ELKARRIZKETAK

Panpi Sainte-Marie

ELB sindikatuaren idazkari

Elkarrizketatua: Panpi Sainte-Marie

"Euskal Herrian ezin dute beste lekuetan bezala nahieran aritu. Errespetua irabazi dugu"

2021-07-14

Hegazti gripeak albiste izan dira azken urteetan Ipar Euskal Herrian. Etekinaren logika gailendu da laborantzaren esparruan ere. Aldiz, bere kalteak ekarri ditu abere hazkuntza eredu intentsiboak, besteak beste, gaixotasunen hedapena erratuz.


Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ahate hazleek hazkuntza eredu propioari eutsi diote eta kontsumitzaileekin batera garatutako borrokak fruituak eman dizkie Estatuaren aurrean, antzeko krisi sanitarioak beste era batera kudeatzeko bidea zabalduz eta hazkuntza eredu intentsiboa kuestionatuz. Panpi Sainte-Marie, ELB sindikatuaren idazkari orokorrak azaldu dizkigu xehetasunak.

 

Argazkia. Unsplash / CDC

 

Laburki azaltzen ahal diguzu zer den hegazti gripea? Zer adierazten du egun nagusi den laborantza ekoizpen ereduaz, eta zehazkiago, ahate hazkuntza ereduaz?

Hegazti gripea betidanik hor izan dugun birus bat da. Luzaz inork ez du kontu handirik hartu, gaixotzen ziren hegazti batzuk hiltzen baziren, gehienek birusa gainditzen baitzuten. Funtsean gizakiekin gertatu ohi den bezala sasoiko gripe birusarekin. Lehen hegazti gripe krisiak 80 hamarkadan Landesetan gertatu ziren, jada hasiak baitziren hazkuntza eredu handietara aldatzen. Ordu hartan gaixorik ziren ahate guztiak hiltzen hasi ziren birusaren garapena oztopatzeko. Etxaldeak handiak izanagatik oraindik ahate hazkuntzaren segmentaziorik ez zegoenez, hegazti gripea zabaldu zen bizpahiru etxaldetan ahateak hiltzearekin birusaren garapena kontrolatzea lortu zuten.

Azken urteetan berriz, hegazti gripeak beste dimentsio bat hartu du. Laborantza ereduaren industrializazioak eragiten duen abereen konzentrazioak ondorioak larriagotu ditu. Laborantzaren industrializazio logika horren erakusle dira txerri eta ahate hazkuntzak. Lehen, Amikuze eskualdean, Bidaxune inguruan ala Xiberoan ahate hazkuntza etxaldeen aktibitate gehigarria zen. Polikultura zen nagusi, eta abere ezberdinak hazten eta ekoizpen ezberdinak lantzen ziren, ikuspegi zirkular baten baitan. Ahate kumeak erosi, etxeko artoarekin hazten, etxaldean galgatzen, ahate gibelak merkatuan saltzen zituzten eta haragi parte bat autokontsumorako atxikitzen zuten.

Agroindustriaren sustatzaile nagusiak diren kooperatiba handiek hamabost urteko tartean ahate hazkuntzaren ezaugarriak errotik aldatu dituzte. Etxalde barneko hazkuntza zirkularra zenaren parean eredu industrialaren hautua inposatu dute. Etekin gosez, alde batetik ahate hazkuntzen konzentrazioa sustatu dute, eta bestetik ekoizpen katearen segmentazioa eragin dute. Lehen baserri berean ekoizpen kate osoa kudeatzen baldin bazen, orain etxalde espezializatuak dira nagusi : batzuetan ahateak sortzen dira, besteetan hazten soilik, ondotik galgatze etxaldeak aurkitzen dira, eta ziklo osoa bukatzean ahateak  hiltegietara eramaten dituzte. Fase bakoitzean ahateen konzentrazioa eta laborarien espezializazioa gertatzen dira. Eta etapa batetik bestera, kamioien garraioa ezinbestekoa bihurtzen da. Hazkuntza industrialaren etapa ezberdin horietan aurkitzen diren etxaldeen arteko joan-etorri eta harremanak etengabekoak dira, hain dira etxaldeak handiak eta hainbeste baitira horietan hazten dituzten ahateak (hamar milaka). Hortaz, etxalde bakar batean eritasuna sartuz gero, berehala ekoizpen kate industrialaren begi guztietara zabaltzen da.

