SINADURAK

Garbine Aranburu

LABeko idazkari nagusia

Kapitalismoaren birusari aurre egiteko txertoak

2020-11-26

Gaur hemen zuekin partekatu nahi ditudan hitz hauen xedea, ez da, langileok bizi dugun errealitatearen inguruko azterketa mamitsuetan murgiltzea. Orain gutxi aurkeztu genuen “Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzak” izeneko Ikusmiran txostena. Datuekin jantzi dugu urte luzez salatzen eta borrokatzen ari garen errealitatea.


Argazkiak. Unsplash / Yuval Levy

 

Begirada beste leku batean jartzea da asmoa, kapitalaren, alderdi sistemiko zein instituzio nagusien arteko aliantzari aurre egin eta langileok benetako kontrabotere izan gaitezen, gertatzen ari denaren inguruko ikuspegi kritikoa izaten lagundu eta egoera eraldatzeko egin behar dugun bidean arreta jartzea da helburua.

Aurtengo urtea gure memorian iltzaturik geratuko zaigun urte horietako bat izango da. Azken urteetan bizitzaren eremu guztietara hedatu den prekarizazio prozesuari erantzuteko, urtarrilean  LAN, PENTSIO, BIZI DUINAren aldeko Greba Orokorra. Otsailean, sektore publikoaren papera hutsaren hurrengora eta negozio pribatura eramaten duen eredu baten porrotaren isla den Zaldibarko hondamendia.

Martxotik hona, Covid19ak gure eguneroko bizitza guztiz baldintzatu du. Martxoko konfinamenduak oso agerian utzi zituen indarrean dagoen sistemaren hutsune guztiak. Inbertsio publiko falta hezkuntzan edota osasungintzan, sektore publikoaren pribatizazio eta merkantilizazioaren ondorioak osasungintzan edota gizarte zerbitzuetan, zaintza beharrei erantzuten ez dien zaintza eredua edota lan harreman eredu prekarioaren eragina.

 

«Martxotik hona, Covid19ak gure eguneroko bizitza guztiz baldintzatu du. Martxoko konfinamenduak oso agerian utzi zituen indarrean dagoen sistemaren hutsune guztiak.»

 

Kapitala eta bizitzaren arteko talka gordindu eta egiturazkoa den krisi sistemikoaren azkartze bat ematen ari da. Langileon lan eta bizi baldintzetan eragin zuzena izango duen, ziklo politiko, ekonomiko eta soziala goitik behera baldintzatu eta aldatuko duen aro aldaketa bizitzen ari gara.

Sistema kapitalista berreraikitzearen aldekoek, pandemia egoera honi guztion artean aurre egitearen beharra azpimarratzen digute. Orain hilabete zailak ditugula baina ekonomiaren errekuperazio horretan begirada jar dezagun nahi dute, hasiko omen da BPGa igotzen eta langabezia tasa murrizten. Langileok hori baino gehiago behar dugu, ekonomiaren bilakaera neurtzen duen BPGak ez du herri baten aberastasun banaketa orekatua neurtzen ez herriaren ongizatea ere, bestelako neurgailu batzuk behar ditugu.

 

«Kapitala eta bizitzaren arteko talka gordindu eta egiturazkoa den krisi sistemikoaren azkartze bat ematen ari da.»

 

Guk ez dugu sistema berreraiki nahi, ez dugu urtarrilaren 30 aurreko normaltasunera itzuli nahi, sistema eraldatu egin nahi dugu. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berri baterako trantsizio ekosozialista eta feminista egin nahi dugu. Era berean, kapitalismotik – bizitza erdigunera egin beharreko trantsizio hori, ezin da bereizi, Euskal Errepublika sozialista eta feminista ortzimugan, autonomismotik burujabetzara egin behar dugun ibilbidetik.

Langileok bizi dugun egoera ez da kointurala, egiturazkoa da, ez da Covidaren ondorio, ez da 2008tik hona sortu dena ere. 80.en hamarkadatik inposatzen ari diren politika neoliberalen ondorioa da. Kapitala krisi bakoitza abantaila berriak ateratzeko baliatzen saiatzen da.

