ELKARRIZKETAK

Erria

Oier Zuñiga. Antzerkilaria eta marrazkilaria

"Arteak balio behar digu inguratzen gaituen horri heldulekuak bilatzeko eta ulertzeko, edo galderak pausatzeko"

2023-07-12

Oier Zuñiga iruindarra elkarrizketatu dugu artearen eta politikaren arteko harremanaz galdezka. Galdera zail eta kezka handiekin gindoazen, handiegiak eta zailegiak ziur aski. Baina Oierrek, galdera eta kezka horien mugetan pentsatzeko gonbitari eutsi eta bide berriak ireki dizkigu. Iradokitzailea eta kritikoa, hausnarketarako osagaiak ematen dizkigun elkarrizketa utzi digu.


Argazkiak. FOKU

 

Artegintza ala kulturgintza. Nola deitu behar zaie arte eta kultur espresio sortzaileei?

Artegintza kontzeptuarekin daukat lehen kezka edo zalantza. Ulertzen dut zer esan nahi den kontzeptuarekin, baina, askotan, kulturgintza esan nahi dugunean, artea erabiltzen dugu, edukiontzi handi bat balitz bezala. Nire ustez hitz egokiagoak dira kulturgintza edo kultur sortzea; egokiagoak eta zehatzagoak dira kontzeptu gisa.

Finean, historian eta ilustrazio garaian arteari eman izan zaion adiera ontzat dugu gaur egun, eta, hortik abiatuta, artegintzak hartuko lituzke hainbat sorkuntza diziplina. Hau da, ideiak, kontzeptuak, hausnarketak, objektuak, obra... sortzen dituzten diziplinak dira artea. Artearen kontzeptua, gainera, oso eztabaidatua izan da XX. eta XXI. mendeetan: zer den, objektua baldin badago artea den, eta ez badago baden ala ez den… oso eztabaida luzea da.

Artegintzaz hitz egitea oso hertsia da; aldiz, kulturgintzaren barruan artegintza dago, artearen sorkuntza. Artegintzak balio digu askotan, beste gauza batzuen artean, kulturgintzari edo komunitate baten kultur ikuspegiari eta kosmobisioari hainbat helduleku emateko, alor sinbolikoa hauspotzeko eta sortzeko, eta abar.

Artegintzaz hitz egitea, hortaz, hankamotz geratzen zait. Halere, arte diziplinez hitz egin nahi badugu, ongi, baina gaur muga horiek ez dakit zenbateraino dauden hautsiak. Esaterako, Negu Gorriakek edo (Fermin) Muguruzak 90eko hamarkadan egin zutena artegintza da musika egin zutelako? Hortik harago doa, ordea, kulturgintza egin zutelako, batez ere. Orduan, kulturgintzan sartzen garenean, ibai oso zabaletan sartzen gara, kultur ekosistema sortzen duten kultur espresio eta dinamika asko nahasten direlako. Horrekin guztiarekin, artegintza ezinbestekoa da, nire ikuspegitik, kulturgintzaren eragile den heinean.

 

Azken hamarkadetako munduko joerak dio kulturaren eta gizartearen arteko harremana aldatu egin dela. Hala gertatu dela uste al duzu?

Aldatu da, erabat; haatik, erantzuna desberdina da denboraren neurgailuaren arabera. Baina bai, eraldaketa nabarmena gertatu da. Gauzak mutatzen dira eta beste forma batzuk hartzen dituzte. Nola eraldatu den ulertzeko inportantea da ulertzea 90eko hamarkadan artegintzaren edo kulturgintzaren bisioa eta misioa eraldatu zirela, neurri batean, bederen. 1960ko eta 70eko hamarkadetan, munduan, hala planetaren ekialdean nola mendebaldean, artea ulertzeko modu jakin bat zegoen, non arteak oso harreman zuzena zuen jendartearen behar eta nahiekin; eta hortik gatoz. Gogoratu behar da Sobietar Batasunak zuen artearen ikuspegiaren azken itzal hori ere badagoela. Hainbat faktoreren eraginez, oraindik artegintzak eta herrigintzak harreman zubi zuzena daukate.

