Argazkia: Flickr, CC BY 2.0. Margaret Thatcher Moskun 1987an, Gorbachovekin akordioa sinatu ostean hatzak gurutzatzen.
HISTORIAREN IRAKASPENAK. KOMINTERN-AREN HIRUGARREN PERIODOA
Urte batzuk aurretik, 1917- 1921 artean, Errusian, krisi ekonomikoaren eta baldintza iraultzaileen arteko korrelazioa egina zen. Baina ez zen territorio guztietarako baliagarria, Leninek ohartarazi zuenez. 1921eko uztailean hirugarren internazionalean emandako hitzartze batean, mendebaldeko Europarako estrategia diferentzial baten garrantzia aipatu zuen, Errusiarekin kontrastean. 1917ko garaipenak baldintza batzuk zituen, haren ustez: langileen gehiengoa haien alde zegoen, ejertzitoaren erdia (10 milioiren erdia) boterea hartu bezain laster haien alde jarri zen, eta nekazarien gehiengo nagusi bat ere haien alde zegoen. Mendebaldean halako prozesu bat kopiatzea erridikulutzat jo zuen, baldintzak guztiz bestelakoak zirelako. Leninen hitzetan, mendebaldean jendartea irabazi beharra zegoen lehenik, edozein botere lortzeko asmok arrakasta izateko.
1929an Komintern-aren hirugarren aldiaz ezagutzen dena jarri zen martxan, premisa argi batekin: kapitalismo mundialaren krisi berehalako katastrofikoa zetorren, eta koiuntura iraultzailea irekitzen zen. Finean, Komintern-aren VI. kongresuak bide abenturista proposatu zuen, iraultzarako koiuntura emana zegoela aldarrikatuz. 1929ko depresio handiak irakurketa mekanizista eta ekonomizista hori handitzen lagundu zuen, krisi latza ekarri baitzuen: produkzio industrialaren jaitsiera, nazioarteko merkataritzaren etetea, demokraziaren okertzea, eta azken buruan, Bigarren Mundu Gerraren hasiera. Ondorengo historia badakigu.
Irakurketa horrek axioma argi batzuk ekarri zituen: faxismoaren eta sozialdemokraziaren banaezintasuna eta diktadura polizialen eta demokrazia burgesen ekibalentzia, esaterako. Alegia, alderdi komunisten “eskuinera” zegoen guztia bilakatu zen etsai nagusi, faxismoarekin parekatu zirelarik, Italian zein Alemanian. Klasea klasearen kontrako printzipioan oinarritutako estrategia abiatu zuten, “iraultza oztopatzen” ari ziren horien kontra joan behar zela argudiatuta. Ultraezkertiartasun mozkorraldi betean sartu zen Internazional komunista. Italian bertan PCIk momentu iraultzaile batean zeudela aldarrikatu zuen, eta erbestean haiekin zeuden lagun sozialistak etsaitzat eta faxismoaren agentetzat jo zituen.
Apustu taktiko oker horren ondorioak hondamendia izan ziren langile mugimenduarentzat, langileriaren zatiketa eta faxismoaren gorakada ekarri baitzuten.
Komintern-ek zuzenduko zuen ildo hura beranduago, hautu hori okerra zela onartuz, eta fronte popularraren estrategiara bueltatuz (aurrekoa estrategia zein koiuntura azterketa estatikoa baztertuz): baina ordurako beranduegi izango zen.
GRAMSCIREN IRAKURKETA
Irudia: Wikimedia Commons. Antonio Gramsci, PCIren sortzaileetakoa. Bere kartzelako gutunetan fronte bakarraren aldeko argudioetan jarri zuen indarra.
Apustu eta estrategia politikoak egiterako orduan, momentu politikoa irakurtzen eta indarrak neurtzen jakin behar dela adierazten du aurreko esperientziak. Praktika iraultzaileek, arrakasta izan dutenek ere, baldintza espazial, kultural, tenporal konkretuak behar dituztela, leku baterako bai, baina bestetarako balio ez dutenak. Leninek argi zeukan aurrekoa, eta Gramscik bat egingo zuen horrekin. Bere Kartzelako Gutunak (Katakrak, 2021) idazkietan, frente bakarraren ideiari jarritako enfasiak jarrera mekanizisten arriskuari erantzuten zion.
Leninek lehenik, Gramscik ondoren, ekialderako balio zuen eskemak mendebalderako balio ez zuelako ideia errepikatu zuten, behin eta berriz. Ezin zen pentsatu jendarteak ideia burgesak abandonatuko zituenik, edo faxismoaren kontrako iraultzarako prest zegoenik goizetik gauera; ezin zen pentsatu klase batasuna (garaiko terminologian) komunista, sozialista zein sozialdemokraten paktuekin erdietsi ezin zitekeenik. Hain zuzen, Leninek Ezkertiartasunaren gaixotasun infantila komunismoan liburuan garatuko zituen ideia horiek. Posizioen gerrak, hortaz, frente bakarra eratzea eskatzen zuen, lan ideologiko eta politiko sakona egitearekin batera, jendartean eta harekin batera, sektarismoetatik urrun.
