“Izpia” ponentzia https://labur.eus/rO3hR
IKAMAren aurkezpen ekitaldia. Argazkia / FOKU
Lehen arreta elementu gisa, eztabaida teorikoarekin batera praktika uztartu duzuela izan da. 2019ko azaroaren 28an Gora Ikasleon Borroka! dinamikak deituta ehundaka ikasle atera zineten kalera greban, hezkuntza sistema propio baten alde. Eta eztabaidaren erdian berriz koronabirusa dela-eta, ikasleen zaintza sareak antolatu dituzue.
Pasaden urteko ekainean Donostian lehen asanblada nazionala egin genuenean, ordura arte Euskal Herriko txoko ezberdinetan aurrera eramandago borrokak partekatu eta hausnartzeko tartea hartu genuen. Gauza bat argi dago, Euskal Herriko ikastetxeetan forma ezberdina hartzen dute inposatzen zaizkigun hezkuntza ereduen zapalkuntzak; baina ez dira kasu isolatuak. Aiaraldean, Baionan edo Tuteran bizi dituzten problematikek elkargune bat dute, zapalkuntza sistematikoa baita.
Egun inposatzen zaigun hezkuntza sistema iraultzera gentozela esan genuen eta horretarako, martxa hartzen dugun momentutik lokaletik eragitearen garrantzia ikusten dugu. Asko da lokalean borrokatzeko duguna, eta ikastetxez ikastetxe garaipen txikiak lortuz benetan helburu handiak lor ditzazkegula ikusten dugu.
Txikitik eragiteko logika horretatik tiraka, azaroaren 28an, ordura arte tokian toki zenbait ildoren baitan borrokatutako guztiaren bateratzea izan zen greba deitu genuen eta ehundaka ikaslek kaleak hartu genituen.
Eratze prozesua eztabaidaz betea egon da eta gaurko egunean aitortu beharra dago oso prozesu anitz eta aberasgarria izan dela, momenturen batean apurtxo bat trabatu eta puntu batetan luze egin bazitzaigun ere. Hala nola, eztabaiden azken blokea desataskatzea tokatzen zitzaigunean, dena hankaz gora jarri duen birusa agertu zen eta azken blokea telematikoki ematera behartu gintuen.
Konfinamendu garaian ikasleok pantailaren aurrean egun osoa egon eta gero, eztabaidak modu telematikoan ematea arriskutsua iruditzen zitzaigun, ikasleontzako nekagarriegia zelakoan. Baina esan beharra dago oso ondo atera zirela formatu horretan izanda ere. Garai zaila izan zen denontzat, eta askotan lanez edo arazo pertsonaletaz saturatuta geunden ikasleok; hala ere, gure bizitzak erdigunera ekarrita, gizartean ikasleon aldarrikapenak sozializatzeko lan handia egin genuen garai nahasi hartan. Moldatzeko kapazak izan ginen, nire ustez.
Elizondon aurkeztu zenuten IKAMA irailaren 12an. Ze ekarpen egin nahi diozue Euskal Herriaren burujabetza prozesuari?
Hezkuntzatik eta aurretiaz aipatutako txikitik eragitearen logikatik Euskal Herriaren burujabetza prozesuan ekarpen handia egin dezakegula uste dugu.
Herri bat garen honetan, gure hezkuntza sistemaren gainean eztabaidatu eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar dugu, azken finean, gure nortasuna eta beharrei egokitutako hezkuntza eredua martxan jartzeko bidea egingo dugu ikasleok. Hezkuntza sistema ikasleak sistemaren engranajearen baitan izaki perfektuak izango diren herritarrak sortzeko tresnarik hoberena da. Hori irauli eta pertsona askeak sortzeko hezkuntza sistema da eraiki nahi duguna, euskal herritar askeak.
Gainera, ikasleok mugimendu iraultzaileetan historikoki ezinbesteko papera jokatu izan dugu. Ikasle izate hutsak gure ingurunea eraldatzera bultzatzen gaitu, bizi eredu aske batean sinisten dugulako eta borrokatzeko asko dugulako.
Ikasle mugimendua lehen militantzia esperientzia izaten da gutariko askorentzat, eta pertsonaletik esan beharra daukat, ibilbideko fase politenetarikoa dela. Asko ikasten den fase bat. Eta momentu hauetan bizi dugun ilusio eta gogo guzti horiek burujabetza prozesuan inbertitzeko prest gaude, ikastetxetik noski, baina herri mugimenduarekin.
