SINADURAK

Xabi Iraola

Sortuko Gipuzkoako herrigintza arduraduna

Nazioa eta estatua. Dikotomia antzuak apurtuz

2020-06-10

Azken hamarkadek erakutsi digute naziotasunak ez duela subiranotasuna garantizatzen. Horregatik, euskal independentismoan nazioaren eta burujabetzaren inguruko eztabaida piztu da. Bata eta bestearen ezaugarrien inguruan, eta baita bata eta bestearen arteko harremanaren inguruan ere. Sarri estatugintza eta naziogintza elkar oztopatuko luketen prozesu gisa kokatuz.


 

Argazkia: John Bakator / Unsplash

Benedict Anderson politologo eta historialariak lurralde jakin batean bere burua politikoki subirano irudikatu nahi duen komunitate gisa definitu zuen nazioa. Gurean, antzeko bidetik, Joseba Sarrionandiak komunikazio espaziotzat hartu izan du nazioa. Ezein kontzeptu bezala behar beharrezkoa da nazioa nola ulertzen dugun zehaztea. Bestela, elkar ulertu ezinik eta eztabaida antzuetan katramilatuta arituko baikara.

 

«Zer da nazioa XXI. mendean? Zein oinarriren gainean eraiki nahi dugu euskal nazioa? Orain artekoak balio digu edo birpentsatzeko garaia da?»

 

Azken urte hauetan nazioaren inguruko eztabaida desitxuratu eta antzuetan jardun garela esango nuke. Nazioaren definizio argirik konpartitu gabe; batzuen eta besteen posizioak karikaturizatuz. Zer da nazioa XXI. mendean? Zein oinarriren gainean eraiki nahi dugu euskal nazioa? Orain artekoak balio digu edo birpentsatzeko garaia da? Nazioaren gaineko eztabaida ez da berria; ez Euskal Herrian, ezta mundu zabalean ere. Eta guri gustatu edo ez, ezinezkoa da nazioek eta nazionalismoek izandako garrantzia aintzat hartu gabe XIX. eta XX. mendeen historia ulertzea. Jendartearen antolamendua bete-betean zeharkatu dute eta artikulazio politikorako potentzialitate izugarria izan dute. Eta oraindik ere badute. Horregatik, hobe genuke nazioak artikulazio politikorako tresna gisa gutxietsi beharrean, daukan garrantziaz jabetu eta eztabaidari ganoraz heltzea.

 

Modernizazio garaiak

Azelerazio edo azkartze fase batean gaudela entzuten dugu han eta hemen. Aro aldaketa batean. Historian zehar bizi izan ditugu horrelako beste une batzuk ere. Brandek azken bi mendeetan zehar izandako 3 modernizazio garai bereizi eta identifikatu zituen; eta baita horiei emandako erantzun nagusienak deskribatu ere. Baga, XIX. mendearen hasieran erantzun aurren modernoa deituko zaiona. Bereziki, goitik eman zitzaion erantzuna aro honi Jauntxoen eskutik, baina baita herritik (behetik) ere aitzinako ordenuaren edo ohituren defentsan. Biga, XIX. mendearen amaieran zibilizazioaren kritika zorrotzaren garaia izan zen. Modernizazio aro horri erantzun ezkorra eman zitzaion, bereziki. Higa, XX. mendearen erdialdean kritika kultural eta artistiko idealista egin zen. Balio unibertsalen aldeko erantzun baikor gisa defini genezakeena.

Modernizazio aro edo jauzi horiek guztiek modu batera edo beste batera Euskal Herrian ere beraien aztarna utzi dute. Lehenengo aroaren garaian gertatu ziren Karlistadak eta euskal foruen defentsa. Bigarren aroan, aipatu dugun erantzun ezkor horrek Sabino Aranaren eta EAJren eskutik lehen mugimendu abertzale sendoa ekarri zuen. Arrazan, hizkuntzan eta erlijioan oinarrituko abertzaletasuna. Eta hirugarren aroak, berriz, ETAren eskutik abertzaletasun iraultzailearen sorrera. Hizkuntza eta kultura jarriz nazioaren erdigunean. Eta, nazioa balore sozialistetan oinarrituta eraikitzeko bidea sortuz.

