ERREPORTAJEAK

Xabi Luke Astigarraga

Ingeniaria

Fentaniloa, osasunaren merkantilizazioa

2023-06-05

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) gizartea opioideen menpekotasun krisi betean dago. Covid-19aren epidemiak azken urteetan estaltzea lortu badu ere, gero eta gehiago dira Europara eta Euskal Herrira krisi honi buruz iristen diren berriak. Albistegiek foko nagusia fentanilo izeneko opioidean ezarri dute: sustantzia honek dituen efektu hilgarriak nabarmentzen dira, sortzen duen menpekotasun handiaz hitz egiten da, eta nola medikuntzan erabili arren droga trafikoan protagonismoa hartu duen azken urteetan.


Argazkia. Unsplash / Randy Laybourne

 

Egunkariek diote fentaniloaren efektuak heroinarenak baino askoz bortitzagoak direla eta pilulak narkoaren laborategi klandestinoetan fabrikatzen direla. AEBtako gizartea gogor kolpatzen ari den epidemia ezagutzen hasi garen honetan, informazioaren muina epidemia honen ezaugarriak aztertzera bideratzen ari da, opioideen menpekotasun datuetatik hasita, fentanilo gaindosiak hildako pertsonen datu izugarrietara. Ezbairik gabe ezinbesteko informazioa da gertatzen ari dena azaltzeko, baina ezer edo oso gutxi ageri da epidemia egoerara iristeko honen jatorrian izan diren kausen inguruan. Drogomenpekotasun arazoaz hitz egiten da, eta marko horretatik azaltzen dira arestian aipatutako datu eta adibideak. Horiek guztiak egiazkoak eta larriak badira ere, epidemiaren sorreraren arrazoiak erabat bigarren planoan gelditzen ari dira, zuzenean planotik kanpo uzten ez direnean.

Epidemia hau gizakiak sortu du, baina ez da menpekotasuna garatu duten kontsumitzaileek eragindakoa izan, nahiz eta aurrez aipatutako markoak ideia hori indartzen duen. Oro har, komunikabideen diskurtso nagusia honela laburtu daiteke: fentaniloa menpekotasuna erraz eragiten duen sustantzia izanik kontsumitzaileak azkar “engantxatzen” dira, eta askok gaindosiak jasaten dituzte sustantziaren hilkortasuna handia delako. Kontakizun horrek 80. hamarkadan heroinak eragindako sarraskiaren antza hartzen du, baina mende erdi geroago AEBtako opioideen krisiak itxuraz antzekotasunak baditu ere, dituen ondorio latzetan batez ere, sorburu eta hedapen-egitura ezberdina duela baieztatu da. Hori dela eta, beharrezkoa da kontakizunaren markoa aldatzea, sustantzia epizentrotik aldenduz, eta bere kontsumoa modu masiboan bultzatu duten faktoreak erdigunera ekarriz.

 

«Beharrezkoa da kontakizunaren markoa aldatzea, sustantzia epizentrotik aldenduz, eta bere kontsumoa modu masiboan bultzatu duten faktoreak erdigunera ekarriz»

 

Empire of Pain liburuan Patrick Radden Keefe idazleak egindako azterketa sakonak adierazten duen gisan, opioideen epidemiaren jatorrian; batetik, farmazia enpresari-familia baten dirugosea eta jokabide etiko zein legalen gainetik negozioa egiteko anbizio gupidagabea dago; eta bestetik, osasunaren merkantilizazioak ahalbidetu duen salmenta eta menpekotasunaren hedapen basatia, egoera osasun arazo nazional bihurtzeko faktore garrantzitsuena izan dena. AEBtako gizartea kalean fentaniloak eragindako gaindosi datu beldurgarrietara nola iritsi den labur azaltzea erraza ez bada ere, Radden Keefek zorrotz azaltzen duen bi hamarkadetako ibilbidearen ideia nagusiak honela laburtzen dira.

Lehenik, Purdue Pharma farmazeutikak opioide pilula indartsu bat (Oxycontin) patentatu zuen (Morfinaren baliokidea izanik, efektuetan berritasun handirik ez zekarren patente honek). Bigarrenik, farmazeutikak pilula horren lege erregulazioa aldatzea lortu zuen (korrupzioa erabilita horretarako). Aldaketa horrek, medikuek pilulak errezeta zitzaten balizko arrazoiak ugaritu zituen, aurrez opioideak soilik kasu terminaletan errezetatzen baziren, erregulazioa aldatu ondoren minak (orokorrean) lasaitzeko pilula gisa erabiltzea baimendu zen. Hirugarrenik, farmazeutikak marketing kanpaina izugarria abiatu zuen. Helburua medikuek opioideak errezetatzeko zituzten erresistentziak gainditzea zen, eta mediku orok Oxycontin mina (belauneko mina edo bizkarreko mina adibidez) jasaten zuen edonori eguneroko erabilerarako errezetatzea. Kanpainaren argumentu nagusia zen opioideek ez zutela menpekotasunik sortzen, nahiz eta farmaziaren jabeak lehen unetik jakitun ziren Oxycontin oso adiktiboa zela.

