslea eta militanteak zientifikoki, ideologikoki eta politikoki sakon aztertu du gaia:

Gernikak jarraitzen du, Landaren esanetan, subertsioa izaten Espainiako estatuarentzat. Ezin dute ontzat eman Gernikako bonbardaketaren egia ateratzea, gaur egun ezagutzen dugun estatu espainiarraren ekintza fundazionala bilakatu zelako. Hau da, ezin dute onartu Gernika estatu gertaera fundazionala izan zela estatua bera zalantzan jarri gabe.

Landak ondorioztatzen du estatu espainiarrak legitimazio arazo larria zuela nazioarteko komunitatearen aurrean; frankismoarekin ez zuelako apurtu. Trantsizioa deituriko prozesuan murgildurik, Europar Batasunean onartua izateko bermeak behar zituen, nazioartearen label demokratikoa eskuratzeko. Tartean, Picassoren Guernica Madrilera eramateko estatu operazioak, munduaren aurrean, adierazpidea bihurtu zen. Espainiar estatuaren demokratizazio prozesua amaitzeko ekinbide sinbolikoa bihurtu zuten, funtsean.

Ez diogu guk soilik; Carmen Calvok, orduan Zapateroren Gobernuaren Kultura Ministroak- eta orain gutxi arte gaurko espainiar gobernukide izandakoak-, gure herrian, 2007an, Picassoren margoari buruz antolatutako erakusketaren katalagoan zioen bezala (ez disimulu ez simulaziorik hemen):

“En 1981 llegaron a España el Guernica de Pablo Picasso y sus bocetos preparatorios. La excepcional pintura se convertiría en un icono de la recuperación de las libertades y en un símbolo de la transición política española”.

Hau da orduko argazkia: Espainiar bandera, guardia zibila metrailetarekin zaindari, eta Guernica Madrilen. No hay más preguntas, señoría.

 

Guernica Gernikara

Euskal Herriak bere aldarrikapen propioei eutsi die, historian zehar. Baita koadro honek ordezkatzen duen zioari helduta.

Izan ere, 1976.urteko apirilean, ofizialki eta publikoki aurkeztu zen jendaurrean (lehenagotik antolatua bazegoen ere) Gernikako bonbardaketa pairatu zuten hainbat lekukoekin batera -ordu arte ezinezkoa zen frankismo erregimenagatik- agerraldi publikoa eginez Euskal Herriko prentsa eta nazioarteko hainbaten aurrean, Gernikaren bonbardaketarako batzorde ikertzailea. Gerora, izena laburtu zen (1987ko 50.urteurreneko ekimena eta gero) gaurdaino heldu den Gernika Batzordea izatera.

Oraindik orain gaurkotasuna eta zentzu politiko eta soziala duten aldarrikapenen abiapuntua bihurtu zen ekimena. Izan ere, Gernika Batzordearen lehen eginkizuna gezur ofiziala biluztea izan zen, eta hiru aldarrikapen nagusi barnebiltzen zituen manifestua kaleratu zuen:

 

  • ► Bonbardaketaren aitortza historikoa eta erantzukizunen exijentzia.
  • ► Gernika-Lumo kultura eta bakearen hiria izendatzea.
  • ► Picassoren Guernica koadroa Gernikara ekartzea (Guernica Gernikara).

 

Urteetan dinamika sozial, artistiko, politiko eta instituzional ugari antolatu ziren herri aldarrikapena bihurtzeraino. Aitzitik, 1987.urtean, bonbardaketaren 50.urteurrenaren karira eta Gernika 37-87 herri batzordearen osaketaren testuinguruan, pausu bat harago eman zen. Urte hartako apirilaren 11an, Guernica Buen Retiroko etxetzarrean zegoela, batzordeko hamazazpi kide kateatu egin ziren han (bakoitzak leloaren hizki bana zeramala), zortzi ordu luzez, Guernica Gernikara eta artxibo militarrak zabaltzeko lau haizetara eskatuz, eta oihartzun handia eskuratu zuten.

 

Argazkia. "Guernica" etxeratzearen aldeko manifestazioa. [Gernika Batzordea 37-87]

 

40 urte eta gero, 2021.ko iraileko Euskal Herritik egokia-beharrezkoa da Guernica Gernikara aldarrikatzea?

Bistan da gure ustez baietz. Haatik, hausnarketa eta debatea bultzatu nahian, zenbait gogoeta marrazten saiatuko gara:

 

  • ► Estatu afera bat da, Euskal Herriaren askatasunarekin lotura duen guztiak bezalaxe. Adolfo Suarez-en gobernuak Madrilera leku aldatzea bultzatu zuenetik,  PSOE-PPren gobernu ezberdinak (eta gaurko PSOE-Unidas Podemos koalizio-gobernua ere) Guernica koadroa Madrilen monarkiapeko erregimen batean, Gernikaren bonbardaketaren aitortza ofizialik gabe (EHBilduk espainiar senatuan aurtengo apirilean aurkezturiko iniziatiba instituzionalean erantzun gisa jaso bezala) mantentzeko aktiboak izan dira, eta badira. Beraz, Guernica Gernikan egotea aldarrikatzea gure herria (eta bere historia) libreki eraikitzeko aldarria borrokatzea da. Euskal errepublika Guernica koadroak leku zentral bat izanda jaioko da. Ziur gaude.