 

«Modernizazio aro edo jauzi horiek guztiek modu batera edo beste batera Euskal Herrian ere beraien aztarna utzi dute.»

 

Esan bezala, historiaren azelerazio une batean murgilduta gaudela dirudi. Eta garai honek aurrez aurre dituen erronka berriak geroz eta agerikoagoak dira: urbanizazio prozesuen ondorioz metropoliaren eta gainontzeko lurraldearen artean gertatzen ari diren talkak eta desorekak, digitalizazioa eta honen lidergoa eskuratzeko mundu potentzia nagusien arteko lehia, migrazio-fluxu handiak, klima larrialdia, gizarte geroz eta prekarioagoak, gizonon eta emakumeon arteko ezberdintasunak, zaintzaren erronka... 2020. urte honen hasieran, mundu osoan zehar hedatu den COVID-19 pandemiak erronka edo korapilo guzti horiek are agerikoago egin ditu. Sistema biluztu eta agerian utzi ditu bere miseriak.

Testuinguru honetan, abertzaleoi laugarrenez gure nazioa non eta nola kokatu nahi dugun zehazteko unea heldu zaigu. Ezkerrekoak eta independentistak garenontzat bidea 60. hamarkadan ireki ziguten. Nazioa ikuspegi berdinzale batetik eraikitzearen beharra argi ikusi zutelako eta gure nazio proiektua estatu baten beharrarekin lotu zutelako. Hain zuzen ere, bi erronka horien bueltan ikusten dut gure nazio proiektuaren etorkizuna. Alde batetik, garaiko taupada emergente eraldatzaileekin konektatu beharko du euskal nazioak aurrerantzean. Eta beste alde batetik, naziogintza eta estatugintza prozesuak behar bezala harilkatzen asmatu beharko du.

 

Taupada emergenteak eta txirikordatzeak

Asko idatzi eta ikertu da nazioaren eta naziogintzaren inguruan. Eta askotariko teoria eta paradigmak ditugu eskuragai. Euskal Herriaren historia ulertzeko egokiena delakoan pentsamendu etnosinbolikoaren hariari helduko diogu. Pentsamendu honen arabera, nazioen oinarrian badago esentzia bat; alegia, modernitatearen aurretik ere bazeuden nazioa egiten zuten arrazoi objektiboak. Nazionalismoak horiek indartu eta proiektatzeko sortu ziren.

Simone de Beauvoirrek feminismoarentzat zizelkatu zuen “emakumea ez da jaiotzen, egin egiten da” esaldiaren ikuspegia naziogintzaren inguruko eztabaidara ekarriaz, esan daiteke nazioak ere oinarrizko/berezko esentziaren bat baduten arren, zerbait badira hain zuzen garai historiko bakoitzean imajinatu eta nazio-kideek eraikitzen duten hori direla. Nazioak ere egin egiten direla.

 

«Asko idatzi eta ikertu da nazioaren eta naziogintzaren inguruan. Eta askotariko teoria eta paradigmak ditugu eskuragai.»

 

Euskal abertzaletasunaren errepaso azkarra egin dugunean azpimarratu dugu nola izan den gai garaian garaiko erronka eta ezaugarrietara egokitzeko. Eta oraingo honetan ere, proiektu gisa bere etorkizuna garai berri honek ekarriko duen errealitatera moldatzeko gaitasunaren araberakoa izango da.

Bidea, noski, ez dugu hutsetik hasten. 60. hamarkadan sortutako abertzaletasun iraultzailearen oinarrietan badugu zer ikasia. Abertzaletasunari ikuspegi aurrerazalea eta berdinzalea ematea da gakoa. Horrek, orain eta hemen euskara, euskal kultura eta abertzaletasuna erosotasunetik lokatzetara (beste behin, Arantzazutik Bilbora) mugitzea eskatzen du. Euskal nazioa garaiko borroka emergente eraldatzaileekin txirikordatzea. Euskal Herria ongizatearen baloreetan; balore feministetan, Amalurrarekiko harreman osasuntsuetan; komunitate sendo, kohesionatu eta berdinzaleetan... oinarritutako lurralde gisa eraikiz eta irudikatuz.

