Argazkia: Foku
‘Izena duen oro bere izanaren jabe’ liburua aurkeztu du LABek. Genealogia feminista jaso duzue 2025eko otsailean aurkeztutako lan honetan. Bertan, hala aipatzen duzue “Sindikalismo feminista gortina zabaltzea da, alfonbra altxatzea da, argia piztea da. Erosotasunak eta erraztasunak atzean utzi eta ikastea da”. Zer da zuretzat sindikalismo feminista?
Guk askotan esan izan dugu sindikalismo feminista dela praktikatik eraikitzen ari garen kontzeptu bat. Gaur egun eraikitzen ari garen horretan, ez dago definizio hertsi bat, mugimenduan dagoen zerbait delako; eta ez zaigu interesatzen definizio hertsi bat egotea. Sindikalismo feminista bada gaur egun arte egindako ibilbidea inpugnatzea, ikuspegi feministatik. Baina bada galdera berriak eta esperientzia berriak etengabe probatzea eta eraikitzea ere. Hala ere, definizio zabal horrek ez du esan nahi existitzen ez den zerbait dela.
Gaur egun baden zerbait da sindikalismo feminista, ikusten ari gara sindikatuetan parte-hartze politikoan azkeneko urteetan emakumeok salto handia. Baina ez da bakarrik parte-hartze politikoaz hitz egitea; hau da, ez da espazioak feminizatzen ari direla, baizik eta feministatze prozesu horretan aldaketa sakonak egiten ari direla.
Paradigma aldaketa oso bat egiten ditugun proposamen politikoetan, baita subjektuaren ezaugarritzean ere. Sindikalismo feminista izan behar da eraldaketa hori egiteko prestutasuna erakustea. Izan ere, gehiegi definitzen badugu, erosotasunera eraman gaitzake. Egin dugu ibilbide bat, interesatzen zaigu, baina galdera berriak, deserosotasunak eta mugimendua sortuko duen zerbait izan behar da. Hori emakumeen beharrak erdigunean jarriko dituen sindikalismo bat da.
Aipatzen duzue memoria kolektiboaren ariketa praktiko bat izan dela, genealogia bat egiten duzuelako. Nolakoa izan da sortze prozesua?
Polita eta gogorra ere bai momentu batzuetan. Sindikalismo feministaz hitz egiten dugunean, ezinbestean aitortza egin behar dugu: batetik, mugimendu feministari esker sortu da inpugnazio hori; eta bestetik, sindikatuetan urte luzez aritutako emakumeek egindako ibilbideari. Ibilbide luzea izan da genealogiarena, eta sindikatuaren 50.urteurrenean ikusten genuen ibilbide hori ikusgai egin behar zela.
Genealogia feminista, batetik, bada erresistentzia ariketa bat. Bere horretan, bada errealitate batzuk, ikusezin bilakatu nahi direnak, gaur egungoak eta orain artekoak, ikusaraztea. Guk nahi izan dugu ibilbidea izan den moduan, modu kolektibo batean egitea. Ez da izan Idazkaritza Feministan egindako errelato bat bakarrik, baizik eta jasotze prozesu horretan parte hartu izan duten kideen ahotsa, esperientziak. Eta izan da bide hori gogoratzea lehen pertsonan, baina baita kolektiboan ere.
Zein mugarri nabarmenduko zenituzke LABek sindikalismo feministarantz egindako bide horretan kanpora begira? Eta barnera begira?
Zaila da erabakitzea eta desberdintzea, nahastu egiten baitira. Mugarri garrantzitsu bat duela 30 urte sortu zen Emakume Idazkaritza bera da. Urrats ezinbesteko bat; baina ez bakarrik idazkaritza bera sortzeko prozesu ausarta eta eraginkorra, baizik eta sorreratik egindako ibilbidea. Gero, ibilbide horretan trantsizio bat egin, eta Idazkaritza Feminista izatera igaro zen.
