SINADURAK

Lander Garcia

Memorian jarrai

2020-04-28

Gaur egiten duguna, bihar memoria delako eta etzi borrokan nondik segitzeko irakaspena. Oraina ulertzeko, etorkizuna eraikitzeko… Memorian Jarrai.


 

Etxarriko Derry tabernan izan zen, duela 10 urte inguru. Gasteiztik hurbildu ginen Pól Mac Adaim abeslari irlandarraren kontzertu bat ikustera eta kantaldia amaitu zenean Belfasteko artistarekin egon ginen hizketan. Berak IRAko kide bati buruz idatzitako abestia nondik zetorren azaldu ondoren, Euskal Herriko gatazkaren musikaz galdetu zigun. Jakin nahi zuen zenbat euskal militanteen historiak musikatuak zeuden. Orduan hasi ginen lagunen artean gai honi buruz hausnartzen eta kanta batzuk erroldatzen. Musika gure kontakizun politikoaren kronika bat dela ondorioztatu genuen, agian garrantzitsuena.

Hortik aurrera hausnarketa hori gure buruan elikatu genuen... Izan zitekeen edozein tabernan dozenaka lagunek “Txikia” abesten zutenean, abuztuaren 13 batean sare sozialetan norbaitek “Piti”ren omenez “Pakean utzi arte” kanta zabaltzen zuenean, kontzertuetan jendeak “Bahía de Pasaia, emboscada criminal” ohiukatzerakoan edo Baiona Ttipian krimenaren lekutik pasatzerakoan Kortaturen “Hotel Monbar” abestia burura etortzen zitzaigunean. Baina zenbat kanta dira, noiz, nork eta bereziki zergatik egin dira. Askotan ez gara konturatzen zerbaiten dimentsioaz informazio guztia ordenatua ikusten dugun arte.

Horregatik, musikaren bitartez azken hamarkadetako euskal azalpen politiko eta kultural bat ikustea posiblea zela pentsatu nuen. Konfinamenduaren denbora aprobetxatuz ondare historiko-politiko-kultural hori guztia kronologikoki antolatzen saiatu naiz. Kanta bakoitzaren kokapena eginez Twitteren argitaratu nuen, apirilaren 19an, polizia frankistak Eustakio Mendizabal “Txikia” hil zuen urtemugan. Ekarpen bat egin nahi nion gure herriaren memoria osoa ezagutzeko gogoak dituen edonori, euskal gatazka politiko-armatuari buruz interes zintzoa duen jendeari. Sareak zentzu horretan oso demokratikoak direnez, baliabide handirik gabe, orain Interneten bilaketa eginez ikerketa hori eskuragarri da, mundu guztiarentzat. Bertan 1968 eta 2010 urteen arteko euskal militanteen heriotzei buruz egindako kantak josi nituen, hari honetan: Twitter haria

…eta espero ez nuen tamainako erantzuna abian jarri zen. Alde batetik jende asko konturatu zelako benetako dimentsioaz, hau da, zenbateko ondare politikoa dagoen gure musikan. Bestetik mezuak hasi zirelako heltzen, bilduma osatu nahian, kanta batzuk agertzen ez zirelako. Auzolan memorialista bat martxan zen eta hori izan da politena, hariak memoriak astindu dituela. Horregatik eranskin bat argitaratu dut heldu diren ekarpen berriekin: Twitter haria

Orain guztira 100 abesti inguru dokumentatuak ditugu (talde ezberdinek grabatutako kanta beraren bertsioak eta Martxoak 3ko sarraskiari buruz dauden 20 kantak barne). Datuak jakinda eta bilduma hau eraikitzeko herri-prozesua ikusita, ondorio batzuk atera ditut baita ere. 

Lehenik eta behin, ezbairik gabe Memoria-kanta bilduma hau argudiaketa bat da, ezker independentismoaren ikuspegitik gure kontakizuna indartzeko eta defendatzeko. Egia osoa egia txiki guztiekin osatzen delako eta jakin badakigulako egun eremu batzuetan euskal gatazkaren negazionismoa bultzatzen ari direla. Gure egia guzti horiek baztertu nahi dituzte, baina azken 50 urtetan herriak osatu duen kronika musikal honek agerian uzten duen bezala, errealitateak negazionismo korronte hori bertan behera uzten du. Nola ulertu bestela hamarkadaz hamarkada, belaunaldiz belaunaldi euskal militanteen memoria gure abestietan hain errotua egotea? Azalpen bakarra gatazka politiko-armatuaren existentzian datza, non gizartearen sektore inportante batek babesa eman dion euskal nazio askapen-erresistentzia-borroka-eraikuntza hautu horri.

 

«Egia osoa egia txiki guztiekin osatzen delako eta jakin badakigulako egun eremu batzuetan euskal gatazkaren negazionismoa bultzatzen ari direla.»

 

Euskal Herriko gatazka politikoaren soinu-bandari erreparatzen badiogu, deigarria da gaiari buruz kantatzea erabaki dutenen artean posizioa hain argia izatea. Honen aurrean, orain Estatuaren kontakizunaren soldatapean daude memoriaren “capitán a posteriori” bezala agertzen diren batzuk bi azalpen ematen dituzte errealitate horri erantzuteko. Batetik beldurra zegoela ETAren kontrako kantak egiteko edota ekintza batean hildako guardia zibil baten omenez abesteko. Bestetik, Herri Batasunak eszena musikala manipulatzen jakin zuela 80. hamarkadan Rock Radikal Vasco (RRV) berenganatuz “Martxa eta Borroka” dinamikarekin. Beldurra eta manipulazioa. Bitxia egiten zaizkit bi argudio horiek, Estatuek betidanik izan dituztelako bere kontakizuna inposatzeko makinaria errepresibo eta baliabide juridiko-ekonomiko-politiko-komunikatibo guztiak. 

