Argazkia. Wikipedia Commons / Cherubino
Antso Azkarra, Euskara, Herri kirolak, jota, Bardeak, UPN, Erriberako lurren zabalera, Iratiko basoaren oihartzuna, Haritzen eta Pagoen egurrez piztutako sua, aizkora, aitzurra, sega, Iruñea, eliza, gora Sartaguda, Orreaga...
Nafarroa, Euskaldunok izan dugun estatua. Erromatarrak penintsulara sartzean Baskoien lurraldea hartzen zuen espazioa, Lingua Vasconum hitz egiten zuten gizon-emakumeen lurraldea. Eneko Aritzaren eskuz sortutako Iruñeako erresumatik Nafarroako erresumara. Pirinioetako gailurretatik Lizarraraino, Baztandik Ebro ibaiaren lautadetaraino, Sakanako eskualde hodeitsu eta harro hartatik Donibane Garaziraino ipar haizeak zeharkatzen zuen lurraldea. Euskaldunok burujabe izan ginen lurralde eta gizarte egitura.
Zein da Nafarroa esatean burura etortzen zaigun hitza?, Zer da gaur egun Nafarra izatea, edo behintzat, sentitzea?
Harrotasunez eta epikaz gogoratzen dugu gure aberri zaharraren erresistentzia, gure aberri zahar hori “izan zela” han eta hemen argudiatuz. Munduan, beste herrialde batzuk bezala subiranoa zen lurraldea, berezko kultura zein hizkuntzarekin, lege propio eta besteengandik ezaugarritzen zen beste mila arrazoirekin.
“Nondik gatozen jakin behar dugu nora goazen jakiteko” esaldia aski ezaguna dugu, hortaz nondik gatozen ez badakigu, ez goaz inora? Zail da egungo hezkuntza sistemarekin gure jatorri eta historiaren transmisioa bermatzea, zer esanik ez gure lurraldearen eraikuntzaz.
Belaunaldiz belaunaldi jaso ditugu gure jatorriaren ondarea etxeko eremuan.
Haiengandik ikasi dugu eta guregan dago jarraipena egiteko ardura, baina hori al da gure egitekoa? Transmisioan geratuko al gara?
Gazteok etorkizuna gara, baina oraina ere bagarela esaten dugu. Eta modu berean, Nafartasuna izan zenaz gain, orain denaz ere hitz egin behar dugu. Guk oraina bizi baitugu geroa eraikitzeko.
Berrehun urte pasatzen direnean, gure ondorengoek aldarrikatu eta gogoan izango duten Nafarroa sortzen gabiltza Hernaniko gazte mugimenduan, Ondarruko gaztetxean, Aguraingo jai batzordean, Tuterako euskara taldean, Mendillorriko ikasle mugimenduan, Mauleko mugimendu feministan, Baionako presoen taldean, Aguraingo langileen asanbladan eta baita Lizarrako neska* gazte taldean ere.
Gazteok txoko zein borroka ugari hartu ditugu etorkizuneko gizarte justuago hori lortzeko. Euskarak berriz ere plazak hartu ditzan, gure lurraldea denontzako ongi etorria izan dadin, gizartea feminista izan dadin, etxebizitza gazteontzako arazo izan ez dadin, lan baldintza prekarioekin bukatu eta lan eskubideak hemen eta ez Madrilen erabaki daitezen.
Gazteok Nafarroa eraikitzen dugu eta horretan gabiltza aspaldi, badugu borondatea eta badugu grina
Nafarrak gara, harro gaude gure arbasoez eta harro auzoz auzo eta herriz herri Mendialdetik Agerrera modu kontziente, tinko, eraikitzaile eta errebeldean antolatzen diren gazteez. Herri libre bat dugu helburu, sozialismoa eta feminismoa oinarri izango dituena. Izan dadila bada Nafartasuna, gaur egungo estatus ofizial eta geografikoaz harago, aske eta burujabe izan eta sentitzeko grina, izan dadila aske eta burujabe izateko nahia.
Bide bera jarraituz jaio da Nafarroa berriz altxa ekimena, Noaingo batailaren urteurrena goraipatzeko, Nafarroa Gaztelarren menpetik askatzeko azken saiakera hori ospatzeko. 2022an izango da Amaiurko gazteluaren setioaren mendeurrena, aukera paregabea Gazte Martxak Nafar lurrak hartu ditzan, euskaldun guztien lurraldea berriz ere zapaldu dezan (nik hor uzten dut).
Nafarrak gara eta harro gaude, eta ondorengoak harro egon daitezen borrokan jarraituko dugu!