Argazkia. Unsplash / Humberto Chavez
Migrazioak gizateriaren historiaren oinarri dira eta azken hamarkadetan tendentziak azkartu eta fluxuek gora egin dute. Dinamika honek abiapuntu argi bat dauka, mundu mailan kapitalismoak sortutako desorekak eta horrekin erlazionatutako errealitate desberdinak: pobrezia, desorekak, klima larrialdia, gerrak, lehengaien espolioa, kolonialismoa etab.
Desoreka hauen baitan, mundu mailan, migrazio korridore desberdinak sortu dira eta, nahiz eta gure ikuspuntu mendebaldarretik nagusiki hegoalde-iparralde migrazioak kontuan hartzen ditugun ( Europara datozenakedo Ipar Amerikara doazenak), korridore hauek askotarikoak dira, adibidez, hegoalde-hegoalde mailan ematen diren migrazioak, Afrikako herrialdeen artekoak, Hego Amerikako herrialdeen artekoak, edo Asian ematen direnak.
Testuinguru honek erakusten digu migrazio hazkunde aro batean bizi garela eta biziko garela epe labur zein luzean. Gure kasuan, Euskal Herria migrazio sistema honen parte izanik tendentziak antzekoak dira. Gaindegiaren datuen arabera 2018an Euskal Herri osoko populazioaren %28,5 Euskal Herritik kanpo jaioa zen, bai frantziar edo espainiar estatuetan, bai estatu hauetatik kanpo. Datu honek erakusten digu migrazio garai desberdinek zer nolako aniztasun maila sortu duten gure gizartean.
«Gizarteak prozesu hau egitea, gu-haiek, bertakoak-kanpotarrak dikotomia gainditzea euskal gizartearen inklusioa eta kohesioaren oinarrizko elementua da»
Hala ere, gaur egungo migrazio dinamika nagusia Estatutik kanpo datozen migrazio fluxuak dira. Fluxu honen hasiera XXI. mendean kokatzen da eta Espainiar Estatuan garai horretan etxebizitzaren merkatuak sortutako hazkunde ekonomikoan du oinarria.
Gaur egun, Hego Euskal Herrian Espainiar Estatutik kanpo jaiotako 429.000 pertsona baino gehiago bizi dira, populazioaren %14,7a, 2000. urtean 50.000 pertsona ziren.
Iturria: INE Espainiako Estatistika Institutua
Beste alor askorekin gertatzen den bezala, estatuek Euskal Herrian sortzen duten zatiketa eragin nabarmena dauka Iparraldean eta Hegoaldean ematen den migrazio errealitatean. Iparraldeko migrazio errealitateak frantziar migrazio sistemari eta bertako legeriari erantzuten dio, aldiz, Hegoaldekoak espainiar migrazio sistemari eta legeriari. Zatiketa honen emaitza bi migrazio eta aniztasun errealitate berezituak dira.
Hego Euskal Herriko azken hogeita bost urteetako migrazio dinamika ekonomiaren bilakaerak baldintzatu du. Nahiz eta migrazio tipologia desberdinak egon, gure herrira heldutako fluxuen dinamika gure lan merkatuaren beharren arabera aldatzen joan da.
Bost fase desberdindu ditzakegu, lehena 1999. eta 2008. urteen artekoa da eta migrazio aro berri honen hasiera eta finkapen bezala definitu dezakegu. Espainiar Estatuko boom ekonomikoak erakarrita lehen olatu honetan 180.000 migratzaile inguru heldu ziren Hego Euskal Herrira.
«Gizarteak berak noiz arte kontsideratzen duen pertsona bat etorkin bezala, hori da gakoa. Noiz barneratuko ditugu gure gutasunean beste horiek? Gizarteak prozesu hau egitea, gu-haiek, bertakoak-kanpotarrak dikotomia gainditzea euskal gizartearen inklusioa eta kohesioaren oinarrizko elementua da»
Bigarren fasea 2009. eta 2014. urteen artean kokatzen da eta atzeraldi ekonomikoaren garaia da. Bost urte hauetan migrazio-fluxuek behera egin zuten eta urte batzuetan emigrazioa immigrazioa baino handiagoa izan zen arren, estatutik kanpo jaiotakoen kopuruak 50.000 pertsonetan egin zuen gora.