Leninen hitzetan, mendebaldean jendartea irabazi beharra zegoen lehenik.
Gramsciren teorian, hortaz, horizonte espazial eta tenporal egokiak kontuan hartzeak izan zuen garrantzia, bi zentzutan. Batetik, mendebaldeko Europa hartu zuen kontuan, eta bestetik, 1921 ondorengo gerraosteko garaia izan zen bere erreferentzia tenporala, ez depresio handiaren osteko garai iluna soilik. Hortik abiatuta, Gramscik posizioen gerraren teoria garatu zuen, garai eta geografia oso baterako baliagarria izango zena. Oinarrian, iraultza egiteko hegemoniaren beharraz mintzatuko zen, iraultza soziala iraultza moral eta intelektualaren eskutik etorri behar zela aldarrikatuz, herriarekin eta herriarentzako egina. Beste iraultza asmoak, porrotera kondenatutako saiakerak ziren, faxismoari alfonbra gorria.
Finean, Gramsciren ideia sinplea zen: Europako mendebaldean estatuaren eta jendarte zibilaren harremana aldatu egin zen, jendarte zibila indartsuagoa eta antolatuagoa izanik; estrategiak, beraz, posiziozkoak bilakatu behar ziren, tenporalitatea aldatuz. Ondoren etorriko zen neoliberalismoak, hain zuzen, jendartearen zentzu komunetan inprimatuko zituen bere zutabeak izango ziren ideia nagusiak; eta hori izango zen, eta da, batez ere, XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako neoliberalismoaren lubaki garrantzitsuena; jendartearen ideiak eta iruditeria.
NEOLIBERALISMOAREN GAURKO ERREGIMENAK
Neoliberalismoa aurpegi anitzeko hydra herensugea da (ikus, Floren Aoiz, Mamuari so), munduan lehen aldiz globala bilakatu den mundu-sistema. Hainbat teoriko sozial marxistek neoliberalismoa erregimen ekonomiko soil gisa ezaugarritu ohi dute, kapital global eta lokal finantzarioek desjabetze bidezko akumulazio logika harrapari etengabean dabilen sistema bezala. Hori bada, baina hori baino askoz gehiago da. Izan ere, neoliberalismoa erregimen sinboliko bat da, Margaret Tatcherrek ederki azpimarratu bezala, “economics are the method. The object is the change of soul”. Alegia, ekonomia metodoa da, helburua jendartearen arima (iritzia, zentzu komuna) eskuetan izatea da. Edo bestela esanda, jendea menperatzeko haien borondatea alde izatea ezinbestekoa da.
Ekonomia metodoa da, helburua jendartearen arima (iritzia, zentzu komuna) eskuetan izatea da.
Esan ohi da kapitalismoak krisi globaletan bere burua berrasmatzeko abilezia erakusten duela, behin eta berriz. Eta halaxe da, ez du inor harritzen dagoeneko. Garai hauetan orientatzea zaila da, izan ere, bizkortze orokor bat bizi dugu, geopolitikoa, ekonomikoa eta kulturala. Azkartze hau, ordea, neoliberalismoaren eta globalizazioaren azken hamarkadetako norabidean kokatu behar da. Demokraziaren pribatizazioa, larrialdi klimatikoaren azkartze esponentziala, globalizazioaren kaltea, zaintza eta migrazio krisiak, mundu ordena zaharraren aldaketa geopolitiko ezegonkorrak, autoritarismoaren gorakada, prekarietatearena…
Azken hamarkadatan, neoliberalismoak narratiba indartsu bat sortu du, aurpegi anitzekoa. Sinbolikoa eta tenporala da, eta deskontu tenporalaren tasan oinarritzen da (orainari balio erabatekoa emanez); espaziala da, territoriala eta interterritoriala, bi botere logika ustez kontraesankorrak konbinatzen dituena, lehenean estatu batek lurralde batean duen hegemonia aplikatuz (beste estatuen zein barne indar “desestabilizatzaileen” kontra), eta bigarrenean, botere ekonomikoaren eliteek bultzatua, estatuen gainetik operatzen duten oligarkia global ekonomikoen interesetara; arraziala eta eurozentrikoa da, azken hau agortzen ari delarik; patriarkala da, lanaren banaketa sexualean oinarritua dago; narratiba ekonomiko nagusi bat dauka, merkatu askatasunean oinarritua; globalizatzaile eta uniformizatzailea ere bada, hizkuntza eta balio jakin batzuen globalizazioan eta “gutxiengo” linguistiko eta kulturalen suntsipenean oinarritua baitago. Azken ezaugarri guzti horiek (globalizazioa eta uniformitatea, arrazakeria, patriarkatua, demokraziaren pribatizazioa eta geratzen den “ongizate estatuaren” eraispena, denboralitate bizkorra, botere territorializatu hegemonikoa) neoliberalismoaren oinarriak dira.