 

  • ► Guernicak duen esan nahia desitxuratzen edo esan nahiez aldatzen saiatu dira historikoki; izena bera kuestionatzetik hasita, bere jatorritik aldentzeko munduko injustizia globalen lekukotza dela deskribatzera, edota, margolana hondatzeko beldur, teknikoki mugitzeko zailtasunak daudela argudiatzeraino.

 

  • ► Arrazoi ekonomikoa hor dago ere: 2019an Reina Sofia museoak 4.425.699 bisitari izan zituen (aurreko urtean baino %12 gehiago); eta 2020an, pandemia global baten testuinguruan, 1.248.48 bisitari (presentzialak). Datuen iturria museoa bera da. Beste gainontzeko galeria, erakusketa eta obrak gutxietsi barik, agerikoa da Guernica  turismo-ekonomia traktorea dela. Zentzu horretan, debate zahar-berri bat eratorri zaigu, azken garaietan, Urdaibai Guggenheim posiblearekin, eta bertan Guernica koadroaren etxeratze iragarpen xelebreekin. Biosfera, ingurugiroa, lurralde antolaketa, turismo eredua, azpiegiturak, sistema produktiboa, kultura merkantilizazioa, jendartearen parte-hartzea etab luze bat herri-eskaera zabal batekin nahita nahastuz. Beste egun baterako etxeko eztabaida.

 

  • ► Inongo momentuan ez gara pintorearen figuran zentratu. Ezta zentratuko. Are gehiago, pertsonaia polemikoa izan zen, hainbat jokabidek kritika eskatzen dutenak. Sinboloa unibertsala da, egiletzatik aldendua, eta bere balio kultural-sinbolikoak du zentzua.

 

  • ► Guernica une historiko anitzetan aldarri askoren irudi unibertsal-potentea izan da -gaur egun ere bada- eta estatu espainiarrak ezin du onartu Euskal Herriak  borroka horiekin bat egitea eta indarturik ateratzea. Adibide batzuk jar ditzagun, lagin gisa:

 

*Herrien autodeterminazio eskaera ugari Guernica koadroa, edo bere bertsio anitzekin, ordezkatua izan da, eta bada gaur egun: Sahara, Rif, Kurdistan, Katalunia, Palestina, Colombia, Irlanda....

*Justizia soziala eskuratzeko ikonoa: errefuxiatuen eskubideak, ikasle mugimenduaren protestak, gaztetxeen okupazioak, mugimendu feministak, antifaxismoak, adierazpen askatasuna, presoen kaleratze eskaerak, armagintzaren eta gerren aurkako oihua... atzoko eta gaurko borroka ugarik uneren batean haien aldarria Guernicarekin ordezkatzen dute mundu osoan. Ikono garaikidea da.

*Ezaguna da 2003ko urtarrilaren 27an, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren atarian dagoen Guernica koadroa tela urdin batez estali zutela. Egun batzuk geroago, Colin Powell AEBetako Estatu idazkariak Irakeko gerrari buruzko azalpenak eman zituen bertan. Guernicak yankeeak lotsarazi zituen, uneren batean bederen....

Nahi edo nahi ez, Guernica koadroak munduan kokatzen gaitu. Geure buruei galde diezaiegun zertarako, nola, norekin; gure aurkako sarraskitik, eta gerra arma erabileratik bizirik atera gara, ez diezaiogun inongo zapaltzaileri bere balio politiko, sozial, kultural eta historikoa inongo zapalduen aurka erabiltzen utzi. Arduragabekeria izateaz gain, barkaezina litzateke.

 

Gernikaren indarra askatasuna, bakea eta justiziaren alde

Gernika euskaldunon bilgune garrantzitsua da. Mendeetatik datorrena: Guernica baino lehenago, Gernika bazegoen; baginen. Gure herriaren esan nahi sinbolikoaren ezaugarriak askoz harago doaz. Gure historiaren, gure memoriaren guneetako bat da Gernika, elkartasunaren bidez, mundura zabaldu nahi duguna, mundua gurera ere ekarriz. Bitartekaririk gabe.

Errealitate guztiek dituzte bi alde, bi aurpegi, gutxienez. Errelatoek, narratibek, epikek eta hegemoniek euskarri sinbolikoak behar dituzte. Sinboloak sortu, aukeratu eta bultzatu egiten dira, noski, baina ez dute maila gorena lortzen pertsonon barruak eta asmoak  astintzen ez badituzte. Gernika suntsitu zuen faxismoak, eta bere bidez euskal identitatea zapuztu nahi izan zuten. Ez zuten lortu. Hemen gaude. Borroka zirraragarria izan daiteke, emankorra, amultsua, gurea: herri egiten gaituena. 

 

                                                 Aspalditik gatoz, urrutira goaz.

 

 

Bibliografia

  • “Guernica Gernikara. Herri baten aldarrikapena” liburua, Gernika-Lumoko kultur etxea- Busturialdeko hedabideak, 2010. Erredaktoreak: Oihana Cabello, Gorane Barrenetxea, Maite Orue.
  • “Gernikaren Egiak” liburua. Gite-Ipes, Bilbo 2017 (www.ipes.eus). Oihana Cabellok Karmelo Landari egindako elkarrizketa-atala.
  • Josu Barandika eta Iñaki O’shearen lekukotzak eta dokumentazioa.
  • Gernika Batzordearen artxiboa ( https://guernicagernikara.eus/gernika-batzordearen-artxiboa/ ).
  • Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren informazioa (www.guernicagernikara.eus).