SINADURAK

Karlos Renedo eta Nerea Gijarrubia

Jar gaitezen habanari begira

2018-09-29

Euskal Herria hiriguneetan irabaziko dugu edo ez dugu irabaziko.

Breuer hiria, Baiona. / FOKU

Munduko biztanleriaren %50 baino gehiago hirietan bizi da. Munduko 600 hiri handienetan Barne Produktu Gordinaren %80 sortzen da. Tendentzia hori gora doa eta Euskal Herria ez da salbuespena. Bere biztanleria ere hirietan pilatzen da nagusiki. Heren bat Bilbo metropolitanoan, hain zuzen ere. Seguru asko gure herriaren botere faktiko, mediatiko eta ekonomikoak bertan pilatzen dira.


Hirietan proiektu eta prozesu eraldatzaileak sortzeko potentziala badago. Alde batetik, masa kritikoa handiagoa delako; eta, bestaldetik, komunikazioa eta hedapena azkarrago doalako. Horregatik garatu ahal dira hobeto Goiener, Izarkom edo Labore moduko proiektu eraldatzaileak. Bilbo da euskaldun gehien dituen hiria. Eremu urbanoetan Korrika masa-fenomenoa bilakatu den bezala, eremu horietan planteamendu eta praktika egokiekin belarriprest eta ahobizi uholdeak ere sortu ahal izango dira.

Gazta zatia besapetik askatu eta Barakaldoko Galiziar Etxera eramaten dugunean, identitate euskaldun berri bat sortzen ari gara: anitza, subjektiboa, urbanoa, migratzailea eta eskubideetan oinarritua.

Zenbait pentsalarik adierazten dute mende honetan klase borroka lantegitik at garatuko dela batik bat; gatazkak territorialak izango direla, David Harveyren hirirako eskubidearen ildotik; eta gatazka horiek populazio handieneko eremu urbanoetan sortuko direla. Euskal Herriko azken espresioak (borroka feminista eta pentsionistena) hortik joan dira.

Ezker Abertzaleak herrigintzaren praktika berritzearen beharra du. Hiriguneak arnas propioa du, bere tekla propioak, diskurtsoa eta iritzia sortzen dituzten pertsona eta eragile konkretuak. Ezin gara periferian kokatu, tekla horiek abordatzera joan behar gara. Hiriguneak eraldatzeko “palanka” propioak sortu behar dira, gehiengoak ikutzen dituzten palankak aktibatu behar ditugu. Eta palanka horiek aktibatzeko motorra militanteok gara, ahalduntze prozesu bat garatu behar dugu, plan kolektibo bat, makina olioztatzeko baliabide komunikatiboak, eta hori guztia egiteko tamainako errekurtso ekonomikoak behar ditugu.

Munduko iraultza gehienak hirietan jokatu dira. Santiagotik Habanara abiatu zen Fidel, garaipena hiriburuan sartutakoan soilik aldarrikatu ahal zuela jakinda.

Miribillan esan genuen fase berri honetan konpromisoa, elkarlana eta konfiantza behar dugula. Horri anbizioa gehitu beharko genioke, Bilbo metropolitanoa irabazi nahi baldin badugu behintzat.