SINADURAK

Ibai Fresnedo

Sexu hezitzailea eta berdintasun eragilea

LGBTfobiarik sutilena ezkerreko mugimendu(et)an 

2020-05-17

Sexu eta genero disidentziaren borrokan ikasi dudana ondorengoetan laburbilduko nuke: alde batetik, norbere gorputzaren (norbere lurralde propioaren) burujabetza lantzearen garrantzia, eta bestetik, agentzia (edota eraldaketarako boterea) duen herritar maritxu bezala, emantzipazioa bera ezinbestekoa dela. Hori da gure balioa.


 

«Existen formas de opresión y dominación que se convierten en invisibles, una de ellas es la normalidad»

 

Maiatzak 17: LGBTfobiaren aurkako nazioarteko eguna

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala “gizaki guztiak aske eta berdin jaiotzen dira duintasun eta eskubideetan” baieztapen-aldarrikapen pisutsu bezain faltsuarekin hasten da. Horrela dio, behintzat, baina ia hirurogeita hamar urte geroago, oraindik ere herri askok gizaki guztien berdintasun eraginkorra tratatzeari eta giza aniztasuna bere forma guztietan onartzeari uko egiten diote. Izan ere, beste alde batera begiratzea, ikusezin bihurtzea edo LGTBfobiaren aurrean isiltasunaren alde egitea, desiraren orientazioagatik edo genero-identitateagatik gertatzen den diskriminazioarekin eta jazarpenarekin bat etortzea da, eta egoera hori lehenbailehen geldiarazi behar dugu. Ez bakarrik gurean, mundu mailan baizik. Baina, tira, ni euskaldun, ezkertiar eta maritxu prekarizatu gisa, ez naiz gure errealitatetik harago joango. Askotan, Euskal Herria handi gelditzen bazait, pentsa zein zaila egiten zaidan bestelako herrietako paradigmetan sartzea.

Gaur LGBTfobiaren aurkako nazioarteko eguna da, eta honen izatea, hain justuki, orain dela 30 urte (1990.urteko maiatzaren 17an) Munduko Osasun Erakundeak, homosexualitatea bera buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuelako da. Hala ere, aipatzekoa da, erakunde berak orain dela bi urtera arte ez zuela transexualitatea zerrenda berdinetik atera. Alegia, aise beranduago. Eta honek ere, seguraski hurrengo batean sakondu dezakedan beste auzietako bat dakarkit burura: LGBT hizki horien artean dauden asimetriak eta hierarkizazioak (baita sexu askapenerako mugimenduaren barruan ere).

Jakin badakigu, batzuk eskarmentuz gainera, sexu eta genero disidenteok egunerokoan materialki, estrukturalki eta sinbolikoki pairatzen dugun zapalkuntza eta diskriminazioa era askotarikoa dela. Heteroarauak egunero itotzen gaitu, eta kezkagarriena da gutariko asko itoaldi horretara ohitzeko arriskuan gaudela; finean, itsutasunean. Horrexegatik hain dira garrantzitsuak, pentsamendu kritikoa eta emantzipaziorako borroka(k). Oinarriz akaso pertsonalak, bai, baina estrategikoki kolektiboak; beti!

Hainbat dira, egunerokoan eta sistematikoki, LGBTfobiak ziprintintzen dituen esparruak: enplegua, hezkuntza, osasun-arloa, familia eremua, aisialdia, kirola...

 

«Heteroarauak egunero itotzen gaitu, eta kezkagarriena da gutariko asko itoaldi horretara ohitzeko arriskuan gaudela; finean, itsutasunean»

 

Hau da, gure kultura, jendarte antolaketa eta harremantzeko moduak sistema kapitalista, cisheteropatriarkal eta kolonialistaren hatzaparretan baitaude. Baina, sistema sozio-politiko-ekonomikoez mintzatzen garenean, finean, pertsonetaz hitz egiten ari gara. Denona baita ondorengoei aurre egitearen ardura:

 