Hori eraldatzen hasi zen 50-60ko hamarkadan, II. Mundu Gerraren ostean, AEBetan, lehenik expresionismo abstraktuaren zabaltzearekin eta bultzadarekin. Artistaren “bat- batekotasuna” edota “libertatea” aldarri nagusitzat aurkeztuz bloke sobietarraren ustezko zurruntasun eta askatasun ezarekin kontrastatu nahi izan zuten. Gerora, modu zuzenean Andy Warholek eta beste hainbatek proposatutako artegintzaren ikuspegi neoliberalarekin, ideia hauek indartu ziren (edo zituzten). Artegintza erreprodukzioen fabrika bat zen haien proposamenean, merkatuaren logikaren baitan.

 

«Berritasunaren booma da merkatuaren logika; ideia berriak ekarriko dituena, egoera aseezin horri erantzungo diona, inoiz poto egingo ez duena… Eta are larriago emakumea edo periferiakoa bazara»

 

Espainiar estatura 80ko hamarkadaren bukaeran iritsi zen, Felipe Gonzalezen gobernuaren politika asistentzialekin, zeinak kultur sisteman ere islatu ziren. Eta gurera geroago heldu zen: Euskal Herrian 90eko hamarkadan errotu zen. Kulturgintza askea, herriarekin eta komunitatearekin harremanetan dagoena, utopikoagoa, etorkizun imajinarioak marrazten dituena... izatetik, igaro ginen kultura eskubide demokratiko bat dela ulertzera. Europan 80-90eko hamarkadan gertatu zen hori, instituzio politiko eta kulturalek kulturarako sarbidea eskubide demokratikoa zela arautu baitzuten, eta, horrekin batera, noski, kulturgintzaren produkzioa ere bai.

Eskubide ukiezin izatetik, administrazioek kudeatzera igaro zen, eta horrela errekurtsoen kudeaketa bihurtu zen. Egun mantentzen diren bi ikuspegi sortu ziren orduan. Lehenaren arabera, arteak funtzio hezitzailea du (gauzak irakatsi, gai baten inguruan hausnartu...); ideia honen barruan kokatuko genituzke kulturgintza amateurra edota hezkuntza arautuan zein ez arautuan garatzen diren kulturgintza espresioak. Bigarren ikuspegiaren arabera (eta hau da egun gailendu dena), kulturgintza edo artegintza garapen ekonomikoaren beste elementu bat gehiago da, eta kreatibitatea da bere balio sortzailea; alegia, industria bat ikusten da horren atzean, eta horrek kulturgintzaren bisioa eta misioa eraldatzea dakar.

 

 

Artegintzaren eta herrigintzaren arteko harremana Euskal Herrian oso estua izan da historikoki. Nola ikusten duzu harreman horren garapena?

Euskal Herrian, 60, 70 edo 80ko hamarkadetan herrigintzaren parte edo bizkarrezur potentea zen kulturgintza. 90eko hamarkadan, ordea, artegintzak herrigintzarekin zeukan lotura eraldatzen hasi zen. Hori gertatu zen kultur politikak eta instituzio publikoek euren lanabes bihurtu zutelako kulturaren irisgarritasuna eta eskuragarritasuna. Horrek arte sortzaileak edo kultur sortzaileak “profesionalizatzea” bultzatu zuen; sortzaileek beren ikuspegia eraldatu behar izan zuten, eta, eragile profesional izateaz gain, ikasi behar izan zuten jendartearen beharrak identifikatzen, ardura hori ere arte sortzaileen gainean jarri baitzuten. Horrek artista enpresa baten gisakoa bilakatzen du, zalantzarik gabe, eta iruditeria bat sortzen du, zeinean artegilea, ikuspegi neoliberal batetik, indibidualistagoa bilakatzen den.

