SINADURAK

Endika Perez

LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna

Trantsizio ekosozial justua

2024-05-22

Duela astebete Alternatiba Ekosozial Justua lemapean atera ginen kalera 60 eragiletik gora. Mugarri garrantzitsua izan da mobilizazio hau. Ez nahiko genukeen jende kopurua mobilizatu delako, bai ordea urtebete luzeko prozesu baten emaitza izan delako eta batez ere, aldarrikapen eta edukietan jauzi kualitatiboa eman delako.


Argazkia. Unsplash / Ma Ti

“Lokatzez gainezka etxea, ibaiak eztanda egin du.

Eta gurea zen ardura, ibaiak gainezka egin du”

Lokatzarena. Ibil bedi

 

Hau diogu, oraindik orain ekologismoarena, sektoriala den zerbait bezala ulertzen dugulako sarri, gure eguneroko praktika militante eta diskurtsiboan beste abizen bat gehiago aipatu bai baina abizen gehigarri gisa baino ez. Bizi dugun errealitatea krisi anizkoitzaren betaurrekoetatik begiratuta ere, kostatzen zaigu bata bestearen gainean metatzen diren zapalkuntzak ulertzeko modu hertsiarekin haustea.

Dominazio forma desberdinek, zapalkuntza modu berriak ezartzen dituzte lurralde eta gorputzen arabera. Eta polikrisi sasoian, guzti guztiek izango dute planetaren muga biofisikoak gainditu eta hazkunde infinituaren paradigmak eragindako kontraesanak bere baitan. Zehatzago esateko, hurrengo hamarkadetan krisi eta gatazka sozial oro larrialdi klimatikoak, bioaniztasunaren galerak, lurraren degradazioak edota lehengaien eta energiaren krisiak baldintzatua egongo dela esatea ez da norbere asmakizuna.  Ziurrenik, itxuraz bestelako arrazoiei lotuta aurkeztuko zaizkigu, baina muinean bizitza eta kapitalaren arteko borrokaren gudu-zelaia berdina izango da: Gutxi batzuen etekinerako ematen duena baino gehiago ustiatu nahi den planeta. Eta noski, honi loturiko ondorio behinenak.

Premisa honetatik abiatuta, inork gutxi uka dezake estrategia eraldatzaile eraginkorrak zehazteko gatazkak oinarri hauetatik eraiki behar direla, bai egunero erabakiak hartzera derrigortzen gaituztenak zein arnas luzeagokoak. Trantsizio ekosozialaz mintzo garenean berau martxan gaudela gauzatu beharrekoa dela jakitun gara, eta horregatik honen norabidea, abiadura eta erdigunean noren interesak kokatzen diren ematen dugun bataila bakoitzean disputatuko da. Baita ematea erabakitzen ez dugun horietan, egiten ez dugun politika, gure aurka egiten delako.

 

«Zapalkuntza guztiek dute muga biofisikoak gainditu eta hazkunde infinituaren paradigmak eragindako kontraesanak bere baitan»

 

Ehun sozioproduktiboaren eraldaketa sakona behar dugu. Lehengai fosilak alboratu eta energia berriztagarrien araberako jendartea eraiki, ekoizpen eta kontsumoa murriztu eta bertokotu, bestelako desirak eraiki, mugikortasuna mantsotu eta baita beste gauza anitz. Horretarako, planifikazioa da funtsezkoa, lurraldearena, esku hartze publiko arautuarena, parte hartze soziala eraikitzeko, langileon protagonismoa zehazteko. Ez dugu denborarik pesimistak izateko. Ekitea besterik ez dugu.

Zalantzarik gabe, sindikalgintzak badu zer esana eta zer egina. Ez nolanahikoa gainera. Eta zerrenda egiten hasita, gutxienez bi lehentasunezko erronka. Lehena, eguneroko praktika sindikalean eta gatazka zein negoziazio kolektiboaren norabidean asmatzea. Esana dugu, itxuraz bestela aurkeztuko bazaizkigu ere, deslokalizazioak, kaleratzeak eta beste izango dute ikuspegi ekosozialistatik erantzuteko beharra. Ez soilik ideologikoki gure proiektu politikoarekin lerratu nahi ditugulako langileak- hori ere bada noski- baizik eta gatazka zehatz horietan borrokarako tresna eraginkorrenak eskaintzeko aukera bakarra ere izango delako.

 

«Lehengai fosilak alboratu eta energia berriztagarrien araberako jendartea eraiki behar da, ekoizpen eta kontsumoa murriztuz eta bertokotuz, bestelako desirak eraikiz... Horretarako planifikazioa da funtsezkoa»

 

Ikustea besterik ez dago: autogintza sektorearen egoerak deslokalizazioa justifikatzen duen modu berean, ekoizpena birmoldatu eta ikuspegi ekologiko eta sozialaren arabera zabalik mantentzeko aldarriak borrokarako aukerak biderkatzen ditu. Bai enpresarekin negoziatzeko, baita administrazioari dagokion eskuhartzea galdegin edota sozialki aliantzak eraikitzeko. Urdulizeko Mecaner enpresan egindakoa izan bedi datozen urteetarako adibide.

Aliantzak aipatuta amaitzen dugu gaurkoan, horixe baita bigarren erronka. Agenda eta bide komuna behar dugu. Gatazka bakoitzari marko orokorra eskainiko diona. Lantokietan, kalean, instituzioetan, nork bere eremuan eman beharreko batailak eta aurrerapen mugatuak jauzi kualitatiboak emateko indar bilakatu behar dugu. Erreforma eraldatzaileak eta ez erreformaistak sustatzeko. Olatu erreakzionarioak ito ez gaitzan babesgune kolektiboak eraikitzen jarraitu beharko dugu.