Eta horrek erakusten du sindikatuan ere paradigma aldatu dela: ez da bakarrik emakumeen parte-hartzeaz edo emakumeen beharraz hitz egitea, baizik eta ikuspegi feminista hori gure gain hartzeak ekartzen du ikuspegi transbertsal bat izan beharra, eta zeharlerrotasunez landu beharra.
Beste mugarri garrantzitsu bat greba feministak izan dira. Nik sindikatuan 2023ko azaroko greba feminista orokorra bizi izan dut, eta uste dut praktikatik eraikitzen ari garen zerbait dela. Horrelako borroka, proposamen eta mugarri historikoa bada aurreratzeko asko balio digun momentua; bizitzen ari garenean ere jakitun ez garen aldaketa batzuk planteatzen ditu. Ez da izan zerbait anekdotikoa, prozesu bat da, eta ekartzen ditu galdera berriak greba beraren kontzeptualizazioaz.
Gatazkak eta eztabaida berriak ere bai, eta konfliktoaren kontzeptualizazio berri bat: lana vs kapitala konfliktotik, bizitza vs kapitala konfliktora pasatzen garenean, zer den lana eta kapitalak eraso egiten diona bizitza bera dela; eta bertatik eraikitzea proposamen oso bat borroka egun baterako.
Gero, sektore feminizatuetako ibilbidea dago. Presentzia hartzea eta lehenengo planoak okupatzeko saiakera handiak egin izan dira. Lotuta doaz aurreko mugarriekin, baina sektore askotan, eta bereziki zaintza sektorean, etxeko langileen sailarekin eta soziokomunitarioaren esparrua antolatzearekin. Eta hori guztia agenda sindikalaren lehenengo lerroan kokatzea ezinbestekoa izan da gaur egun gauden momentura iristeko. Mugarri horietara iristeko izango ziren indargune nagusi batzuk, eta baita oztopo edo ahulgune batzuk ere...
Oztopo asko daude, batzuk esplizituagoak, eta beste batzuk inplizituagoak. Batzuk kanpo mehatxu edo kanpo erresistentziak dira. Hitz egin dezakegu patronalaren utzikeri interesatuaz; oraindik ere ikusten dugu sektore feminizatuetako borroka zikloaz hitz egiten dugunean, greba ziklo eta mobilizazio zikloan ehuneko oso handi bat sektore feminizatuetako aldarrikapenak izan direla. Baina bada patronalak atea ixten diolako ere, eta ez dielako garrantzia bera ematen sektore feminizatuetako aldarriei. Esertzera ez iristea edo ez aitortzea, subjektuaren aitortza faltatik dator.
Baina gogorrenak diren erresistentziak, inplizituagoak edo barne mailakoak dira. Horrelako espazio askotan apustu handiak egin dira prozesu feministak bultzatzeko, eta bereziki, kide feministen arteko aliantzetatik eraiki da trakzionatzeko gaitasun hori. Baina gure barnean ere erresistentzia asko aurkitu ditugu. Eta prozesu feministak abiatu izanak ez du esan nahi eraldaketa osoak egin direnik. Zailena edo gogorrena bada eraldaketa hori egiten ari zarenean ikustea erosotasun batzuk, edo politikoki zuzena den horretan geratzeko arrisku hori. Hori bada prozesuaren parte, baina, era berean, baita erresistentziarik zailena ere. Eraldaketa antolaketa kulturaren eraldaketa oso bat da.
Guk esaten dugunean horrelako prozesuak abiatu nahi ditugula da den-dena aldatu nahi dugulako, eta balio sistema bat oso ezarria dagoenean, kultura patriarkalarena eta abar, oso zaila da identifikatzea zer aldatu eta, batez ere, zein diren estrategia eraginkorrenak. Erresistentziak ikustea eta identifikatzea beti da zaila.
Sindikalismo feministara bidean, jauzi handietako bat kapitala-lana dikotomiatik kapitala-bizitza dikotomiara egindakoa izan da. Zer dakar horrek?