 

«Laborantza ereduaren industrializazioak eragiten duen abereen konzentrazioak ondorioak larriagotu ditu»

 

Aurten, hegazti gripea Landesetako etxalde batean abiatu da, beharbada txori migratzaile batek kutsaturik. Milaka ahate metatuak ziren etxalde batean gripea sartu da, eta konzentrazioaren ondorioz etxalde osora zabaldu da. Hazkuntza begi ezberdinen arteko harremanak estuak  direla eta gripea kate osoko etxalde guztietara zabaldu da. Olatu bat bezala, hegazti gripea mendebaldean hasi eta ekialdera hedatu da. Landesetan dagoen ahate hazkuntza konzentrazioak krisia larriagotu besterik ez du egin. Olatuak ahate hazkuntza eredu industrialaren geografia segitu du. Euskal Herrian aldiz ez da gehiegi sartu ez baita hazkuntza konzentraziorik eta asko baitira oraindik lehengo moduan etxeko hazkuntza ereduan jarraitzen dutenak. Horrek hesi natural eta sanitario bat osatu du hegazti gripearen hedatzea oztopatuz.

 

Zein izan da Frantziako administrazioaren eskuhartzea hegazti gripe krisi berri honen aitzinean?

Ahate hazkuntza txerri hazkuntza bezala esportazioari buruz itzulia da. Hargatik, Frantziako administrazioarentzat ezinbestekoa da krisi sanitarioak gertatzen direlarik neurri zorrotzak hartzea, besteak beste kalteturiko etxaldeetan abere guztiak sakrifikatuz. Helburua ahalik eta azkarren kutsadurarik gabeko eremu bilakatzea da, herri inportatzaileen konfiantza ez galtzeko. Neurri zorrotzen helburu nagusia beraz merkatua ez galtzea da.

Errealitatea berriz bestelakoa da. Neurri horiek bortitzak izanagatik ez dute krisi sanitarioaren sustraietara jotzen. Arazoa egiturazkoa baita. Nahiz eta milaka ahate hil, hazkuntza prozesua aldatzen ez den bitartean, krisia sanitarioaren gurpiletik ezin daiteke atera. Zoritxarrez, gu gara albo kalteak pairatzen ditugunak.

 

Argazkia. Unsplash / Kateryna Ivanova

 

2017an jendartearen mobilizazio zabal baten bidez zerbitzu sanitarioen xede suntsitzaileak oztopatuak izan ziren. Ondorioz, ELBko sindikalista eta ahate hazleak auziperatuak izan zineten. Zer irakurketa egiten duzu memento hartan gertatu zen mobilizazioaz?

2017ko krisi sanitario hartan Frantzia mendebal osoan gobernuak lortu zuen bere xedea gauzatzea, hots ahate guztiak hiltzea prebentiboki, Euskal Herrian izan ezik. Krisi sanitarioaren iturburuan aurkitzen ziren mekanismoak izendatzearekin batean, laborantza eredu ezberdinen arteko eztabaida ezarri dugu erdigunean. Ezin onartukoa zitzaigun laborantza eredu industrialaren albo kalte suntsitzaileak denek ordaintzea. Krisia gainditzeko estrategia okerra iruditzen zitzaigun baina gainera etikoki ezin genuen onartu inposatu nahi zigutena.

Herri batean kasu bat agertzen baldin bazen, 10 kilometroko inguruan abere guztiak hiltzeko agindua eman zuten. Guztiz isolatuak eta kanpoko beste etxaldeekin harremanik batere ez zuten horietan abere sanoak hiltzea burugabekeria iruditzen zitzaigun.

Gobernuari ezin onartukoa zitzaion beraien neurriak Euskal Herrian ez betetzea, beste leku guztietan egin zuten bezala. Zerbitzu sanitarioek Xiberoko eta Nafarroa Behereko hiru etxaldetara sartzeko saiakera egin zuten ahate sanoak hiltzeko asmoarekin. Lehen saiakera herri harresi banak oztopatu zuten. Hitz eman ziguten berriz agertuko zirela, baina ondoko aldian polizia indarrek lagundurik. Egun batzuetara horrela egin zuten, baina aldi horretan ehunka lagunez osaturiko herri harresiekin egin zuten topo. Hautetsi, nekazari, kontsumitzaile, … guztiak eskuz esku laborantza eredu iraunkor baten alde eta Frantziako gobernuaren neurri burugabeen aurrean bildurik. Atzera egitea beste hauturik ez zuten izan, baina Prefetak laborariak eta sindikalistak auziperatzeko agindua eman zuen.