Hortik dator artegintzaren eta herrigintzaren banaketaren egungo sentsazioa: artegileok etengabe egon behar dugu gure biziraupenari erantzuten, enpresa batek bezala, eta bilakatzen gara analizatzaile, produktore, tendentzien erakusle; eta, aldi berean, kontrolatu behar dugu zer esaten dugun, zer ez dugun esaten, produkzioa, ekonomia, komunikazioa, marketina… Hori eskatzen zaigu instituzio kultural eta publikoetatik, eta, noski, merkatutik.

Ondorioz, artistaren irudi indibidualizatuagoa dugu, duela hamarkada batzuk existitzen zen irudi komunitario harekin alderatuta, hor sortzen delako orain oso modan dagoen artista emergentea. Artista hori, ia baliabiderik gabe, etengabeko nobedadeak eragiteko gai da. Adibidez, irratia oso erakusle ona da: aldiro musikari gazteak aurkezten dizkigu, ekarpen oso interesgarriak egiten dituztenak, berritzaileak, merkatuaren logika horretan. Ahaztu egiten ditu bestelako artista batzuk, ibilbide sortzaile bat, arte ibilbide bat egiten ari direnak, denbora ezberdinak behar dituztenak beren lana, ikuspegia eta ekarpena garatzeko. Berritasunaren booma da merkatuaren logika; ideia berriak ekarriko dituena, egoera aseezin horri erantzungo diona, inoiz poto egingo ez duena… Eta are larriago emakumea edo periferiakoa bazara.

 

«Artegileok etengabe egon behar dugu gure biziraupenari erantzuten, enpresa batek bezala, eta bilakatzen gara analizatzaile, produktore, tendentzien erakusle; eta, aldi berean, kontrolatu behar dugu zer esaten dugun, zer ez dugun esaten, produkzioa, ekonomia, komunikazioa, marketina…»

 

Hemen beti egon da, eta badago, ordea, herrigintza indartsuago bat, beste latitudeetan baino handiagoa. Horrek eragina izango du kulturgintzan.

Noski. Euskal Herrian badira hainbat adibide logika horri erresistentzia egiten diotenak, artegintzaren eta herrigintzaren arteko loturak erresistentzian mantentzen dituztenak. Ziurrenik, Euskal Herrian oraindik badagoen herrigintzak duen indarraren eta influentziaren erakusgarri dira, eta horrek ahalbidetzen du bertako kultur sortzaileok herrigintzari so egitea eta lotuago egotea. Adibidez, 70eko hamarkadan, arte plastikoak (pintura eta eskultura) izan ziren bereziki herrigintzarekiko lotura horren adierazle nagusiak. 80-90eko hamarkadan, musika izan zen herrigintzaren erronka eta beharrei lotuago… Orain, aldiz, aldatu egin dira jendartearen kulturgintzarako sarbideak, eta horrek ere eragina izan du. Antzerkigintza sendo bat dago gaur egun gurean, agian haren ikusgaitasuna erabat zuzenekoa ez bada ere; zinemagintza ere sendo dago, eta musikak ere mantentzen du ikuspegi hori.

Zer gertatzen da? 70eko hamarkadan arte plastikoek (pinturak eta eskulturak) izan zuten boterea eta gaitasuna, batez ere, alor sinbolikoa eraikitzeko. Agian, sinboloak eraikitzeko indar gutxiago daukate zinemak edo antzerkiak. Edo sinboloek jada ez dute garai batean zuten presentzia zentralik, auskalo! Kontua da, behar eta lotura horiek eraldatu direla. Beraz, artegintzaren eta herrigintzaren arteko harremana aldatu egin da, eta ez da hain zuzenekoa produkzio sinbolikorako gaitasun hori.

 

Badago galdera bat, nahikoa errepikakorra: arteak funtzio soziala izan beharko luke, ala autonomia? Zer iritzi duzu horretaz?