Sindikalgintza beti eraiki izan da lanaren eta kapitalaren arteko dikotomia horretan, lan-merkatuan zegoen subjektuari eragiten zizkion zapalkuntzak borrokatzeko edo kapitalari indar harreman bat planteatzeko eta borrokatzeko, langile subjektuaren interesak defendatzeko. Baina lana-kapitala dikotomia hori enpleguaren esferan eraiki den dikotomia bat da, eta kapitalak horri baino gehiagori egiten dio eraso, bizitzari berari.
Bizitzeko ezinbestekoak diren lan horiek guztiak kontsideratzen baldin baditugu lan, eremu askoz zabalago bati erantzun behar zaio. Finean, hori da planteatzen dugun eraldaketa, eta sindikalgintzak erantzun behar dio konflikto horri. Hau da, zaintza lanak aitortu behar dira, ordainduak direnak eta ez ordainduak.
Hitz egin behar dugu zaintza lan ez ordaindu eta ez errekonozituek sistema beraren erreprodukzioan duten paperaz ere; eta etxebizitzaz. Hori guztia da bizitza eta kapitalaren arteko gatazkaz hitz egitea. Ekonomia feministatik egindako kritika edo
ekarpen horri erantzun, eta ikuspegi hori integratu behar du sindikalgintzak ere.
Lanaren kontzeptua bera zabaltzeaz, konplexuago egiteaz hitz egin duzu, eta bizitzari tokia egiteaz. Eta horri lotuta, zehazki, sektore feminizatua ikusaraztea eta horiek antolatzeaz. Zein dira ateratako irakaspen nagusiak?
Sektore feminizatuez ari garenean, parte handi batean ari gara zaintzari lotutako lanetan ari diren sektoreez. Askotan aldarrikatu duguna da sexuaren araberako enpleguaren banaketak eta merkatuak lan batzuk beste batzuk baino aitortza gutxiago aitortzen dituela, nork egiten dituenaren arabera. Eta hori da soldata arrakala iraunarazten duen logika.
Azkeneko urteetan zaintza lanei lotutako sektore horietan urrats handi bat egin da, eraldaketa kultural eta ideologiko handi bat ere gertatu baita lan bezala aitortzeari edo zaintzaren problematizaziori dagokienez. Horrek ekarri du lehen lerrora pasatze bat, ez dena ere gatazkarik gabe gertatu, baldintza oso konkretuak izan direlako azkeneko urteetan Euskal Herrian, orokorrean, mugimendu feministaren olatuarekin.
Sektore feminizatuetako borrokak ezin dira ulertu testuinguruko beste elementu batzuk gabe. Baina bada kontzesio ariketa bat ere: agendan kabitzen dira kabitzen diren titularrak, kabitzen diren borrokak, kabitzen diren greba egunak. Eta orduan, bada apustu kontu bat ere. Sindikatuan erabaki estrategikoak ere izan dira, kongresuz kongresu hartuak; subjektuaren eraikuntza horretan nori nahi diogun protagonismoa eman. Eta langile subjektuaren berrosatzeaz hitz egiten dugunean, sektore feminizatuak, praktikatik eraikitzen ari diren esperientzia horiek lehen lerrora eramateak, iruditegi bat sortzen du. Iruditegi bat sortu, eta beste iruditegi bat desplazatu ere bai. Balio du beste borroka batzuk pizteko ere.
Baina sindikalgintzan beti egon izan dira sektore feminizatuak, eta beti egon izan dira emakumeak antolatuta ere. Horri ere aitortza egin behar zaio. Parte-hartze politikoan ere salto bat egin da, eta sindikalizazioan nabaritzen da datuetan: % 50 inguru sektore feminizatua edo emakumeak dira. Antolaketa ereduak berak ere laguntzen duelako antolatzeko zailagoak diren eta indibidualizatuagoak dauden garbitzaileen sektorera edo zaintza sektoreko langileengana iristen.
Sektore feminizatuak lehen lerrora ekartzeak eta iruditegi berri horrek zer garrantzi dauka?
