SINADURAK

BeƱat Irasuegi Ibarra

Kooperatibista artisaua

Proiektu bizigarriak denontzat eraikitzea posible izango bada

2022-05-16

Harridura, zalantza, espantua, beldurra. Horrelako emozioen nahasketak gurutzatzen gaitu azkenaldian. 2008ko krisi finantzarioa iraganeko kontua zela etengabe errepikatzen ziguten, aldaketa klimatikoaren ondorioak gero eta nabarmenago ikusten genituen bitartean. Ekonomia berriro hazkundean zela erakusten ziguten, eguneroko bizitzaren prekarizazioa jendartean zabaltzen zen bitartean. Eta normaltasun kapitalistaren erdian itzuli da krisia, pandemia eta gerra formarekin. Errealitateak erakutsi digu krisia ez dela joan, formaz aldatu du eta okertzen joan da; izan ere, krisi askotarikoa da bizi duguna, sistemikoa.


Argazkia. Unsplash / Khashayar Kouchpeydeh

 

Bat-batean ikusi dugu zein zaurgarriak garen, bai indibidualki eta baita gizarte bezala, pandemia-gerra forma hartu duen krisiak azalarazi baitu bizitzarako ezinbestekoak ditugun oinarrizko baliabideak eskuragarri izatea ez dagoela gure esku, eta, gainera, galtzetik oso gertu gaudela merkatu ekonomiaren ustezko antolamendu honetan. Orain arte gizarte honetan bizitza bizigarriak eraikitzeko aukeratik kanporatuak diren pertsona eta kolektiboen zaurgarritasuna, beldurrak, prekaritatea, jendarteko geruza gehiagotara zabaldu da, eta bizi dugun egoerak jendarte ereduaren bideragarritasunik eza erakusten digu gero eta sarriagotan. Zaintza, elikadura, energia, osasuna, hezkuntza, komunikazio teknologiak, etxebizitza, kultura, harremanak, deskantsua, eta bizitzarako ezinbestekoak ditugun beste hainbat baliabide merkantilizatuak daudela konturatu gara. Eta merkatua botere harremanen tenplua da.

Krisiaren etapa honetan, Ukrainako energiaren gerrarekin lotua, bereziki elikadura eta energiaren hornidura eta merkatu arazoak nabaritzen ari gara gure inguruan. Energia merkearen garaia amaitu da, eta gainera estatuek prezioen erregulazioa gehiago liberalizatu dute, oinarrizko baliabide urri bat, espekulatzaile eta estatuen kontroletik kanpo dauden korporazioen esku utziz. Testuinguru honetan, herritarrok pairatu dugu eskasiaren erregulazio merkantila; izan ere, arazo larrienak herritar pobretu eta ekoizpen enpresek jasan dituzte, energiaren eskasiaren espekulatzaileek inoizko mozkin handienak lortzen dituzten bitartean. Badira, hala ere, energiaren sektorean asko sufritzen ari diren proiektuak, proiektu herritar eta burujabeak, energia kontsumo kooperatibak. Ez da paradoxa bat, merkatua bera espekulatzaileen alde erregulatua baitago, galdetu bestela Goiener, Som Energia edo Izabako Udalari.

Aurrerabide etengabearen ideia amaitu da ipar-mendebalde kontsumistan, eta bizitza proiektu bizigarriak denontzat eraikitzea posible izango bada, prekarizazio prozesua eten beharko dugu. Orain arte hegemonikoa izan den bizitza desiragarrien kontakizun puskatuaren hondarretan, aukera berriak proposatu eta gauzatzeko garaia da. Bide horretan ari gara proiektu anitzen sare zabal batetik burujabetzak lantzen, pluralean, bizitzarako ekonomiaren baitan burujabetza sektorialak indartzen, ekoizpenean, banaketan, kontsumoan, finantzazioan eta bizitzaren erreprodukziorako lanetan. Proiektu xumeak dira gehienak, eta lurralde zabalpenean aldeekin, baina sare zabala osatzen ari gara, Olatukoop eta beste askoren artean.

 

«Krisiaren etapa honetan, Ukrainako energiaren gerrarekin lotua, bereziki elikadura eta energiaren hornidura eta merkatu arazoak nabaritzen ari gara gure inguruan»

 

Gezurra badirudi ere, epe motzean burujabetza kontzeptuaren aldeko borroka egin beharko dugu gure herri eta proiektuetatik. Izan ere, Euskal Herrian burujabetza emantzipazioarekin eta proiektu eraldatzaileekin lotzen badugu ere, gero eta hurbilago dugu Europa aldetik datorren burujabetzaren ikuspegi autoritarioa, eskuin muturrak bere egin duena, eta gutxiengo pribilegiatuen estatus materiala bermatzeko asmoa duena. Gure lurraldeetan badugu burujabetza denontzako materialtasun justuago batekin lotzeko aukera, baina, horretarako, proiektu gehiago sortu eta daudenak indartu beharko ditugu. Errealitate burujabeak diskurtsoetatik harago gorpuztuz.

Bide horretan, krisi kapitalistek bazterrean utzi dituzten bizitza eta lurraldeak oinarrizkoak izango dira. Garapen eredu neoliberalak bizitza bizigarriak denontzat izateko eskaintzarik ez duenez, herri eta proiektu burujabeetatik proposatzen ari garen ildoa aukera handia da. Herritarrak, erakunde publikoak eta proiektu kooperatiboak lotzen dituen proposamena da, burujabetzak eskura ditugun tresnekin garatzen dituena, herriz herri, lurralde burujabeak landuz. Horretarako ekonomia sozial eraldatzailea eta udalgintza eraldatzailea josi, jendea kooperatibismoan formatu, diagnostiko sozioekonomiko propioak egin, autoeratutako proiektu kooperatiboak sortu, diru-funts herritarrak sustatu eta hauek guztiak garapen ekonomikorako ikuspegi eraldatzaile batekin lantzeko bidea egiten ari gara.

 

«Gure lurraldeetan badugu burujabetza denontzako materialtasun justuago batekin lotzeko aukera, baina, horretarako, proiektu gehiago sortu eta daudenak indartu beharko ditugu»

 

Hala ere, pixkanaka sortzen goazen ehun ekonomiko burujabea oso ahula izango da ez baditugu proiektuen eta lurraldeen arteko harremanak sortzen, ekosistema lurraldetuak josten. Adibide erreal eta eraginkorrak baditugu, energia prezioen krisian Koop 57 finantza kooperatiba eta Goienerren arteko elkarlanarekin ikusi dugunez.

Pirinioetan despoblazioaren kontra lan egitean, etxe barneko zaintza langileek kooperatiba bat sortzen dutenean, bizikletarekin lan egiten duten banatzaileak teknologia erabiliz federatzen direnean, elikadura kateak osatzeko kontsumoa antolatzean, baso, nekazaritza-lur eta eraikinak komunitatearen jabetzarako berreskuratzean, edo gure edozein herritan langileak elkartu eta kooperatiba bat sortzen dutenean, borroka berdinaz ari gara. Indartu dezagun bizitza bizigarri eta burujabeak denontzat izateko bidea.