Hirugarren fasea 2015 eta 2020 urteen artean emandako suspertze- eta berraktibatze aldia izan zen. Hazkunde ekonomikoak migrazio fluxuak suspertu zituen eta bost urte hauetan 80.000 migratzaile gehiago heldu ziren gure herrira.
Laugarren fasea pandemia garaiari dagokio eta 2021 eta 2022 urteak barnebiltzen ditu. Bi urte hauetan, estatutik kanpo jaiotakoen kopuruak 17000 pertsonetan egin zuen gora.
Bosgarren eta azken fasea pandemia ostekoa da, 2022tik gaur arte Hego Euskal Herrian estatutik kanpo jaiotakoen kopuruak 70.000 biztanletan egin du gora.
Iturria: INE Espainiako Estatistika Institutua
Migrazio fase hauek hausnarketa bat egiteko parada ematen digute. Noiz arte kontsideratu behar dugu pertsona migratzaile bat etorkin gisa? Noiz uzten dio migratzaile batek etorkin izateari? Galdera honek askotariko erantzunak izan ditzake.
Pertsona arrazializatu batek esango digu gure gizartean dagoen arrazakeria dela eta edo bere azalaren kolorea dela eta, inoiz ez diola etorkin izateari utziko, nahiz eta Euskal Herrian jaioa izan. Migratzaile askok ez dute bere bizitza osoan migratzaile nortasun hori galtzen, migrazioa beraien bizitzaren elementu garrantzitsuenetariko bat izan delako.
Hala ere, migratzaile nortasun hau izatea edo ez izatea ez da garrantzitsuena, gakoa beste bat da. Gizarteak berak noiz arte kontsideratzen duen pertsona bat etorkin bezala, hori da gakoa. Noiz barneratuko ditugu gure gutasunean beste horiek? Gizarteak prozesu hau egitea, gu-haiek, bertakoak-kanpotarrak dikotomiaren gainditzea euskal gizartearen inklusioa eta kohesioaren oinarrizko elementua da.
Agian hausnarketa hau nahiko teorikoa izan daiteke, baina datuek dioskute galdera hauek oso egokiak direla. Gaur egun Hego Euskal Herrian estatutik kanpo jaiotako populazioaren %58a hamabost urte baino gehiago daramatza gure herrian bizitzen eta %30 hogei urte baino gehiago.
Iturria: INE Espainiako Estatistika Institutua
Pertsona hauek beraien bizitza proiektuaren zati garrantzitsuena Euskal Herrian egin dute, hemen errotu dira, familiak osatu dituzte, seme-alabak eskola eta ikastoletara eraman dituzte, lan egin dute, parte hartu dute, elkarte zein herri mugimenduan militatu dute etab. Ez dira lanera etorri, bizitza proiektu oso bat garatzera etorri ziren orain dela urte asko, eta jada, Euskal Herriko gutasunaren parte dira, hogeitabost urte hauetan Euskal Herria eraldatu egin delako.
Bitartean, migratzaile batzuk euskal herritar bilakatzen doazen bitartean, beste asko gure herrira heltzen dabiltza eta harrera politika propioak behar dituzte. Gure herriaren gutasunak kontzeptu eta ezaugarri desberdinek definitzen dute eta horietako bat migrazio garai desberdinek osatu duten aniztasun kulturala dugu. Aniztasun hau errealitate objektibo bat da, baina ez da neutroa.
Tentsioak eta gatazkak sortzen ditu eraldaketa suposatzen duelako. Beraz, aniztasuna kudeatu eta landu behar da gizarte inklusibo eta kohesionatu bat lortu nahi badugu, behintzat. Honetarako eredu propio bat behar dugu, gure testuinguru sozial zein nazionala kontuan izango duena, estaturik gabeko nazio bat izanik migrazio, harrera eta aniztasun politika propioak garatzeko oztopo asko ditugulako.