 

Kortatu Egiako (Donostia) gaztetxean / Wikipedia

 

Beldurraren kontura, behin elkarrizketa batean euskal militante bati irakurri niona gogora datorkit: “Galde diezaiogun euskal herritar bati goizeko seietan esne banatzailea ez den norbaitek etxeko atea jo behar badio, nor nahiago duen: etakide bat ala guardia zibil bat?”. Ez diot ezer gehituko hausnarketa horri, dena esanda dagoelakoan.

Manipulazioaren argudioa oso erraz desegiten da errealitatearekin alderatuz. Ezker abertzalearen estrategiari ahalmen hori leporatzeak gatazkaren kausak eta ondorioak nahasten ditu. Hau da, manipulazioaren teoria horrek diona belaunaldiz belaunadi milaka lagunen jarrera politikoa eta euskal musika talde guztien sormena bideratu zuela zuzendaritza politiko batek, jendea ergela balitz. Ezer baino lehen, inoiz amaitu ez den eta guztiok ezagutzen dugun testuinguru errepresiboan, oso ausarta izan behar zara kanta horiek idazteko, sinatzeko, grabatzeko eta abesteko. Hala ere, herriak egiten zuen eta herritik sortutako kanta horiek baziren 80. hamarkada baino lehenagotik. Gatazka politikoa “Martxa eta Borroka” kanpaina baino askoz aurretik egon bazegoelako. Akaso RRVa baino lehen, herriak ez zuen masiboki jertseia gora botatzen “Carrero voló” abesten? Musika hori jarrera politiko baten adierazlea izan da beti, RRVa baino lehen, bitartean eta ondoren… 

Adibide pila ditugu, XXI. mendean ere bai. Bat jartzearren, 2002ko Elorrioko topagunea, non Kiko Venenok eszenatokiaren dekorazioa aldatu ezean joko ez zuela esan zuenean. Anekdota hori kontatzen denean, artista horrek azkenean jo gabe ospa egin zuela gogoratzen da, baina fokuari buelta emanez, azpimarratu daiteke 15.000 lagun eta gainontzeko musika talde guztiak bertan geratu zirela, eta dekorazioaren mezuarekin arazorik ez. Manipulazioarik gabe, egon edo ez egon aukeratuz, gatazkaren fase horren aurrean milaka lagunen jarrera politikoa zein zen agerian uzten duen gertaera.

Estatuaren kontakizunak ez ditu herri-adierazpenik lortu musika arloan eta beste eremuetan saiakerak egin dituenean (ekitaldiak, omenaldiak, jarduera kulturalak…) oso eragin eskasa izan du gizartean. Arrazoia beraien estrategia goitik behera egiten dela izan daiteke. Horrekin batera erakundeen kontakizun ofizial horrek argazki osoaren zati inportante bat ahazteak ez duela gehiengoaren ikuspegia ordezkatzen. Memoria Osoa nahi duen herri bat garelako. Aspalditik bertsio ofizialaren erasoa jaso duen herria garelako. 

Bertsio ofiziala munstro handi bat da, baina betidanik jakin izan dugu mamu horren aurrean gure kontakizuna bizirik mantentzen: 1937an Gernikako bonbardaketatik hasita, azken hamarkadetan izan diren milaka tortura kasuekin gertatu den bezala. Herri-Memoriak ez du inoiz bertsio ofizialarekin lehiatu jolas-leku berdinean, ez dira egon eta ez daude oraindik inolako berdintasun baldintzarik. Horregatik, kontakizunen talka hori beste era batean errotu da. Memoria osoa gertutasun sareetan irabazi behar da, nire iritziz musikan ikusi den bezala.

 

«Bertsio ofiziala munstro handi bat da, baina betidanik jakin izan dugu mamu horren aurrean gure kontakizuna bizirik mantentzen»

 

Hau da, musika Herri-Memoria bizirik mantentzeko tresna bat da, baina Memoria musika baino askoz gehiago da… Memoria Gu gara. Arlo guztietan, fronte guztietan eta musika-kanta bilduma horrek argi utzi didana honakoa da: Gertutasunaren balioa. Zero Kilometroko Memoriak bultzatu behar ditugu. Bertsio ofizialak heltzen ez diren gertutasun harreman horietan oinarrituko da gure indarra, gure Memoria. 

Kantekin gertatu den bezala, gure txoko guztietan zero kilometroko Memoria badugulako, zuen herri eta auzoetan konprobatu: plaka txiki horretan, elkartearen edo tabernaren izenean, barruan dauden pegatinetan, kaleko oroigarrian, plaza hori izendatzeko esaten zaion eran, urtero ospatzen den jardunaldi horretan, abesterakoan edota topa egiten duzunean… Gertutasun eremu horietan: identifikatu seinale horiek, testigantzak jaso, transmisioa bultzatu, baliabideak sortu eta lanean jarraitu. Gaur egiten duguna, bihar memoria delako eta etzi borrokan nondik segitzeko irakaspena. Oraina ulertzeko, etorkizuna eraikitzeko… Memorian Jarrai.