ERREPORTAJEAK

Olatz Altuna eta Asier Basurto

Soziolinguistika Klusterra

Ertz askotako egoera, egonkortasunetik hazkundea eragiteko erronkari begira

2023-01-23

Euskara hizkuntza minoritarioa da, gutxiengoak darabilena; baina, batez ere, minorizatua edo gutxitua da. Egoera zaurgarrian dago. Bere lurraldean gutxiengo batek bakarrik menderatzen du eta ezinezkoa da euskara erabiltzea hainbat harremanetarako eta zereginetarako. Euskara erabiltzeko, hiztun euskaldunak solaskide euskaldunak behar ditu, batetik. Bestetik, baldintza legal, politiko, sozial eta kulturalek euskara hautatzea eta eroso erabiltzea erraztu behar dute.


Argazkia. FOKU

 

Gainbehera zihoan hizkuntza gutxitua biziberritzeko prozesua emankorra izan da XX. mendearen erdialdetik hona, orokorrean. XXI. mendean, mundu globalizatu eta aldakorrean, hizkuntza handienek indar eta eragin oso handia dute. Munduko hizkuntza gehienak egoera kezkagarrian edo larrian daude. Bioaniztasuna galtzen ari den modu berean ari da galtzen munduko hizkuntza aniztasuna, horrek dakarren giza, kultura-, eta ezagutza-galerarekin. Euskarak izango duen bilakaera ez dago ziurtaturik. Desagertze-prozesuan dauden hizkuntza-komunitateen errealitate gordinerantz jotzea gerta liteke. Edo Europako tamaina ertaineko hizkuntzen egoerara hurbildu daiteke, gaur egungo baldintzetara egokitzen asmatzen bada eta euskararen hautua egingo duten pertsonen bizimoduan funtzio esanguratsua betetzen badu.

Hizkuntzen erabilera baldintza demografiko, ekonomiko, politiko eta kulturalen araberakoa izaten da. Erabileraren bilakaerak ezin dira faktore bakarreko kausa-ondorio dinamiken bidez azaldu. Konplexutasun horrek ezinezko bihurtzen du gune eta baldintza guztietarako eraginkorra izango den esku hartze formula asmatzea. Posible da baldintzak hobetu eta progresiboki erabilerak gora egitea. Horrek, babes legala, ekonomikoa, eta etengabeko ahalegina eskatzen du, bai maila politikoan, bai sozialean, eta baita norbanakoen aldetik ere. Euskara sustatzeko politika aktibo iraunkorrak beharko dira, eta atxikimendu soziala eta herritarren hautu kontzientea, inertziak hizkuntza hegemonikoen alde egingo duelako beti.

 

Euskara sustatzeko politika aktibo iraunkorrak beharko dira, eta atxikimendu soziala eta herritarren hautu kontzientea

 

Euskararen garapenari dagokionez, eremu erdaldunena euskaldunduz joan den bitartean, eremu euskaldunena erdaldunduz joan da. Udalerri bakoitzeko euskararen ezagutza-maila aldatuz joan ahala, erdiko eremu soziolinguistikoetan gero eta udalerri gehiago daude eta muturreko eremuetan, berriz, gero eta gutxiago. Nabarmentzekoa da eremu erdaldunean, alegia, duela hamarkada batzuk euskararik entzuten ez zen hainbat lekutan, euskararen erabilera hazi egin dela. Hala ere, hirigune handietan eta beste zenbait eremu geografikotan erabilera oso baxua da. Bertan euskaldun kopuru handia bizi arren, proportzio txikia osatzen dute eta horrek ikusgaitasun publiko murritza eta minorizazioa dakar. Euskaldunen arteko dentsitate handiko gune erosoak sortu edo aurkitu ezean, euskara erabiltzeko aukerarik ere ez dute izango. Aitzitik, eremu euskaldunenean erabilerak behera egin du. Herri ertain eta txikiak dira eremu honetakoak. Bertan euskara modu naturalean transmititu, birsortu eta elikatzen da. Arretaz jarraitu beharrekoak dira aldaketak: bertan bizi-proiektu bideragarriak garatzeko aukerak, hirigintza-proiektuen eragina, barne- eta kanpo-migrazio fenomenoak…