 

«Krisi sanitarioaren iturburuan aurkitzen ziren mekanismoak izendatzearekin batean, laborantza eredu ezberdinen arteko eztabaida ezarri dugu erdigunean»

 

Ahate sanoen hiltzearen kontra agertzea etikoki defendagarria zen. Eta horrek epaiketari begira sostengu zabala lortzeko bidea zabaldu zigun. Epaiketa hazkuntza eredu industrialaren auzia bihurtzea lortu genuen, eta beste laborantza eredu baten aldeko atxikimendua oraindik gehiago indartu genuen. Finean, defenditzen eta egunerokoan gauzatzen duguna laborantza eredu iraunkorra eta herrikoia baita.

Sekuentzia honetatik ondorio sakonagoak ateratzen ditugu. Erakutsi dugu gai ginela Estatuaren erabaki zentzugabe baten aurrean mobilizatzeko, indarrak metatzeko eta erabaki makurra indargabetzea lortzeko. Gai izan gara Estatuari ezetz esateko eta ez makurtzeko. Ihardukitzeko kulturaren indarra eta beharra agerian gelditu da. Agian hemen Euskal Herrian beste hainbat lekuetan ez bezala, kultura politiko errotuago bat baitago. Inguruko eskualdeetako laborariek behin eta berriz esaten digute, beste lekuetan egin ezin direnak hemen gauzatzen ditugula.

 

Aldi honetan, Frantziako zerbitzuekin negoziatzeko bidea zabaldu duzue baita akordio bat lortu ere. Zer ondorio ateratzen duzue egin den bideaz eta lortu duzuen akordioaz?

2017an lortu genuen oinarri sendoari esker, Frantziako administrazio zerbitzuek beste modu batez kudeatu dute aurtengo krisia. Onartu digute urrats garrantzitsua eman genuela, eta beraientzat ere aurrekari bat izan dela. Hots, Euskal Herrian ezin dutela beste lekuetan bezala nahieran aritu. Errespetua irabazi dugu.

Hasiera batean etxaldeetan abere sanoak hiltzera sartuko zirela mehatxuak egin baldin badituzte ere, 2017ko gertakarien disuasio indarra agerian gelditu da. Ikusi dutelarik behar izanez gero beraien zerbitzuen eskuhartzea oztopatuko genuela, elkarrizketaren bidea zabaltzea onartu dute.

Bidaxuneko etxalde batean gertatu denak ongi irudikatzen du egungo egoera. Bidaxunekoa, “Kriaxera” lekuko ahate arrazaren sorleku bakarra da. 2017ko krisi sanitario garaian eta aurretik ere abiatuak ziren ikerketa ezberdinek frogatu dute “Kriaxera” ahateak gripeari naturalki immunizatuak direla. Bada, Bidaxuneko etxalde horretan ahateek gripeari positibo eman ondoan, guztiak hil beharrean, zaintza protokolo bat adostu da lekuko egitura instituzional ezberdinen ordezkariak, sindikatuen ordezkariak eta Prefeturaren zerbitzuen artean. Eztabaida gordinak izan dira, besteak beste, Bidaxuneko ahate guztiak hilko balituzte ahate arraza baten bukaeraz ariko bai ginateke. “Kriaxera” ahate arrazaren berezko immunitatearen frogek ere asko eragin dute elkarrizketetan, baita Ipar Euskal Herrian laborari gero eta gehiagok ahate arraza hori hautatu izana laborantza eredu iraunkor baten hautuaren berme bezala.

Protokoloak ekaina bitartean zaintza eta jarraipen neurri bereziak arautzen ditu. Azterketek frogatzen baldin badute gripea izan zuten ahate horiek ekainean gaixotasuna gainditua dutela, bizirik uzteko aukera onartzen du. Akordioa ikaragarriko urratsa da, hain baita zurruna Frantziako administrazioa. Izan ere, berdintasunaren printzipioaren izenean arauak denentzat berdin balio behar baitu. Logika horren indargabetzeko bidean arrakala bat zabaldu dugu.