Zein dira antolakundearen balio eta ezaugarri nagusiak?
Antolakundea euskaldun, ezkertiar eta feministatzat identifikatzen dugu. Euskal Herrian bizi ditugun zapalkuntzei aurre egiteko ezinbestekotzat hartzen ditugu balore hauek.
Txikitik eragitearen logikatik gazteok borrokarako dugun gogoa eta beharra antolatzen ditu. Ikasleon arteko saretzearen beharra goraipatu eta borrokak merezi duela sinisten duen antolakundea gara.
Zatiketa administratiboa, zonifikazioa, LOMCE, Skolaeren ukazioa... zergatik ez digute balio espainiar eta frantziar hezkuntza sistemek?
Guri, Euskal Herriko ikasleoi ez digute ezertarako balio. Agian gorbatadun agintari horiei oso ondo datorkie; haientzako oso erabilgarriak diren sistemak dira, ez baitaude pertsona askeak pentsatzeko diseinatutak.
Espainar zein frantziar estatuek orokorrean ez dute Euskal Herria bezalako herri ukatuontzako inolako eskaintzarik eta honek ere hezkuntzan badu bere isla: gure herriko historia ezagutu ez eta Espainiako historia eta frantses literatura goitik behera ikastea da mila adibideen arteko bat.
Bestalde, nazionalismo frantses eta espainolak gora egin du, eta honek gure herriaren kontrako erasoak suposatu ditu. Hala nola, Ipar Euskal Herrian euskeraz ikasi ahal izateko jartzen dizkiguten debekuak edota ikastetxeetan gure herriaren memoriaren errelatoan egindako “Herenegun” hezkuntza programa.
Finean, euskal ikasleoi ez gaituzte erdigunean jartzen eta nahi eta behar dugun hezkuntza eredua ukatua zaigu. Haien helburu bakarra kapitalismoaren, heteropatriarkatuaren eta Espainiako zein Frantziako estatuen biziraupena da gure herrian. Baina gu, ordea, ez gara ez frantsesak, ezta espainolak ere.
Hezkuntza publiko eredu berri baten beharra proposatzen duzue Izpia txostenean, segregazio mota ororekin amaituko duena. Zein dira egungo hezkuntza sisteman dauden arrakala nagusiak? Ze ezaugarri bete behar lituzke zuen ustez Euskal Hezkuntza Sistema Propioak?
Izpia liburuxkan egiten dugun proposamenean oinarri oso errez batetik abiatzen gara. Gaur egun (eta lehen aipatu dudan bezala) hezkuntza sistemak ez daude ikasleon mesedera diseinatuta; kontrara baizik.
Zeintzuk dira bete beharko lituzkeen ezaugarriak orduan? Ba ikasleon eta herri honen garapen zein biziraupenerako diseinatuta egotea. Hezkuntza eredu publikoa izan beharko litzateke, hitz honek duen esanahi guztiarekin, denon eskura dagoena, doakoa noski baina edonork lekua izango lukeen hezkuntza eredua.
Nazionala izan beharko litzateke. Euskal Herriak hezkuntzan proiektu nazional baten beharra duela agerikoa da; herri honen egoera ezberdinak kontuan hartu, hemengo beharrei erantzun, baina noranzko eta ikuspegi bateratuaren bidez diseinatuta egongo dena.
Burujabea izan beharko litzateke, bere zentzu zabalenean. Erabakiak Euskal Herrian hartzeko batetik; eta bestetik hezkuntza komunitatea erabaki guzti horien parte izateko.
Askatzailea izan beharko litzateke, hezkuntzatik bizi eredu askatzailean heziko gaituen eredua baliatuz inposatzen zaizkigun rol eta jarreretatik askatzeko.
Guzti hau Euskal Eskola Herritar eta Burujabea bezala definitu dugu, eta hezkuntza komunitatearekin batera ekingo diogu noranzko honetan.
Ikasle mugimenduak historikoki bi norabidetan egin izan du borroka bere helburuak erdiesteko. Egungo hezkuntza sistema interpelatu batetik, eta bestetik bestelako hezkuntza ereduaren eraikuntzan urratsak eman. Nola jardungo duzue zeregin horiek betetzeko? Zein da IKAMAren jarduna ikastetxeetan?
