George Orwellen « 1984 » edo Alain Damasioren « Les furtifs » antizipazio eleberriak urrun gelditu dira gertatzen ari denarekin eta heldu zaigunarekin alderatzen baldin baditugu. Urteak dira gure bizitza pribatuaren espazioa murrizten ari dena, etengabekoa baita sare sozialetan eta bestelako bitarteko numerikoetan egunerokoan egiten dugun biluzte ariketa. Eta oharkabean, mundu mailako hedadura duten bospasei multinazionalen esku utzi dugu gure egunerokotasuna zelatatzeko ahalmena.
Neoliberalismoaren olatu berriak jendartearen mutazioa muturreraino eramatea lortu du.
Inolako gibelapenik hartu gabe, sare sozialen baliabide eta gailuak gure egunerokotasunaren ardatz egin ditugu. Bestelako jendartea eraikitzea helburu dugun mugimenduetako kideek ere sare sozialak eragin eta militantzia esparru bilakatu ditugu. Bapatekotasunean oinarritzen diren Facebook, Twiter, Wattsapp ala Telegram sareek guztia monopolizatu eta baldintzatzeraino.
Birus batek Sillicon Valleyko ideologoek amesten zuten jendarte eta bizi eredura hurbildu gaitu. Beraien tresnak ezinbesteko bilakatu zaizkigu hain beharrezkoak zaizkigun harreman sozialak ordezkatzeko, etxetik lana egiteko, etxetik ikasteko eta denbora librea betetzeko. Eta heriotzaren beldurrak, anestesiaturik eta arrazoia galdurik bezala gauzkan honetan, Estatuek ozka bat harago ezarri dute ondoko mugarria. Konfinamendutik ateratzeko sakeleko gailuen bidezko zelatatze aplikazioak erabiliko dituzte, gure nondik-norakoak jarraitu eta distantziazio sozialerako neurriak errespetatzen ditugula bermatzeko. Ustez gure onerako eta batez ere gure oniritziarekin.
Denbora gelditu eta gogoetarako astia har genezakeen. Gutariko bakoitzaren borondatezko subordinazioak eragiten duen desintegrazio sozial eta kolektiboaz jabetzeko. Gure egunerokotasuna zalantzan ezarri gabe zerumuga askatzailerik eraikitzerik ez dagoela ohartzeko. Horren ordez, pairatzen dugun egoeraren iturburuan dagoen sistemaren joko zelaitik atera gabe, bizikleta estatiko batean jo eta ke ari gara bestelako mundu baten bidean goazela sinisturik, murgildurik aurkitzen garen eskenatoki berriaz behar bezala jabetu gabe.
Ezer ez da berdin izango. Eta ezer ez da bere baitarik eroriko. Gutariko bakoitzaren hautuen baitan dago gakoa. Bizitzeko moldean. Kontsumitzeko moldean. Antolatzeko ereduan. Beste herrien espoliazioan eta beste herritarren askatasunen urraketan oinarritzen den bizi mailarekin jarraituko al dugun galdetu behar diogu gure buruari. Izan ere, nola izan gaitezke aske gure bizi eta kontsumo maila beste hainbaten zapalkuntzan oinarritzen den bitartean ?
Hemen artikulua entzungai