  • • Eskoletan jazotzen diren jazarpenen artean nagusienetarikoa LGTBfobikoa da.
  •  
  • • Homofobia eta transfobiari loturiko gorroto delituen indizeek goranzko joeran jarraitzen dute.
  •  
  • • Sexu eta genero disidenteok antsietatea eta depresioa izateko edota gure buruaz beste egiteko arrisku handia dugu.
  •  
  • • Transexualen, transgeneroen zein pertsona ez bitarren eta emakume lesbianen lan-prekarietatea izugarria da.
  •  
  • • Kulturalki LGBT ereduen eskasia oso kezkagarria da; baita existitzen diren horien estereotipazioa ere.
  •  
  • • GIB-arekin bizitzen diren pertsonen estigmatizazioa, eta honen gaineko irakurketan-prebentzioan-bizipenean presente dagoen androzentrismoa.

 

Zerrendarekin jarraituko banu sekulako luzeera hartuko luke honek, eta ez nuke irakurlea honekin desbideratu nahi. Puntuz-puntu aipaturikoei aurre egin ahal izateko, agenda politikoak elkarbanatu eta estrategia politiko bateratuen beharra ikusten dudalako ezinbesteko. Eta orain zu, irakurle, horretan pentsarazten jarri nahiko nizuke.

 

«Transexualen, transgeneroen zein pertsona ez bitarren eta emakume lesbianen lan-prekarietatea izugarria da.»

 

Jakin badakigu, arestian aipaturiko diskriminazio eta bazterkeria egoera LGBTfobiko horiei maiatzaren 17an plaza ematea garrantzitsua bada ere, soilik 24 orduz presente izatea ez dela nahikoa. Egunero gogoratu behar baitugu honen atzean ere badagoela azken aldian instituzioek (eta zergatik ez, alderdiek zein sindikatuek) aspertu arte hainbeste errepikatzen ari diren mugimendu feministatik fagozitaturiko “bizitza erdigunean” jartzearen ideia.

Beraz, nire asmoa, (behintzat oraingoan) ez da hainbestetan, behin eta berriz, LGBT identitate subalternoen eskubideen gaian fokua jartzea. Bai aldiz, sexu eta genero disidentziak, ezker mugimendu(ar)en baitan duen aferan, egitekoan eta agentzian arreta jartzea.

 

LGBTfobia “sutilena” ezkerreko mugimenduetan: aitortza falta

Ni, Bizkaiko ezkerraldekoa naiz, hain zuzen ere, Portugaletekoa. Betidanik, militantzia eremuan batik bat, klase borroka bera, nire eskualdeko euskalduntze prozesuari loturiko borroka, eta nola ez, Euskal Herriko borroka armatua oso presente izan ditut. Beraz, horiek izan dira nire izaera politikoaren garapenean funts nagusienetarikoak.

Baina, horiek aldi berean, ez dituzte beti nire beharrak (materialak, sozialak, psikologikoak edota fisikoak) asetu. Izan ere, tartean, nekea, sufrimendua, errepresioa, indarkeria eta bestelakoak egon arren, ni beti aurrera; beti militante, beti gizon, beti euskaldun, beti sozialista, beti abertzale. Baina inoiz ez maritxua; nahiz eta nire izanaren oinarria den sexualitateak eta gorputzak hori lau haizetara aldarrikatu, horrek nire militantzian ez baitu inolaz ere lekurik izan. Nekatu nintzen arte, noski!

Beste modu batera esanda, nire “komunitate euskaldun propioan” (horrek dakarren aurreko guztiarekin) bazterrekoen bazterreko sentitu nintzen arte. Gauza batzuetan pribilegiatu, bai, baina nire izana guztiz isilarazita. Eta justuki, hau guztiagatik, nire “ohiko” militantziatik sexu disidentziaren militantziara salto egitea erabaki nuen.