IKAMAk egungo hezkuntza sistemaren hutsuneak azaleratu nahi ditu, eta hauen atzean dauden intentzio politiko interesatuak ebidentzian uztea tokatzen zaigu, hezkuntza sistemei maskara kentzea. Horretarako, tokian toki dagoen errealitateari behatu eta aldatu beharreko gauza horien aurrean antolatzen ari gara.
Baina, egungo hezkuntza sistemak iraultzeaz harago, IKAMAk lehen momentutik ekiten dio Euskal Eskola Herritar eta Burujabe bezala definitu dugun proiektu politikoa eraikitzera. Gure aburuz, egunerokotasuneko lanarekin eta garaipen txikiak lortuz eraikitzen da hezkuntza proiektu hori.
Hezkuntzaren eta Herriaren eraikuntza eskutik doazela diozue Izpia txostenean eta ikastetxeak ezin direla modu isolatuan ulertu. Ze aliantza mota planteatzen dituzue?
Heziguneak ez dira herritik isolatutako mundu bat, bertan gauden guztiak herritarrak ere bagara. Horregatik euskal herritar, gazte edota neska* izate hutsagatik bizi ditugun zapalkuntzez gain, ikasle izateagatik ere jasaten dugu zapalkuntza.
Herrian ematen diren problematikek ikastetxeetan ere isla dute. Ikasle mugimenduko kideoi dagokigu beraz problematika horiek hezkuntzan lurreratu eta hezkuntzako ikuspuntu batetik erantzutea; herriko greba batzordeetan parte hartuz, herriko aldarriak ikastetxeetara eramanez eta alderantziz.
Azkenaldian, ikasleok ez ezik, hezkuntza komunitatea osatzen duten guraso, irakasle, begirale eta garbitzaileek ere kaleak hartu dituzte. Indarrak batuz, ikastetxeetan bizi dugun errealitatea kaleetara atera dugu.
Kurtso hasiera honen ze balantze egiten duzue? Zein dira zuen ustez izurri egoera honetan, lehentasunezko beharrak eta aldarriak?
Kurtso hasiera hau desfase hutsa izan da. Uda osoa itzulera nolakoa izango zen imajinatzen pasatu dugu, ezjakintasunean. Hamaika prentsaurreko egin dituzte agintariek, horietako asko ezer ez esateko. Antzerki hutsa. Eta azkenean hezkuntzaren protagonista zuzenak garen hezkuntza komunitatearekin elkarlanik gabe diseinatutako kurtso itzulera batekin topatu gara.
Pandemia garai honetan ezinbestekoa zitzaigun itzulera seguru eta adostua izatea. Eta segurua izan zedin irakasle kopurua handitu beharra zegoen, ratioak jeitsi beharra, jangela eta garraio zerbitzua modu duinean eman zedin ganorazko planak egitea etb. Horren alde eta ikasturte berri desfasatu honen aurrean, hezkuntza komunitatea osatzen dugun hego Euskal Herriko milaka herritar mobilizatu ginen irailaren 15ean. Baina hala eta guztiz ere, ez zieten gure aldarrikapenei kasurik egin. Hau horrela, borrokan jarraitu eta urriaren 2an sindikatuek deitutako mobilizazioetara batu ginen.
Koronabirusak dena okertu eta zaildu du oro har. Euskal Herrian dugun hezkuntza sistemaren hutsuneak agerian utzi ditu: ratioak, baliabideak, euskararen egoera, arrakala soziala... Álvaro García Linerak berriki esandako hitzakgureraekarriz, “es un gran momento para comprometerse, para luchar, para organizarse, para ser joven”, ikasle konprometitu izateko garai ona da?
Beti da momentu ona ikasle konprometitu eta errebeldea izateko. Koronabirusa agertu baino askoz lehenago ere, ikasleok asko genuen borrokatzeko. Gazteok eta ikasleok borrokarako grina daramagu azalean. Amorruz betetzen gaituzten egoerak asko eta asko dira eta amorru hori antolatzean dago gakoa; borrokatu gabe, ez baitago irabazterik.
Egia da, olatu sozialek gora egin duten honetan, ikasleok ere badugula zer esanetapil-pilean dagoen giro hori aprobetxatzen jakin behar dugula. Beraz, bai. Izan gaitezen errebelde, konprometitu, gazte eta utopikoak!