Honetarako, tresna nagusia, 60. hamarkadan izan zen bezala, kultura izango da. Euskaraz amets, negar, irri, maitatu eta jolasteko bidea delako. Gure identitatea sortzeko armarik indartsuena. Erantzunak emateko baino galdera berriak egiteko.

 

Argazkiak / Unsplash. Jackson Simmer

 

Nazioaren eta estatuaren arteko harremana

Azken hamarkadek erakutsi digute naziotasunak ez duela subiranotasuna garantizatzen. Horregatik, euskal independentismoan nazioaren eta burujabetzaren inguruko eztabaida piztu da. Bata eta bestearen ezaugarrien inguruan, eta baita bata eta bestearen arteko harremanaren inguruan ere. Sarri estatugintza eta naziogintza elkar oztopatuko luketen prozesu gisa kokatuz. Hau da, independentista berriak lortzeko aitzakian abertzaletasuna difuminatu edo bigarren/hirugarren maila batean utzi beharko balitz bezala. Eta aldi berean, estatu baten aldeko diskurtso berriak kaltegarriak balira bezala euskal abertzaletasunarentzat. Hain zuzen, kontrakoa denean. Elkar elikatzen diren prozesuak direnean.

Azken hamarkadetako sezesio prozesuetan ikusi dugu gehiengo demokratikoak eraikitzeko joera indartu dela. A priori ez dela aski nazioa izatearekin. Esaterako, Kataluniako Printzipatean independentzia eskuratzeko abertzaletasunaz haragoko arrazoiak (demokratikoak eta ekonomikoak) mahaigaineratu dira. Arrazoi hauetan jarri delarik independentisten hazkundearen arrakasta. Baina, ez ote ditu process-ak berak lehen abertzale (katalan) ez zirenak modu batean abertzale (katalan) egin edo gutxienez nazio katalanera hurbildu? Eta ez ote du process-ak berak nazio katalana zabaldu eta  aurrerazaleago egin?

 

 «Azken hamarkadek erakutsi digute naziotasunak ez duela subiranotasuna garantizatzen. Horregatik, euskal independentismoan nazioaren eta burujabetzaren inguruko eztabaida piztu da.» 

 

Esan dugu, naziotasunak ez duela subiranotasunik ematen. Baina naziorik gabe ba al dago subiranotasunik? Joseba Sarrionandiaren arabera gizarte osoarentzat proiektu erakargarri bat behar dugu. Nazio proiektu ongi imajinatu bat. Nazioa komunitate moduan osatzen joatea. Estatua izateko nazioa behar dugula, alegia.

Baina, aldi berean, ba ote dago naziorik estaturik gabe? Joxe Azurmendik ongi azaldu bezala estatuak eremu guztietan hedatuaz joan diren artean, estaturik gabeko nazioak bizi indarra galduz, autokontzientzia urtuz; azken batean, desintegratuz joan dira. Eta hori gainera, estaturik gabeko nazio guztiei gertatu zaie: Eskozia, Gales, Bretainia, Alsazia, Okzitania, Lurralde Katalanak; Andorra edo Luxenburgori ez bezala. Argi dago, beraz, estatua duten nazioek aurrera egiteko aukera gehiago dituztela.

 

 «Ez dugu izango estaturik nazioa osatuz joan ezean. Eta aldi berean, ez dugu nazio proiektu osaturik izango estatu burujabe batek eskaintzen dizkigun tresna guztiak eduki ezean.» 

 

Estatugintza eta naziogintzaren arteko dikotomia antzua apurtu behar dugu. Izan ere, biak ala biak egin behar dira eta biek ala biek egiten dute bestea. Estatua egin aurretik nazioa egin beharko dugu. Eta estatu bat izatean nazioa egiten jarraitu beharko dugu. Behin estatua izanda estatugintza egiten jarraitu beharko den bezala. Horregatik, euskal independentismoak estatu bat eskuratu nahi badu abertzaletasunaz harago hedatu beharko du. Baina, aldi berean, erronka handia izango da Euskal Herriaren ondare kultural, linguistiko eta sinbolikoari uko ez egitea. Abertzaletasuna lantzea, alegia.

Ez dugu izango estaturik nazioa osatuz joan ezean. Eta aldi berean, ez dugu nazio proiektu osaturik izango estatu burujabe batek eskaintzen dizkigun tresna guztiak eduki ezean.