Betiko auzia da, eta beti egongo da tentsio eta eztabaida hori. Nire iritziz, banaezina da artegintzaren eta egoera edo errealitate sozialaren arteko lotura. Arteak balio behar digu inguratzen gaituen horri heldulekuak bilatzeko eta ulertzeko, edo galderak pausatzeko. Ez badigu balio horretarako, arte neoliberala bilakatzen da. Oso ongi azaltzen zuen Oteizak, esaten zuenean arte garaikidean bi tendentzia daudela: bata konstruktibismoa, gizaki berria sortzea edo eragitea helburu duena; eta bestea dadaismoa, gaur egun nagusitu den tendentzia, etengabe estimuluak eta harridura sortzea xede duena. Hori da neoliberalismoak balioetsi duen artegintza forma.

Errealitatean banaezina da, ordea. Adibidez, Arco ferian ikusten dugunean, iaz esate baterako, preso politikoen argazkien erakusketa, gustatu ala ez, daukagun errealitate soziopolitikoarekin harremana sortzen du, artistaren intentzioa hura izan ala ez. Baita obraren inguruan sortzen den marko diskurtsiboa, eztabaida edo kalapita mediatikoa ere. Ikuspegi horretatik ikusiko dugu. Politika jendartea ordenatzeko eta gidatzeko praktika bada, artea da jendarteak dituen beharrak, kezkak eta ikusmoldeak zalantzan jartzeko edo logika bat emateko balioko duen praktika. Beraz, lotura banaezina da.

 

«Euskarazko antzerkigintza lortzen ari dena, euskal zinemaren tendentzia globala, musikako tendentzia berri horiek guztiak, eskultura… Ziklo politiko berri batean sartzen ari garela erakusten dute, non gatazka politiko-armatuak ez daukan lekurik, eta, aldiz, beste gatazka sozial batzuek lekua hartu duten: generoaren ikuspegia eta genero arrakala, nabarmenena»

 

Bukatzeko, gatozen egungo egoerara. Euskal Herriko ziklo aldaketak ekarriko zuen nolabaiteko inpaktua bertako artegintzan eta kulturgintzan. Nolakoa uste duzu izan dela?

Bai, saihestezina da. Aurretik esan dudanaren ildotik, lotura bat dago kulturgintzaren eta testuinguru sozial eta politikoaren artean. Mariano Ferrerri irakurri nion ETAren behin betiko desagertzea eta gero, nolabaiteko anestesia batean sartua zegoela euskal jendartea. Horren adibide zen, haren iritziz, PNVk Urkullu jartzea lehendakari, nolabaiteko paracetamol funtzioarekin: arriskurik gabea, neutroa, emoziorik transmititzen ez duena… Horrek garaiaz asko esaten du. Eta noski, hori kulturgintzan nabaritu da.

Duela hamabi urte pasatu zen hori, eta orain, aldiz, esan daiteke badaudela hortik ateratzeko lehen kimu batzuk. Lehen aipatu ditut hainbat erreferentzia: euskarazko antzerkigintza lortzen ari dena, euskal zinemaren tendentzia globala, musikako tendentzia berri horiek guztiak, eskultura… Ziklo politiko berri batean sartzen ari garela erakusten dute, non gatazka politikoarmatuak ez daukan lekurik, eta, aldiz, beste gatazka sozial batzuek lekua hartu duten: generoaren ikuspegia eta genero arrakala, nabarmenena. Kulturgintzaren eta herrigintzaren matrizeetako bat bilakatu da, praktikan eta edukian, egiteko maneretan eta egiten den horretan. Eta iruditzen zait badagoela lotura zuzen bat. Gauza hauek guztiek baldintzatu dute kulturgileak nondik aritzen garen ere: agian ez ohiko herrigintzaren ehun estrukturalei horren atxikiak, baina bai ikuspegi politizatuekin. Literaturak ere oso ongi adierazten digu nolako lotura izan duen artegintzak, historian, Euskal Herriko egoera politikoarekin. Horren adibide da azken hamar urte hauetan nolako lausotasuna egon den, eta nola bestelako aldagai eta zirrikituak ireki ditugun, behar genuelako; agian, hori da bidea: pausatu, gelditu, eta, hautsak harrotzen dituzunean bezala, lurrera erortzen utzi. Iruditzen zait orain hortik ari direla bestelako bide batzuk hasten eta esploratzen.