 

«Farmazeutikak pilula horren lege erregulazioa aldatzea lortu zuen, horrela, medikuek pilulak errezeta zitzaten balizko arrazoiak ugaritu zituen, aurrez opioideak soilik kasu terminaletan errezetatzen baziren, erregulazioa aldatu ondoren minak (orokorrean) lasaitzeko pilula gisa erabiltzea baimendu zen»

 

Azkenik, gurpila martxan jarri zen: Purdue Pharma pilulak hornitzen hasi zen, medikuak errezetatzeari ekin zioten, eta askotariko minak zituzten pertsonak Oxycontin kontsumitzen eta menpekotasuna garatzen hasi ziren. Eta ziklo hau autoelikatzen hasi zen, gero eta pilula gehiago behar ziren (gero eta kontzentrazio maila handiagokoak) eta Purdue Pharma gehiago produzitzen hasi zen (etekin ikaragarriak lortuz). Sekulako hedapena izan zuen urte gutxian, eta adibide bat besterik ez da behar egoeraren dimentsioa ulertzeko. Hiri baten mediku batek soilik Oxycontin errezetatzen zituen kontsulta bat zabaltzea nahikoa zuen negozioaren (ezin baitzaio honi osasun zerbitzu deitu) atean pilulak lortu nahi zituzten herritarren ilara luzeak sortzeko. Egoera surrealista honetan Purdue Pharmaren jabeak, Sackler familiak, AEBtako familia-aberatsenen zerrendara egin zuen salto.

Hortaz, hogei urtetan zehar pilularen patenteari esker monopolioko erregimenean funtzionatu zuen salmentak; produktorea bakarra zen bainaa beste aldean milioika pertsona ziren menpekotasunaren sarean erori eta irteteko zinez zaila den auto-kontsumo zurrunbilo batean murgildu zirenak. Farmazeutikaren amaiera hainbat eta hainbat kontsumitzailek egindako hamaika salaketen ondorioz iritsi zen eta bide luze baten ondoren epaile batek azkenean kontsumitzaileei arrazoi eman zien. Indemnizazioak ordaindu baziren ere, epaiak ez zuen eragin justiziatzat har daitekeen emaitzarik ezta Slacker familiak urteetan metatutako aberastasuna kolokan jartzea. Aldiz, pilularen erregulazioa aldatzea ekarri zuen eta bere salmenta baldintzatu zuen ordutik aurrera.

 

Argazkia. Wikipedia Commons / Fentaniloaren medikazioa

 

Opioideen epidemiaren ibilbideko inflexio puntu nagusia izan daiteke hori. Zergatik? Sekulako eskaera (menpekotasuna duten pertsona kopuru handia zegoelako jadanik) zegoen une batean, pilula-salmentaren erregulazioa aldatzeak milioika pertsona pilulak erosteko aukera gabe utzi zituen, eta esan bezala, opioideen menpekotasuna ez da erraz gainditzen, noski merkatuan operatzen zuten agenteak abagunearen kontziente ziren. Hori dela eta, eskari izugarri hori asetuko zuen opiodun sustantzia sartu zen ekuazioan: fentaniloa.

Medikuntzan erabilera zehatza badu ere (Euskal Herrian ere), fentaniloa Oxycontinaren urte luzeko merkaturatze arduragabe batek eragindako eskari izugarria asetzeko erabiltzen ari da gaur egun AEBtan. Jakina denez, fentaniloa beste sustantzia batzuekin nahastuta merkatu ilegaletan saltzen da, ondorio lazgarriak eraginez; baina bere desagerpenak (hori posible balitz) ez du menpekotasunaren arazoa konponduko, Oxycontinaren erregulazioak ekarri ez zuen gisan, menpekotasunak hor dirauelako. Legez erregulatutako merkatua (kapitalen mesederako, baina erregulatua), legez kanpo jarduten duen beste merkatu batengatik aldatu da, besterik ez, salbu, kontsumitzaileentzat arriskuak areagotu direla, gaindosi datuen bilakaera ikustea besterik ez dago horretarako.

San Frantziskoko kaleetan ez litzake fentanilo gaindosiaz hildako pertsonarik egongo ez balitz kapitalaren interesen alde erregulatutako industria farmazeutikoagatik. Medikuek ez lituzkete Oxycontin pilulak errezetatuko trukean sekulako irabazi ekonomikoak izango ez balituzte. Eta paziente batek bizkarreko mina arintzeko ez lituzke Oxycontin pilulak erosiko, sendatzeko beharrezkoa zitzaion operazioagatik 60.000$ ordaindu behar izango ez balitu.

 

«San Frantziskoko kaleetan ez litzake fentanilo gaindosiaz hildako pertsonarik egongo ez balitz kapitalaren interesen alde erregulatutako industria farmazeutikoagatik»

 

Ondorioz, une honetan AEBtako arazoa dena Euskal Herrian arazo ez bihurtzeko kontua ez da fentaniloaren gaitzespena egitea gazteek beste droga baten gisan har ez dezaten, nahiz eta bere efektuez informatzea ez dagoen soberan. Industriak fentaniloaz hitz egin dezagun nahi du, baina fokoa aldatu beharra dago. Euskal Herrian etor daitekeen opioideen krisiaz hitz egin ez dezagun, hitz egin dezagun herritarren osasunaren mesedetara erregulatuko den industria farmazeutikoa sortzearen beharraz. Jar dezagun jo puntuan osasungintzaren pribatizaziorako estrategia, beste batzuen artean, medikuek erabakiak soilik irizpide profesionalak erabilita har ditzaten, irizpide ekonomikoak haien erabakietan lekurik izan ez dezan. Heldu diezaiogun patenteen gaiari, laburtuz, kapitala esku gutxitan pilatzen jarraitzea ala sendagaien unibertsalizaziorako patente irekiak sortzea?

Jar dezagun fokoa osasunaren merkantilizazioan, jadanik Euskal Herrian ere hasia den osasungintzaren krisia epidemia bihurtu ez dadin.