SINADURAK

Goizeder Taberna

Nazio eraikuntzaren belaunaldia

2019-04-01

«Geroa gurea da» zioen Gazteriaken lema batek. Harrotasun puntu horrekin sortu dira nere belaunaldia politikoki hezi duten gazte mugimenduak.

FOKU

Ez zen harrokeria, baina jendartean eta gure aitzinean genituen mota askotako botere guneengan eragiteko ikaragarriko grina baizik. Euskal gatazkan sartuak ziren Estatuak baino haratago, mundu mailako zapalkuntza ororen kontrako erresistentzia eraikitzeko xedea zuten. Erresistentzian sortu diren mugimenduak izanik ere, bestelako jendarte bat lortzeko gogoa zuten eta hori praktikara iragaten saiatzen ziren. Balore aurrerakoi horiekin jardun zuten Gazteriak mugimenduak Ipar Euskal Herrian eta ondotik Haikak eta Segik.

Harrotasun ber-berarekin nazio eraikuntzaren lehen harriak pausatu izanaren sentipena genuen. Kanbon 2000. urtean lehen aldikoz agertu zen Haika aitzindaria izan zen politikaren alorrean. Zazpi herrialdeetan burujabetza helburu zuen gazte mugimendua sortu zuten Gazteriakeko eta Jarraiko militanteek. Prozesu politiko baten ondorioa izan zen, baina istorio humano eder baten emaitza ere bai. Ekinean, hilabetez hilabete sortu ziren harremanek egin zuten lehen harri horien arteko morteroa. Ilusio asko zegoen orduan. Europako gazte mugimendurik esanguratsuena zela zioten orduan. Horren oinarri ideologikoak definitzeko Amaiur prozesua eraman zen, Ipar Euskal Herriko askorentzat lehen formakuntza politikoa izan zena. Euskal gatazkaren eta ezker abertzalearen historia zein oinarrizko kontzeptu ideologikoak barneratzea, Euskal Herri aske bat irudikatzea eta elkar ezagutzea ahalbidetu zituen.


Lurraldetasuna lehentasun


Bi urte lehenago, Lizarra-Garaziko akordioek eta ondoren Udalbiltzak erakutsi zuten bidea urratzeko gogoa zegoen, aitzineko belaunaldiek eragindako zatiketak eta ezkerreko abertzaleen arteko mesfidantza gainditzekoa. Hegozentrismoaren mamua usatzeko eta Ipar Euskal Herrian Abertzaleen Batasunean gertatzen ari zen indarren barreiatzea saihesteko, mugimendu zabal eta sendo bat eratzeko asmoa zen. Ez zen arrunt desagertu mesfidantza, zauriak sakonak baitziren, eta mamua zonbaitetan erreala. Baina, Kanbon, milaka pertsona bildu ziren eta sekula ez genuen holakorik ikusi. Zazpiak bat eginez, muga administratiboak gaindituz, Espainiako eta Frantziako Estatuek aitortzen ez zietena lortzen ahal zutela sinesten zuten. Azken batean, mugak burutik kenduz Euskal Herria eraikiko zutela, herrietan eta auzoetan antolatuz eta borrokatuz. Askapen prozesuan, lurraldetasuna lehentasun bilakatu zen.

Bide hori hartzeko beharra aitzinetik ikusi zuten Gazteriakeko eta Jarraiko militanteek. Batzuk eta besteak bakoitzak antolatzen zituen ekimenetara joan ohi ziren. 2000. urtean, Jarraik 20 urte bete berri zituen eta Gazteriakek bost. Urte bat lehenago Europan gaindi antolatu zuten biran piztu zen erakundetzearen pindarra. Munduaren aurrean euskal gazte mugimenduak ahots bakar bat izatea zuten helburu. Ordurako 2000 militante inguru ziren Hego Euskal Herrikoak, 200 bat Ipar Euskal Herrikoak. Gazteriakek bere zonaldeko egoera sozial, ekonomiko eta politikoaren araberako ekimenak antolatu ohi zituen. Gehienek kanpora joan behar izaten genuen baxoa lortu eta, lehen lana ere askok hor gaindi ukaten zuten. Hortaz, «Gazteriak Euskal Herrian bizi nahi du» zuen lema nagusi Gazteriakek. Ikasketetarako eta lana aurkitzeko herritik joan behar izateak eta turismoak eta lurralde horren erakargarritasunak eragindako etxebizitzen prezioen emendatzeak arrenguratzen zituen gazteak. Manifestaldi, eztabaida, kontzertu… ekimenez ekimen, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan saretu zen. Paraleloki, Euskal Herria Zuzenean festibala sortu zen, publiko berri eta zabalago batengana heltzeko eta Euskal Herri baten kontzientzia hedatzeko. Gazteriakeko militanteak ere horretan engaiatu eta formatu ziren, alternatibak eraikitzen.


Euskal gatazkaren hirugarren belaunaldia


Jazarpenak asko baldintzatu zuen militantzia eredua eta gotortu zuen gazte mugimendua, baina hala ere, horrek berritzeko eta egokitzeko gaintasun handia erakutsi zuela ez da gehiegi erratea.


Nazio eraikuntzaren belaunaldi hori euskal gatazkaren hirugarren belaunaldia ere bada. Berak ere konfliktoa bere gordintasunean bizitu du. Aitzinekoek utzi maletak ongi beteak bizkarrean harturik, haiek finkatu zituzten helburuak betetzen saiatu da. Eta jasan duena eman duenaren heinekoa izan da. 1990eko eta 2000ko hamarkadan errepresioa bortitza izan zen. Jada Gazteriaken garaian, justizia frantsesak tentsio maila igoarazi zuen, hamar hilabetez 80 bat gazte atxilotu baitzituen. Horietarik hamar bat preso sartu zituen. Baziren ekintza batzuengatik edo kale borrokarengatik jazartuak zirenak baina atxiloketa kopuruak argi utzi zuen militantzia beldurtzeko saiakera bat zela. Haikaren sorrerarekin batera, ekinbide politikoaren jazarpena oraindik handiagoa izan zen. Ilegalizazioen garaia hasi zen; Haikarena 2001ean. Euroaginduena ondoren. Ipar Euskal Herriko hiru herritarrenak izan ziren lehenak, baina atxiloketengandik eta torturarengandik ihesi, Hego Euskal Herriko herritar asko etorri ziren Lapurdira eta haiei ere euroaginduak jarri zizkien Madridek. Frantziako Estatuak azken horrek marrazten zuen ildoa segitzen zuen.

Jazarpenak asko baldintzatu zuen militantzia eredua eta gotortu zuen gazte mugimendua, baina hala ere, horrek berritzeko eta egokitzeko gaintasun handia erakutsi zuela ez da gehiegi erratea. Segi izan zen ondoren gazte mugimenduaren izen berria. Hori ere legez-kanpo jarri zuten. Ipar Euskal Herrira halabeharrez etorri ziren horiek hainbat arlotan eragina izan zuten, militatzen segitu baitzuten, baina batez ere euroagindu bakoitzean Espainiar Estatuaren politikarekiko kritikotasuna areagotzen baitzen. Hala, Aurore Martinena (Batasuna alderdiarekin lotua) iragan ondoren, Segiko militanteen kontrako euroaginduei aurre egiteko fronte bat sortu zen eta barnean Ipar Euskal Herriko hautetsi eta alderdi franko baziren. Urteetan etsai izan zirenak ere, Alderdi Komunista Frantsesa kasu, batu ziren mugimendura. Ondoren etorriko diren gertakarientzat pixkanaka baldintzak sortzen ari ziren.