SINADURAK

Maddi Isasi

LABeko Idazkaritza Feminista

Prekarietatea, zaintza langileen egunerokotasuna

2023-11-10

Zer den zaintza eta zer ez den. Sindikalgintza zer den eta zer ez den. Zer den edo zer izatea nahiko genukeen. Nori galdetzen diozunaren arabera erantzun bat jasoko duzu, seguru aski.


Argazkia. FOKU. 2019-03-08, Bilbo. Martxoaren 8. Greba feminista. Arratsaldeko manifestazioa.

 

Baina errealitatea gordina da: milaka emakume gaude bizitzak sostengatzeko beharrezkoak diren baina guztiz aitortu gabe eta pobreziara kondenatzen gaituzten zaintza lanak egiten izan enpleguaren esferan edo hortik kanpo (Hego Euskal Herrian gaur egun 163.000 emakume daude[1] etxeko eta zaintza lanetara guztiz emanak, inolako aitortza ekonomiko eta sozialik gabe). Eta milaka emakume izan dira baita ere azken urte hauetan zaintza lanak duintzeko borrokan inplikatu direnak, sindikalgintzan, erresidentzietan, kaleetan edo etxeetan.

Errealitatea ere emakume aurpegia (eta sarritan azal kolore ilunagoa) duten mila istoriok osatzen dute. Hau da horietako bat:

Hilabeteak (urteak!) daramatzazu zure lan baldintzak hobetzeko borrokan murgilduta. Ez zaizu hainbesterako iruditzen egunean urtean 1792 ordu lan eginda 1000 euroko soldata[2] bat baino zerbait gehiago eskatzea. Lanera baldintza horietan joatea gorrotatzen duzu. Eta bai, erresidentziako erabiltzaileen familiako kideak direnen haserrearekin ere konektatzen duzu (ahalik eta hobekien egiten saiatzen zara, baina denbora eta baliabideek ez dute laguntzen lan hau mimoz egiten).

 

«Milaka emakume izan dira baita ere azken urte hauetan zaintza lanak duintzeko borrokan inplikatu direnak, sindikalgintzan, erresidentzietan, kaleetan edo etxeetan»

 

Patronalak lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatu du eta gainera, negoziazio mahaira joatea tokatzen zaizunean zure lanaren eta aldarrikapenen inguruko mespretxuak jasotzen dituzu. Iruditzen zaizu zure aurpegira barre egiten ari direla, milioiak poltsikoratzen dituzten enpresa multinazional eta kasu askotan funts putreek zaintzarekin gero eta etekin gehiago ateratzea beste asmorik ez dute. Bizkaiko patronalean integratuta dagoen Sanitas taldeak 2 urtetan 200.000.000 euro irabazten dituzten[3] bitartean zu ez zara hilabete amaierara iristen.

Zalantzak dituzu grebara atera edo ez atera. Daukazun soldatarekin esfortzu handia suposatzen dizu eta aukerak mugatuak direlako ere ezartzen dizkizuten zerbitzu minimoekin.

Hartu duzu kotxea goizeko 7etan lanera joateko. Irratia piztu eta Iñigo Urkullu eta Eider Mendozak “Zainketei buruzko kongresua. Zainketen aldeko euskal ituna eraikitzen” jardunaldiak egingo dituztela Tabakaleran. Notiziarik ez Azaroaren 30an Zaintza eskubide kolektiboaren alde deituta dagoen Greba Feminista Orokorraren inguruan.

 

«Bizkaiko patronalean integratuta dagoen Sanitas taldeak 2 urtetan 200.000.000 euro irabazten dituzten bitartean zu ez zara hilabete amaierara iristen»

 

Ohitua zaude albistegietan ez ateratzera, ordea. Baina zure auzoan greba antolatzen ari den komunitatean parte-hartzera animatu zara. Azken urteetan kaleetara atera direnengatik, borrokan haien gorputzak jarri dituztenengatik, greba egunean atera ezingo direnengatik (zerbitzu minimoetan egoteagatik, greba eskubiderik ez izateagatik...)

Greba hau berezia delako. Zaintza eredua eraldatzeaz ari garelako eta hori urgentzia bat delako. Baina era berean, sistema ekonomiko eta sozial osoa aldatzeko bide bat zabaltzen ari garelako. Emakumeoi inposatzen zaigun zaintzaile rolarekin apurtzeaz ari gara, produktibo-erreproduktibo dikotomia faltsua gainditzeaz, jendarte feministago bat eraikitzeko zaintzen eraldaketa bat eman behar delako, bestela zaintzen banaketa desorekatuak emakumeok mendeko egoera batean kokatzen gaituelako.

Baina hemen ez da ezer bukatuko. Balio beza urrats hau, zaintza langileen lan baldintzak hobetzeko borrokak ere hauspotu, zubiak eraiki eta bizitzak erdigunean jarriko dituen Herri Akordio batean urratsak emateko, sindikalgintzatik baita ere. Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorrera!

 


[1]14. IKUSMIRAN. Zaintzak Bizitzaren sostengurako ezinbesteko lanak prekarizatuak daude txostenetik ateratako datua: https://www.iparhegoa.eus/azterketak/ikusmiran/ikusmiran-14-zaintzak/

[2]Arabako Helduen Egoitzeko egoera, Hitzarmen propiorik gabe.

[3]Zelaieta, A (2021). Residencias SA. El negocio de los cuidados en Euskal Herria. Txalaparta.