SINADURAK

Xabi Larralde

Ekonomiako irakaslea eta Sortuko kidea

Prekarietatea, lehentasunezko borroka bat mugimendu abertzalearentzat

2020-11-24
FR

Osasun krisiak ondorio ekonomiko oso larriak izango ditu, batik bat klase herrikoien artean. Iristear den prekarietateak lehentasunezko erronka bat izan behar du mugimendu abertzalearentzat, bai bere ezkerreko proiektuaren baitan dagoelako, bai Euskal Herrian “elkarrekin bizitzeko” funtsezko alderdiari lotuta dagoelako.


Argazkiak. Unsplash / Phillip Meiners

 

Bistan da, zoritxarrez, oraindik ez dugula Covid-19aren krisiarekin amaitu, eta haren ondorio ekonomikoak eta sozialak ikaragarriak izango dira… Ez izan zalantzarik: prekarietatearen igoera nabarmen bati egin beharko diogu aurre. Ekonomiaren ikuspegitik, ekonomiaren depresio handi baten beldur izateko elementua zorpetzea da.

Ziklo ekonomikoen mailan, egiaztatuta dago, oro har, depresio faseak zorraren jaitsierari lotuta daudela. Alabaina, ez zen halakorik geratu munduko ekonomian, 2008ko krisiaren ondoren: zorpetze mailak hazten jarraitu du, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, munduko BPGaren % 230era iritsi arte.

Eskala mikro-ekonomikoan, erraz uler daiteke: dagoeneko zorra handia duen enpresa batek bere negozio bolumenean galera izugarri handia badu, egoera biziki larrian egongo da… Zorra ordaintzeko ahalmenik ez duten enpresen kopuru handiak langabezia areagotzeko arriskua dakar, eta horrek, aldi berean, kontsumoaren eta inbertsioaren jaitsiera ekarriko du; beraz, ekoizpenaren galera eta, horrekin batera, langabeziaren egoera are gehiago okertzea, etab. Eta hortxe dugu, hain zuzen, prekarietatearen inoizko igoerarik handiena ekar dezakeen zirkulu madarikatua.

 

«2008ko krisiaren ondoren: zorpetze mailak hazten jarraitu du, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, munduko BPGaren % 230era iritsi arte.»

 

Azpimarratu behar dugu, ordea, mekanismo ekonomiko soilen atzean, indar erlazioak ezkutatzen direla eta komeni dela horiek arretaz aztertzea, etorkizuneko krisiaren erronkei heltzeko.

Ikuspegi horretatik, kontuan hartu behar dugu, ekonomiaren zorpetze mailaren eta ez ordaintzeak biderkatzearen ondorioak direla eta, bankuak eta finantzen arloa lehen lerroan egongo direla berriro. 2008ko krisiaren kudeaketak erakutsi digu, ordea, ahal duten guztia egingo dutela pagaburuak ez izateko…

 

Orduan, nork ordainduko du etorkizuneko krisiaren “faktura”?

Esan berri dugunez, sistema kontrolatzen duen oligarkia ekonomikoak eta finantzarioak ordaintzea saihestuko du. Klase ertainei erantzukizuna eskatuko zaie, baina haiek zaintzen saiatuko dira, bozkatzen jarraitzen duten herritar taldeen gune gogorra osatzen baitute. Bista da, beraz, sistemak bizirauten jarraitzeko egin beharko dituen “doikuntzen” zama guztia klase herrikoien gainean erokiko dela, abstentzionismo gehiena haien artean ematen baita. Horregatik, hain justu, klase herrikoiek dute prekarietatea jasateko arriskurik handiena.

Horren aurrean, interesgarria iruditzen zait hemen gogoratzea Udako Unibertsitateen harira (Covid 19a dela eta bideokonferentziaz egin zirenak) EH BAIk gonbidatutako parte hartzaileek adierazitako hiru gogoeta.

 

«Klase herrikoiek dute prekarietatea jasateko arriskurik handiena.»

 

Òmnium Culturaleko batzorde exekutiboko kide Xabier Antichen aburuz, prekarietatearen aurka ere borrokatzen den Kataluniako elkarte kultural horren ekintzan jokoan dagoena zera da, gizartearen sektore batzuek ezin dutela bat egin Herri proiektu batekin, herri horretako kide sentitzen ez direlako. Mundu osoan, eta maila lokalean Iparraldean, pertsona asko ekonomikoki baztertuta geratuko dira, eta, aldi berean, ostrazismo soziala ere jasango dute, gizarte eta politikaren ikuspegitik.

Iristear den prekarietateak lehentasunezko erronka bat izan behar du mugimendu abertzalearentzat, bai bere ezkerreko proiektuaren baitan dagoelako, bai Euskal Herrian “elkarrekin bizitzeko” funtsezko alderdiari lotuta dagoelako.

Attac elkarteko bozeramale Aurélie Trouvék, bere aldetik, “munduaren amaierari” lotutako borroka ekologikoak eta gizartearen “hilabete amaieraren” borrokak elkartzeko beharra azpimarratu zuen. Horri lotuta, pozgarria da Aldaren sorrera, mugimendu abertzale bat, auzo eta ingurune herrikoiak defendatzeko helburua duena.

Bukatzeko, Korsikako Asanbleako presidente Jean Guy Talamonik Lurralde Kolektibitateak Korsikan soldata unibertsala abian jartzeko egindako urratsak azaldu zizkigun. Iparraldean ere, abertzaleei dagokigu gure erakundeek (udalak, Euskal Hirigune Elkargoa) prekarietatearen aurka borrokatzeko konponbide berritzaileak hartzen dituztela bermatzea. Hortxe dago Korsikan probatu behar den soldata unibertsala, baina bestelako ekimenak ere aipa ditzakegu, hala nola “Iraupen luzeko langaberik gabeko zero lurraldeak”, orain dela gutxi beste 50 lurraldetan abian jarri dena…