Argazkia. FOKU
Gauzak horrela, enplegua izan da historikoki klase borrokaren muina. Esplotazioa areagotu eta etekinak handitzeko presio egiten duen Patronalaren aurrean, enpleguaren baldintzak hobetu eta enpleguaren bidez sortutako aberastasuna era egokiagoan banatzea izan da sindikalismoaren erronka nagusiena. Antolakuntza eta borroka sindikalaren bidez lanaldia murriztu, soldatak handitu, erretiroa aurreratu, langileon osasuna babestu edota enplegutik eratorritako prestazio sozialak hobetzeko borroka egin dute sindikatuek, nagusiki eremu sindikalizatu eta maskulinizatuetan; azken urteotan, desaraututako eremuetan eta prekarizatutako sektore feminizatuetan arreta jartzen ari da.
Era berean, enplegua defendatu eta lanpostu suntsiketari aurre egiteari garrantzia handia eman izan dio sindikalismoak. Eta enplegu ezak eragiten duen bazterketa sozialari aurre egiteko neurriak aldarrikatu izan ditu, hala nola, lanaldiaren murrizketa, dagoen enplegua denon artean banatzeko; edota “soldata soziala”, enplegurik ez duten langileek ere diru-sarrera duina izan dezaten. Bi horiek ziren, hain zuzen ere, 1999an euskal gehiengo sindikalak egindako Greba Orokor historikoaren aldarrikapen nagusienak. Digitalizazio eta robotizazioak nahiz larrialdi ekologikoak behartutako birmoldaketa produktiboak milaka lanpostu desagerraraziko dituen honetan, enplegua mantendu eta banatzearen auzia agendaren erdigunean kokatuko da.
«Ekoizpenerako baliabide propiorik ez duen desjabetutako langileriarentzat, enplegua da momentuko nahiz etorkizuneko diru-sarrerak eskuratzeko ezinbesteko baldintza.»
Honela, langile mugimenduak enpleguarekiko harreman paradoxikoa izan duela esan dezakegu. Enplegu gehienen izaera alienantearen (eta askoren bideragarritasun ekologiko ezaren) kontzientzia izan badu ere, diru-sarrerak bermatzeko “beharrezko gaitz” gisa hartu izan du. Kontraesan hau da enpleguaren inguruko ohiko ikuspegi sindikalari egin zaion kritiketako bat eta, hortik tiraka, enplegua defendatu baino Kapitalaren logikatik at egongo den “lan autogestionatua” aldarrikatu izan dute batzuk, edota enplegutik deslotutako oinarrizko errenta unibertsalaren alde egin dute beste zenbaitek.
Alta, horrelako ekimenek ekarpen interesgarriak egin baditzakete ere (ekonomia sozial eraldatzailea kasu), gaur gaurkoz langile gehienen errealitatea enpleguarekin (eta zehazkiago, enpleguaren prekarietatearekin) du zerikusia eta, beraz, ez litzateke zentzuzkoa borrokaeremu hau uztea. Horren ordez, lan baldintzak negoziatzera mugatzen den eta sistemarekiko funtzionala den sindikalismo baino, ekoizpen eredua auzitan jarri eta ekonomiaren gaineko jabego publiko eta soziala aldarrikatuko duen kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoa garatzea litzateke auzia. Enpresa pribatuaren mesedetan antolatutako enplegua baino, interes eta jabego publiko komunitarioaren araberako enplegua aldarrikatuz.
Ikuspegi enpleguzentrikoari egindako bigarren kritika nagusiena, enplegua posible egiteko ezinbestekoak diren baina era berean sistemari “dohainik” ateratzen zaizkion zaintza lanak behar bezainbeste aintzat hartu ez izana da. Azterketa marxistak aspalditik lan “produktiboa” bezala lan “erreproduktiboa” ere kontutan hartu badu ere, egiari zor bigarren honi ez zaio behar bezalako garrantziarik eman. Zorionez, 2018 eta 2019ko greba feministen ondotik, zaintza lanak eztabaidaren erdigunean kokatu dira, eta euskal sindikalismoak badu aukera arlo honetan izandako hutsunea erreparatzeko.
Argazkia. FOKU
Zaintza lanen hiru dimentsioak
Zaintza lanen aferak, gutxienez, hiru dimentsio dauzka. Lehenengoa, sistema publikoaren azpigarapenari dagokio: gaur egun langile familien gain utzitako edota merkatu logikaren arabera garatzen diren zaintza lanetako batzuk, bereziki zaintza arreta espezifiko eta intentsiboa eskatzen duten egoerak, zaintza sistema publiko komunitarioak egin beharko lituzke. Alegia, zaintzaren eremuan enplegu (publiko) gehiago, eta baldintza hobeagoetan, sortzea beharrezkoa da.