Inportantea da neoliberalismoaren aurpegi anitzak ongi definitzea, ezkerra inongo irakurketa esentzialista edo murriztagarrietan ez erortzeko.
Izan ere, ezkerrean tentaldia izan ohi da giza estruktura sozial eta ekonomikoaren argazki finkoaren bila joatea, halaber, jendartearen egitura afektibo eta ideologikoak bigarren maila batean uztea, elkarri batuta dauden esfera ideologikoa eta materiala bereiztuz. Eztabaida zaharra baita, zer den lehenago, arrautza ala oiloa. Baina planteamendu hori erabat kamutsa da, neoliberalismoa praktika diskurtsibo konplexu bat delako, esan bezala.
NEOLIBERALISMOAREN KONTRAKO TXERTOA, ALIANTZA HERRITARRAK ETA BURUJABETZA
Irudia: Wikimedia Commons Isaak Brodskyren obra. Leneninen hitzartzea Kominternaren bigarren Mundu Kongresuan, 1924an.
Gaur erregimen horren azkartzea bizi dugu: pribatizazioa, prekarizazioa, eskubide sozial eta politikoen atzerakada, biodibertsitate ekologiko, kultural eta linguistikoaren galera, zaintza eta migrazio krisia, joera geopolitiko ezegonkorrak, autoritarismoaren gorakada… Zibilizazio krisi bortitza bizi dugun arren, aurrekoa ez da ezinbestean koiuntura iraultzaile batean bilakatzen. Izan ere, badago pentsatzen duenik koiuntura politikoa kapitalismoaren gainbehera dela, eta iraultza proletarioa gauzatzeko momentua. Hortik abiatuta, aurrekoarekin bat ez datorrena abagune hori zapuzten ari da, eta, beraz, “bloke burgesaren” (bloke faxistarekin berdindua) parte da: estrategia, bloke hori sostengatzen duen ezkerrarekin haustea da, “proletalgoaren boteretzearekin” bat ez datorren oro borrokatu eta “langileriaren” autonomia eraikitzea.
Fase honek aliantza zabal herritar eta eraldatzaileak egiteko aukera paregabea eskaintzen du. Ez gaude borroka urte luzeen ondorioz klase prekarioenek, feminismoak, Euskal Herriak edota beste mugimendu eraldatzaileek lortutakoak ezdeustzat jotzeko momentuan.
Banan – banan azaltzearren. Alde batetik, fase honek insurrekziorako baino aliantza zabal herritar eta eraldatzaileak egiteko aukera paregabea eskaintzen du. Gaurko helburua aliantzak egin eta jendea batzea izan behar du (ez jendartea banatzea, arerio politikoa eta etsaia nahastuz), minimo batzuen inguruan, indar korrelazio zein koiunturaren irakurketa errealistetan oinarritutako bideak proposatuz; Leninen eta Gramsciren orduko irakaspenei jarraiki. Bestetik, neoliberalismoak ongizate estatua birrindu eta instituzio publiko oro pribatizatzeko norabidea hartu du, autoritarismoa gorantza doa eta potentzia erreakzionarioa handituz doa. Batzuek borroka urte luzeen ondorioz klase prekarioenek, borroka feministak, askapen mugimenduak edota beste mugimendu eraldatzaileek lortutako eskubide, baliabide eta erakundeak burgesak direlakoan baztertu eta “autonomoak” sortzea proposatzen dute.
Gaurko testuinguruan, ordea, aurrekoa neoliberalismoari eta faxismoari alfonbra gorria jartzea da, publikoaren eta komunaren aldeko borroka desmobilizatzea: beste hitzetan, lehen bataila fronteari muzin egitea. Are gehiago, bataila hori emateko herri mugimendu eta indar eraldatzaileen artikulazio saiakerak zein bloke historiko berri bat osatzeko elkarlanak zapuzten dira aurrekoarekin, estrategia zatikatzaileak elikatuz.
Neoliberalismoaren eta faxismoaren kontrako txerto eraginkorrenak herri gehiago, burujabetza gehiago, esku hartze publiko gehiago, komunitate gehiago, kultura gehiago, baitira.
Ustezko kontsigna erradikalena izatea baino garrantzitsuagoa da, hortaz, fase historikoa ondo ezaugarritzea. Eta hortik abiatuta, mundua eraldatzeak jendartearen pentsaera aldatzea eskatzen du, jende ahalik eta gehien herrien eta pertsonen burujabetzaren aldeko borrokara batzen saiatzea. Neoliberalismoaren eta faxismoaren kontrako txerto eraginkorrenak, herri gehiago, burujabetza gehiago, esku hartze publiko gehiago, komunitate kritiko gehiago, imaginazio eraldatzaile gehiago, kultura gehiago, dira.