Urte batzuk dira jada borroka armatua bukatu zela; bi urte aldiz, ETA-k ofizialki bere jarduna utzi zuenetik. Eta oraindik ere, gertutik sentitzen ditut horren guztiaren biharamuna. Batzuek garai berria deituko diote; beste batzuek, ordea, bake-prozesua. Baina, inor mintzeko asmorik gabe esan behar dizuet; alde batetik, nik berritasuna ikusten badut ere, ez dut hori egunerokoan ditugun behar material eta errealekin lotzen. Edo ez behintzat orain arte “normalak” izan diren horien ahalmen berdintsuak dituzten “bestelako” herritarren beharrekin. Eta bestetik, gerran jarraitzen dugunaren sentsazio gazi-goxoa daukat.

Hau da, egunotako “normaltasun berria” delako horren gisara, eta herri honen askapenerako borroka-estrategiak eta lehentasunei dagokionez, uste dut oraindik kostata kontuan hartzen ditugula bazterrekoen bazterrekoak herri honen burujabetza prozesuan. Erabakitzeko eskubidea bai, baina erabaki nortzuen artean? Nortzuen behar materialak kontuan hartuz?

Eta gerraz edo “euskal gatazka berria”-z hitz egiten dudanean, ez nabil bidean galtzen ari garen sexu eta genero disidente (gorputz edota haragizko lurralde burujabedun) horietaz bakarrik ari.

 

«Erabakitzeko eskubidea bai, baina erabaki nortzuen artean? Nortzuen behar materialak kontuan hartuz?»

 

Tamalez, heriotza ez baita txarrena, sufrimenduz eta zapalkuntzaz beteriko bizitza baizik; ulertuidazue. Alegia, Euskal Herriko gaztetxeetan, alderdi politikoetan, sindikatuetan eta, oro har, herri mugimenduetan, batzuek deituko dioten “mikro” indarkeria horietaz guztietaz ari naiz. Beraz, inork ez dezala ulertu “ezker” aurrizkia LGBTfobiatik salbu dagoela.

Gerrari buruz ari naizenean, ezker mugimenduen baitan batzuek (nagusiki cisgizonak diren horiek) borroka feministari, antiarrazistari edota LGBT-ari egiten dioten karikatura aipatu nahi dut. Hauek (gu-ni) “postmoderno”, “burges” edota “erreformista” gisa etiketatuz; pentsamendu liberalaren eta indibidualaren mesedetara biziko bagina bezala.

Hau da, ezkerreko kide askok klasekoak ez diren opresioen aurkako borrokak gutxietsi, mespretxatu edo bigarren mailakotzat hartzen dituzte, edo zapalkuntza hauek gainditzea esklusiboki kapitalismoaren bukaeraren mende dagoela azpimarratzen dute.

Ematen du, bollerak, transak eta maritxuok neurotiko batzuk garela, zeintzuk gure eskubide zibilen alde borrokatzeko kapazak garen soilik, benetan “axola duen hori” ez iraultzeko bermatzera etorri garenak. Beste hitzetan, gu eta gure zilborrarekiko harremanean oinarrituriko borroka aurrera eramaten dugunak.

 

«ezkerreko kide askok klasekoak ez diren opresioen aurkako borrokak gutxietsi, mespretxatu edo bigarren mailakotzat hartzen dituzte, edo zapalkuntza hauek gainditzea esklusiboki kapitalismoaren bukaeraren mende dagoela azpimarratzen dute.»

 

Baina gu ez gara inoiz “politika identitario”-en aldekoak izan. Guk beti izan ditugu kapitalismoaren hatzaparrak oso presente; hortaz, klase borroka gure bizitzaren ardatza izan da. Kontrara, bere buruari “ezkerreko militante” gisa izendatzen dion horrek bestelako zapalkuntza sistemak kontuan hartzen ez dituenean, orduan, akabo!

Sexu eta genero disidentziaren borrokan ikasi dudana ondorengoetan laburbilduko nuke: alde batetik, norbere gorputzaren (norbere lurralde propioaren) burujabetza lantzearen garrantzia, eta bestetik, agentzia (edota eraldaketarako boterea) duen herritar maritxu bezala, emantzipazioa bera ezinbestekoa dela. Hori da gure balioa, baina inork ez du hortan fokua jarri nahi. Eta hauxe, lagunak, bai dela LGBTfobiarik sutilena. Baita ezkerreko mugimenduetan ere.