Bigarrengoa, emakume langileek pairatzen duten lan karga erantsia litzateke: emakumeek astean 38 ordu eskaintzen diete enplegu izaerarik gabeko zaintza lanei, gizonek baino 13 gehiago. Zaintza lanak era parekidean banatzeko eta gizonek dagokien ardura har dezaten erantzunkidetasun politika integralak beharrezkoak dira.
«Enplegua, zaintza eta errenta, hiru osagai hauen arteko harreman berria proposatzen da LABen Lan Kodearen proposamenean.»
Hirugarren dimentsioak enpleguaren eremutik at utzi diren langileekin du zerikusia. Ikasleak kenduta, lan egiteko adinean dauden 257.000 pertsona daude populazio inaktibo gisa izendatuak; horien artean, 182.000 lagun (gehienak emakumeak) etxeko zaintza lanetan ari dira. Langile hauei guztiei enpleguak ematen duen aitortza soziala, diru-sarrera eta autonomia pertsonala ukatzen zaie.
Gakoa litzateke, beraz, enpleguaren esferarekin batera zaintzaren esfera aintzat hartuko duen proposamen integrala osatzea. LABek osatutako Euskal Lan Kodearen proposamenean jaso da orain arteko formulaziorik borobilena: banaketa hirukoitza. Enplegua, zaintza eta errenta, hiru osagai hauen arteko harreman berria proposatzen da bertan.
Enplegua eta zaintza lan ez profesionalizatua, herritar guztioi dagozkigun bi lan parekidetzat jo behar dira, jendarteari egiten diogun bi ekarpen. Enplegua, administrazioak herritar guztiei bermatu beharreko eskubidea da eta, hala egin ezean, kotizatuko duen gutxieneko soldataren adinako kalteordaina ordaindu beharko du. Izan ere, enpleguaren bidez, sozialki beharrezkoak diren ondasun (elikagaiak, azpiegiturak, tresneria) eta zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, zaintza profesionalizatua, oinarrizko gaien hornikuntza) sortzen ditugu.
«Azterketa marxistak aspalditik lan “produktiboa” bezala lan “erreproduktiboa” ere kontutan hartu badu ere, egiari zor bigarren honi ez zaio behar bezalako garrantziarik eman.»
Enplegu izaerarik gabeko zaintza lanen bidez, berriz, egunerokoan, gure inguru sozialean, bizitza sostengatzea ahalbidetzen dugu, bai gure etxean baita auzolanean ere. Zaintza lanek dagokion lekua har dezaten, enpleguari eskainitako denbora murriztu beharra dago (30 orduko lanaldia) eta zaintza lanaldiaren inguruko eztabaida soziala ireki: zaintza lanetan ere finkatu beharko litzateke gehienezko lanaldirik? Gutxienekorik? Nola egin liteke zaintza lanaldiaren jarraipena?
Honekin batera, bizitzaren une batzuetan, zaintza lanak enpleguarekiko lehentasuna hartzeko aukera arautu beharra dago. Gaur egun soldatarik eta kotizaziorik gabeko eszedentziaren aukera besterik ez dago; Euskal Lan Kodean, berriz, zaintzagatiko etetea hartzeko aukera legoke, osoki edo partzialki, beti ere borondatez eta erantzunkidetasunez. Zaintzagatiko lan hori ordainduko litzateke (eta kotizatu egingo luke), Euskal Herriko soldaten bataz bestekoa adina (2021ean 2330 euro gordin 14 ordainsaritan). Zaintzagatiko etetea finantzatu ahal izateko zaintzarako funts komunitario solidario bat sortuko litzateke (enplegatuen kotizazioak, patronalarenak eta administrazioarenak).
«Zaintza lanek dagokion lekua har dezaten, enpleguari eskainitako denbora murriztu beharra dago.»
Enplegua eta zaintza lanarekin batera, errenta da banatu beharreko hirugarren aldagaia: langile guztiok 1.400 euroko gutxieneko soldata izango genuke bermatua. Diru-sarrera hau enpleguaren bidetik jasoko badugu ere, “soldata” gisa, bere funtzioa aipatutako bi lan parekideak ordaintzea da: enplegua (lan produktiboa, terminologia klasikoan) eta enplegu izaerarik gabeko zaintza lanak (lan erreproduktiboa); izan ere, azken hau gabe ez bailitzateke enplegu jarduera posible izango. Honekin batera, 1:3 proportziora mugatutako gehieneko soldataren nahiz plusbaliaren mugapenaren bidez, ondasunaren banaketa bidezkoagoa bermatuko genuke.
Labur bilduz, enplegua erdigunean duen ikusmoldea gainditu eta banaketa hirukoitzaren aldeko borroka egituratzea da erronka, digitalizazioak nahiz larrialdi ekologikoak behartutako birmoldaketa produktiboak baldintzatutako testuinguruan.