Errealitate berriak sortzen dira. Glosarioarekin egin dugun ariketan konturatzen ginen izendatzen dena eta ikusarazten dena badela errealitate berriak sortzeko tresnarik eraginkorrena. Iruditegi berriak sortzea, sektore feminizatuetan borrokak antolatzea, ez da ausaz gertatutako zerbait, ezta prozesu natural bat ere. Prozesu feministak diren bezala, da zerbait kontzienteki antolatu behar duzuna, eta kontzienteki ere protagonismoa eman behar diozuna. Horregatik du balioa, badelako.
Esaterako, garbiketako emakume pila bat buru-berokiekin Sagarduiren bulegoa okupatzen, edo erresidentzietako langileak kaleak hartzen ikustea asterik aste grebetan. Kide askok esaten dute haiek ere ez zutela euren burua ikusi momentu ordura arte gorputza jartzen horrelako espazioetan. Horrelako erresistentzia eta irudi berriekin ari da borroka sindikal feminista garatzen Euskal Herrian.
Euskal Herria orube ona al da sindikalismo feminista garatzeko?
Bai, hala da. Sindikalismo feminista Euskal Herrian ezin da ulertu mugimendu feminista autonomoaren existentzia eta aliantzarik gabe. Gero, beste alde batetik, ezkerretik eta ezker independentismotik eraldaketa sozialerako egiten ari den apustua dago, dena aldatu nahi dugun ideia praktikara eramate horretatik.
Sindikalismoan dabiltzan beste herrialde batzuetako kide feministekin hitz egitean konturatzen gara, igual ez egunerokotasunean, baina hemengo baldintza gutxi daudela beste toki batzuetan sindikalismo feministaren garapenerako. Borroka feministaren eta langile borrokaren uztartze bat gertatu da, atzera bueltarik ez daukana. Eta hori agendan ikusten da, kaleetan, espazio guztietan.
LABek banaketa hirukoitzaren proposamena egin du, lana, ondasuna eta zaintza kontuan hartuta. Zer ekarriko luke banaketa horrek?
Banaketa hirukoitzarena gure proposamen estrategikoa da: bizitza eta kapitalaren arteko konflikto bat dagoela esaten dugunean, nola antolatu beharko litzateke bizitza edo gure jendartea? Lana, ondasuna eta zaintzak banatzeko proposamen multzo bat jasotzen du. Ez da bakarrik apustu orokor bat, baizik eta neurri konkretuak garatzen saiatu gara; negoziazio kolektiboan hainbat klausula sartzeaz ari gara.
Banaketa hirukoitzaren proposamenak zaintzak lan bezala aitortzen ditu, bizitzarako ezinbestekoak diren lan horiek guztiak nola egingo ditugun banatzeko modu demokratikoago batean.
Zor patriarkala aitortzearen alde egiten duzue. Hor ere badago ahaztutako zerbait, ikusarazi behar dena, ezta?
Sistemak urteak daramatza emakumeen gain geratu diren, ikusezinak diren eta musutruk egin izan diren lan horietatik guztietatik etekina ateratzen. Produktibo-erreproduktibo banaketa faltsu horretan, eremu erreproduktiboan kokatu izan diren lan horietatik guztietatik ateratzen duelako etekina kapitalak, edo sortzen dituelako baldintzak.
Guk, zor patriarkalaren kontzeptua planteatzen dugunean, bada zor hori eta egin izan diren lan horiek guztiak aitortzea, modu ezberdinetan egin daitekeena. Eta zor patriarkalarekin batera, bizitzaren sostengarritasun faktorea ere planteatzen dugu: lanak ez baloratzea nork egiten dituenaren arabera, eta sexuaren araberako lan banaketa hori ez erreproduzitzea, baizik eta bizitza bera sostengatzeko ezinbestekoak diren lanak hartzea kontuan, eta nola antolatu beharko genukeen.
Bestelako eragile eta subjektuekin lan egitea eskatzen du, ezinbestean borroka sindikalak berak. Zer dakar horrek?