Aurreko krisian, bankuak erreskatatu ziren eta krisiaren zama guztia langileon bizkar gainean utzi nahi izan zen. Orain ere, gidoi berdina errepikatu nahian dabiltza. Ikusi besterik ez dago, zerga erreforma bati ateak nola itxi dizkion patronalak eta gobernu desberdinen jokabidea zein den. Nola kapitalaren interesekin aurrez aurre ez jartzeko, eztabaida ukatu, atzeratu edota desitxuratzen duten. Zerga erreformarik gabe ez dago politika publikoek behar duten 180 graduko norabide aldaketa bultzatzerik. Aberastasuna hobe birbanatu eta diru gehiago biltzeari ateak ixtea, murrizketa berriei ateak irekitzea da.

 

«Aurreko krisian, bankuak erreskatatu ziren eta krisiaren zama guztia langileon bizkar gainean utzi nahi izan zen. Orain ere, gidoi berdina errepikatu nahian dabiltza.»

 

Argazkiak. Unsplash / Markus Spiske

 

Langileon egungo errealitatea deskribatzeko, pandemia hitza baino, sindemia hitza egokiagoa da. Langile guztiok ez gaitu berdin kolpatzen COVID19ak, baldintza ekonomiko eta sozialek eragin zuzena dute. Bestetik langileok zeharkatzen gaituen gaixotasuna, ez da COVIDa soilik. Kapitalismoa da langileon benetako birusa, kapitalismoak langileak koma egoerara garamatza. Kapitalismoa da prekarietate eta pobreziara kondenatu nahi gaituena, gaixotzen eta hiltzen gaituena, kapitalismoa da gure osasun sistema zainketa intentsiboetan sartu duena, kapitalismoa emakumeok zaintza lanetara kateatu nahi gaituena, kapitalismoa natura suntsitzen duena.

Sindikatu bezala, langileen lan eta bizi baldintzak kaskartzearen arrazoiak testuinguruan jartzearekin batera,  proposamen eraldatzaileak egitea dagokigu. Zentzu honetan egungo egoerari irtenbidea emango dioten tresnak proposatzen ditugu: EUSKAL HERRIKO LAN KODEA eta GIZARTE SEGURANTZAKO LEGEA. [esteka]

Enplegua eta lana arautu behar dira. Emakumeen diskriminazio iturri den, lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko banaketa horri amaiera eman behar zaio. Lan guztiak aitortu, berrantolatuko dituen eta sexuaren araberako lan banaketa gaindituz lan guztiei balio politiko, ekonomiko eta sozial bera emango dien lan kodea behar dugu.

 

«Sindikatu bezala, langileen lan eta bizi baldintzak kaskartzearen arrazoiak testuinguruan jartzearekin batera,  proposamen eraldatzaileak egitea dagokigu.»

 

Azken urteetan sistemak bide anitzak erabili ditu langileen zatiketa sustatu eta langileak ahultzeko. Honen aurrean, Euskal Herrian lan eta bizi nahi duen pertsona ororentzat lan kodea behar dugu. Langile klase osoa aintzat hartuko duena. Enplegatzaile publikoa izan edo pribatua izan. Erregimen orokorretik kanpo geratzen diren langileen eskubideak ere arautuz. Etxeko langileak, rydersak, ekonomia ezkutuan ari direnak edota ekonomikoki menpekoak diren langileak kasu.

Enplegu bermatu behar da. Kontratu mugagabea izango da arau orokorra, bukatu behar da, erabili eta bota daitezkeen langileen errealitatearekin, honek batez ere gazte eta emakumeei eragiten dielarik. Era berean, ez da kalerapen librerik egongo. Soldatetan ere arreta berezia jarri behar da, aberastasuna birbanatzeko bitartekoa diren heinean.

Lan kode hau, lan harremanak demokratizatzeko proposamena da. Patronalaren aldebakartasunarekin amaitu behar da, langileen ordezkarien eta negoziazio kolektiboaren papera indartuz.

 

«Egungo egoerari irtenbidea emango dioten tresnak proposatzen ditugu: EUSKAL HERRIKO LAN KODEA eta GIZARTE SEGURANTZAKO LEGEA.»

 

Era berean, Gizarte Segurantzako lege berritzailea behar dugu, prestazioetara mugatuko ez dena, guztion zaintza eta osasun beharrak asebeteko dituena.

Aldaketa guzti hauek behartu egin beharko ditugu. Borroka sindikala eta borroka soziala, ezinbestekoak izango dira lan duina, osasungintza, hezkuntza edota zaintza sistema publiko indartsuak, unibertsal eta doakoak izan edota pobrezia eta bazterketa sozialik gabeko Euskal Herria eraikitzeko. Bidea argi dugu, jarrai dezagun beraz bide hori urratzen.