SINADURAK

Egoitz Urrutikoetxea

Iratzar Fundazioko kidea

Itxialdian

2020-04-24

Sei aste iragan dira jada itxialdian sartu ginenetik. Gure baitarik etxeetan gakotzea deliberatu genuen orduan, koranabirusaren pandemiari aurre egiteko bestelako hautabiderik ez zegoelakoan.


 

Gure ahaide, lagun, lankide eta ikaskideak babestea helburu zuen zuhurtziazko erabakia izan da. Gure bizi komunitatearekiko elkartasunezko keinua. Estatuen ezintasunaren aitzinean, euskal herritarrek arduraz erantzun diogu larrialdi egoerari, Estatuen eta beraien sokako lekuko instituzioen arduragabekeria are ageriago utziz.

Sentimendu eta sentsazio bereziak dira nagusi gutariko bakoitzaren buru gorputzetan. Segurtasunik batere gabeko ataka lauso batean aurkitzen gara, nehork iragarriko eta pentsatuko ez zukeen egoeran. Bizi eremua gure etxeetako lau hormetara murriztu zaigu. Harremantzeko hain beharrezkoak zaizkigun soziabilitate espazio eta denbora erreferentziak aldatu zaizkigu. Sare sozial, gailu numeriko eta telefonoak bilakatu dira gure sentimenduen iragazgailuak, eta komunitate zabalago bati lotzen gaituzten hari mutur meheak. Alabaina, urduritasuna eta ziurgabetasuna nagusitzen ari zaizkigu gure etxeetan. Eta albokalte emozionalak jada agerikoak dira adinekoen eta gazteenen artean.

Konfinamenduak ez gaitu guztiak berdin kolpatzen. Baldintza sozial eta ekonomiko larrienetan direnen egoerak itxialdi denboran okerrera egin du. Eremu hertsiagoetan metaturik itxia egotearen zama erantsia pairatzen dute. Eta konfinamenduaren biharamunean aitzinikusten den krisia sozial eta ekonomikoak are gehiago larritzen ditu, gehien kolpatuko dituela jakitun baitira.

Halaber, itxialdiak presondegiratzea hezur haragitan pairatzen duten euskal herritarren egoeratik hurbildu gaitu. Askorentzat orain arte abstraktua baino ez zen presondegiko errealitatea irudikatzeko balio izan du. Maite eta lagun dituzunengandik urrun lau murruen artean bizitzeak egunerokoan eragiten duen urraduraren neurgailu bilakatu da.

Izan ere, egiazko larrialdi egoera presondegietan pairatzen ari dira. Kanpoan gomendatzen zaizkigun oinarrizko babes neurrien itzalik ere ez da ageri. Familiarekiko eta lagunartearekiko esteka diren bisitak bertan behera gelditu zirenetik, telefono bidezko sare arina baizik ez zaie gelditzen. Eta baliteke egoerak txarrera egitea.

Ezezaguna zaigun garai ezegonkor batean sartu garen honetan, ardura kolektibo bat dugu herri bezala. Itxialditik ateratzeko ibilbidea euskal preso politikoak etxeratzeko indargune bilaka dezagun. Gure baitakoak dira, gure artean behar ditugu. Ez baigara izanen aske haiek gabe.

 

 

 

Erria Aldizkaria · Itxialdian [Egoitz Urrutikoetxea]