Borroken arteko lotura eta aliantza horiek ezinbestekoak dira. Mugimendu feministak askotan erakutsi digu aliantzen garrantzia, eraldaketa prozesuak planteatzeko ezinbesteko estrategia gisa. Horrek ez du ukatzen gero bakoitzak gure ibilbide propioa egin behar dugunik. Sindikalgintza bada eremu bat negoziazio konkretuetara doana, eta oso marko itxi eta mugatuak planteatzen direna, hitzarmenak, negoziazio eta klausula konkretuak.Eta hor, indar harremanaren arabera askotan baldintzatuak gaude.
Baina gure anbizioa bada langile klase osoarentzako eraldaketak bultzatzea. Sindikalismoaren eta borroka sindikalaren loratze edo olatu honetan langile guztiontzako aurrera urratsak izango diren borrokak daude, eta horrela uler daiteke, adibidez, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borroka zikloa, edo lanbide arteko gutxieneko soldataren mobilizazio zikloa.
Aliantza horien fruitu izan da greba feminista orokorra. Zer irakaspen nabarmenduko zenuke?
Grebaren beraren kontzeptualizazioak ekarri du irakaspen nagusia da gauzak beste modu batera egin daitezkeela. Hau da, grebaren antolaketa prozesuan zein subjektu kontutan hartzen ditugun, zelan komunikatzen ditugun kontuak, eta norantz goazen. Plano sinbolikoan planteatzen du eraldaketa bat. Eta bada errealitate konkretuak sortzea ere, sinbolikoa materiala ere badelako. Adibidez, intersindikal feminista bat sortzea ahalbidetzea. Grebak eurak, egun konkretu bezala, mugarriak dira aurrera urrats handi batzuk planteatzeko.
Apirilaren 5ean euskal gehiengo sindikala batera atera zen, soldata eta pentsio duinak elkarrekin aldarrikatzera. Zergatik da garrantzitsua batera ekitea?
Kapitalaren eta patronalaren aurrean beste indar posizio batean kokatzen gaituelako, eta eraldaketa baterako estrategiak hori behar duelako. Guretzako estrategikoa da halako aldarrikapen bat, erreparatzen baldin badiogu nori ekarriko dizkion onurak. Gehienak sektore feminizatuak dira, prekarizatutako sektoreak, askotan kide arrazializatuek betetzen dituzten lanak. Soldata arrakalaren kontrako neurri eraginkorrenetako bat da lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea. Prozesu horretan gaude murgilduta, bete-betean.
Duela gutxi, otsailean, biltzar arteko batzarra egin berri du LABek. Zein dira datozen hilabeteetan dituen erronka nagusiak?
Bi ideia nabarmendu genituen: batetik, Euskal Herriaren eraldaketa sozialean ekarpena egiteko apustua berresten genuela. Borroka sindikalaren olatu edo ziklo honetako borroketan urrats bat egin dela, eta egiten ari garela ondorioztatzen zen, hitzarmen asko berritzea lortu delako, eta estaldura maila hobetzea. Eta bestetik, testuinguruan jada ezinbestekoa den beste elementu: trantsizio ekosozialari aurre egiteko estrategiaz aritu ginen; kapitalaren mesedetan ala langileen mesedetan egingo den trantsizio bat izango da. Gu langileen parte-hartzea izango duten prozesuez ari gara, paradigma aldaketa batez; zer enpleguri eman nahi diogun edo eman behar diogun lehentasuna, eta zeini ez.
Hor eztabaida bat ireki behar da, gure ustetan bizitzarako ezinbestekoak diren lan horiei guztiei zentralitatea eman, horiek baloratu eta enplegu berriak sortu. Horri erantzuteko, beste espazio edo sektore batzuk deshazi beharko dira edo deshazten ari dira. Guretzako trantsizio ekosozialista bat planteatu behar da, ikuspegi ekofeminista izan beharko duen trantsizio bat.