Nabarmentzekoa da, gizartea zahartuz doan honetan, euskararen erabilera “gaztetu” egin dela. Euskarak adin-piramidea iraultzea lortu du: haurrak eta gazteak dira euskara gehien darabiltenak, eta helduak eta adinekoak gutxien. Hurrenkera hori aldatu izana lorpen sozial handia da. Izan ere, munduko eta Europako hizkuntza gutxitu gehienetan galera-prozesuaren hurrenkera mantentzen da. Kualitatiboki, biziberritzerako egoerarik mesedegarrienean aurkitzen da euskara belaunaldien arabera. Kontuan hartu behar da eskolak euskaldundutako hiztunen profil linguistikoa ez dela garai batean euskaldunen artean ohikoena zena. Gaur egun, euskaraz hitz egiteko gai diren gazte eta haur gehienek gaztelania edo frantsesa dute lehen hizkuntza, eta hizkuntza horietan mintzatzeko erraztasun handiagoa dute. Gazteen mundua ez dago euskarari lotua haurrena bezainbeste. Esaterako, haurrei zuzendutako eskaintzan presentzia handia du euskarak (kultur eskaintza, aisialdi antolatua, udalekuak…); gazteei zuzendutako eskaintza, ordea, helduei eta adinekoei zuzentzen zaienaren antzekoa da, alegia, euskarazko aukerak murritzagoak dira (sare sozialak, musika, kirola…).

 

Euskarak adin-piramidea iraultzea lortu du: haurrak eta gazteak dira euskara gehien darabiltenak.

 

Bestalde, haurren eta nagusien arteko elkar-eraginak mesede egiten dio euskararen erabilerari. Guraso izateak askotan dakar euskararekiko kontzientzia eta praktika indartzea. Indarrean dago haurren eta helduen arteko solasaldietan euskaraz egitera bultzatzen duen arau soziala. Gazteen mundua ez dago euskarari lotua haurrena bezainbeste. Guraso izateak askotan dakar euskararekiko kontzientzia eta praktika indartzea. Baina, era berean, aipatutako jokaerak ez du erabateko eragina berdinen arteko harremanetan, harreman-talde horizontaletan.

Emakumezkoek euskara gehiago erabiltzen dute gizonezkoek baino. Esan daiteke, hortaz, euskararen biziberritze-prozesuan emakumezkoen presentziak protagonismoa hartu duela. Adibidez, emakumeen presentzia euskaltegietan edo euskararen aldeko egitasmoetan nabarmen handiagoa izan ohi da. Emakumeek eta gizonek euskara zein irudirekin eta zein baliorekin lotzen duten, eta horrek hizkuntza hautuan zein eragin duen aztertzea argigarria izan daiteke kaleetan behatutakoa hobeto ulertzeko. Amaitzeko, merezi du euskara, gaztelania, edota frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilerari ere aipamen bat egitea. Jatorri atzerritarreko biztanleak eta turistak dira beste hizkuntzen hiztun potentzial nagusiak. Jatorri atzerritarreko herritarrek biztanlerian duten pisua hirukoiztu egin da Nafarroan eta laukoiztu EAEn, azken 20 urteetan.

 

Emakumeen presentzia euskaltegietan edo euskararen aldeko egitasmoetan nabarmen handiagoa izan ohi da.

 

Hala ere, beste hizkuntzen erabileraren datua maila berean mantentzen da. Horrek iradokitzen du iritsi berri den populazio horrek tarte labur-ertainean lurraldean ohikoenak diren hizkuntzak (gaztelania eta frantsesa, nagusiki) erabiltzen dituela kalean. Beste hizkuntzen erabilera datuak bat datoz, neurri batean, jatorri atzerritarreko biztanleriaren ezaugarri demografikoekin (geografikoki, adinaren aldetik…).