SINADURAK

Xabi Iraola Larraia

Sortuko Herrigintzako, idazkaria

Oldarraldi bat baino zerbait gehiago

2023-10-31

Euskarak eta Euskal Herriak estatua behar dute etorkizuna bermatua izango badute, baina egun horren zain egon gabe, orain eta hemen, heldu behar diogu hizkuntza politiken inguruko eztabaida orokorrari. Oldarraldiarekin edo oldarraldirik gabe, euskalduntzean aurrera egitekotan, estrategiak, baliabideak, lege-babesa eta estatu egiturak beharko baitira. Gako horietan ardaztu behar genuke herri gisa egiteke dugun eztabaida.


Argazkia. Unsplash / Tingey Injury Law Firm

 

Haragi bizitan daude oraindik, eskola nazional frankistan, euskaraz hitz egitearren erregelarekin kolpatutako gure gurasoen hatz punttak. BERRIA egin genuen arren, betirako geratu zen itxita behin bortxaz itxi zuten euskara hutsezko egunkari nazionala. Gutxiagotzea sentitzen jarraitzen dugu, erakunde publiko zein pribatuekin euskaraz aritu nahi eta ezezkoa jasota, lehenago ere askotan sentitu izan dugun gutxiagotzea. Asko dira artean etxetik euskara ez dakarrenak euskara ikasteari eskaini behar dizkion ordu, diru eta izerdiak...

Nahi beste luza genezake euskararen aurkako eraso eta oztopoen zerrenda hori. Aspaldi baita nahi baino gehiago luzatu zutela. Eraso eta oztopo horiek iraganeko kontu soila balira, gugan utzitako zauri eta minak osatzera bideratu ahalko genituzke gure indar guztiak. Etengabe (era)berritzen ari den zerrenda batez ari gara, ordea. Eraso horietan azkenak izan dira hainbat tokiko erakunde publikotan martxan jarritako hizkuntza eskakizunen eta EAEko Udal Legearen zenbait artikuluren aurkako epaiak.

Hizkuntza eskakizunei loturiko gatazka hori borobiltzera dator PSEk, EAJren onespenarekin, EAEko Hezkuntza Legean hizkuntza ereduak sartuta egindako atzerapausoa. Nola izango dira gai datozen belaunaldiak hizkuntza eskakizun horiek betetzeko, hezkuntza sistema ez bada gai eurak euskalduntzeko? Azken erabaki horrekin aurrerabiderik gabeko egoera batera kondenatu nahi dute euskalduntzea; biribilgune berean jira eta bira. Eta jakin badakigu aurrera egiten ez duenak atzera egiten duela. Bide batez, munduko zein tokitan ikusi da norbaitek propio ukatzea euren seme-alabei bizi diren lurraldeko hizkuntza ikasteko eskubidea eta aberastasuna?

 

«Eraso horietan azkenak izan dira hainbat tokiko erakunde publikotan martxan jarritako hizkuntza eskakizunen eta EAEko Udal Legearen zenbait artikuluren aurkako epaiak»

 

Horregatik guztiagatik, bete-betean erratuko ginateke hori oldarraldi judizial huts bat dela pentsatuko bagenu. Jarritako helegiteetan eta emandako epaietan ageri diren argudio politikoek aditzera ematen dutenez, martxan den oldarraldia, judiziala izateaz gain, politikoa eta ideologikoa baita. Euskal Herrian euskara inposatzen dela diote; espainol eta frantses hiztun elebakarrak direla zapalduak; gu garela Euskal Herria elebakarra izatea nahi dugunak; hizkuntza eskakizunak eskatzen ditugunean, herritar zein langileen eskubideak urratzen ditugula... Ideia horietan oinarrituta ari dira birsortzen euren diskurtsoa. Eta horrela ari dira guztiz faltsua den errealitate bat eraiki nahian. Izan ere, eurek ere bai baitakite euskaldunoi erauzten zaizkigula eskubideak. Euskaldun guztiak garela, gutxienez, elebidunak. Eta eurak direla, Espainiar Konstituzioaren izenean, eskubideak mailakatuz, herritar zein langileen eskubideak hizkuntza eskubideei gainjarri dizkietenak. Eskubideak, eskubide badira behintzat, guztiak, guztiontzat eta maila berean izan behar direla ahaztuta.

Espainiar estatuko beste zenbait tokitan Vox eta PP dira oldarraldi horren protagonista nagusiak eta diskurtso horren sustatzailerik sutsuenak. Gurean, berriz, ezker espainiar-zalea da oldarraldi horren lehen lerroan dagoena. Zer eta gainera, ustezko aurrerakoitasun batez mozorroturik. CCOO eta UGT dira hizkuntza eskakizunen aurkako helegite horietariko asko jartzen ari direnak, PSEren bueltako hainbat pertsona prentsan diskurtso hori elikatzen ari direnak, PSE bera hizkuntza ereduak blindatuz haurren euskalduntzea oztopatu nahi duena... Izan badute ate joka ditugun EAEko hauteskundeei begirako interes elektoralik, baina PSE, PSE izaten ari da. Ez besterik. Euren izatearen funtsa espainiar proiektua Euskal Herrian bizirik mantentzea baita. Eta badakite espainiar proiektuak hemen iraun dezan ezinbestekoa dela euskara eta euskal kultura gehiago ez hedatzea. Horregatik erasotzen diote euskarari. Eta horregatik da oldarraldi bat baino zerbait gehiago: nazio gatazka da bere gordinean.

 

«Badakite espainiar proiektuak hemen iraun dezan ezinbestekoa dela euskara eta euskal kultura gehiago ez hedatzea. Horregatik erasotzen diote euskarari.»

 

Bigarrenez erratuko ginateke, ordea, erantzutera soilik mugatuko bagina. Oldarraldia bestela ere euskararentzat larria den egoera batean baitator. Ezagutzaren apalaldiari, erabileraren jaitsierari edota euskal kulturaren transmisioan dugun etenari, izugarri aldatzen ari den mundu honek parez pare jarri dizkigun erronkak gehitu zaizkie. Besteak beste, kulturalki inoizko Euskal Herririk pluralena da oraingoa, eta digitalizazioak goitik behera eraldatu du gainontzeko pertsonekin, eta ondorioz, baita hizkuntzekin dugun harremana ere. Euskarak eta Euskal Herriak estatua behar dute etorkizuna bermatua izango badute, baina egun horren zain egon gabe, orain eta hemen, heldu behar diogu hizkuntza politiken inguruko eztabaida orokorrari. Oldarraldiarekin edo oldarraldirik gabe, euskalduntzean aurrera egitekotan, estrategiak, baliabideak, lege-babesa eta estatu egiturak beharko baitira. Gako horietan ardaztu behar genuke herri gisa egiteke dugun eztabaida. Eta gako horietaz hartu erabakiak, oraindik hartzeke ditugunak. Azken hamarkadetan aurreratu duguna galdu nahi ez badugu behintzat. Are gehiago, azken hamarkadetan baino gehiago aurreratu, eta Euskal Herri euskaldun eta eleaniztuna eraiki nahi badugu.

Horra iristeko, oldarraldiaren aurrean ahalik eta herri erantzun zabalena antolatzea da tokatzen dena. Horregatik, azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat. Euskaraz bat lelopean deitutako manifestazioan izango gara Sortuko kideok ere. Eta azaroaren 4aren ostean, Euskal Herriaren euskalduntzean urratsak egiten jarraituko dugu. Behingoz euskararen aurkako erasoen zerrendak idazteari utz diezaiogun. Noizbait, berreuskaldundu zen herri baten historia idatz dezaten.