SINADURAK

Saroia Galarraga eta Xabi Larralde

Sortuko kideak

Iraganari begiratu geroari ekiteko

2021-08-02

Azken hilabete hauetan, ezker abertzaleak ireki den ziklo politiko berriari begira gogoeta bat eraman du Ipar Euskal Herriko ehun bat militanteren artean.


Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Xiberoan aldaketa garrantzitsuak gertatu dira azken urteetan, eta baitezpadakotzat jo dugu mugimendu politiko gisa bilan baten egitea, egungo egoerari buruzko analisia gaurkotzea eta geroari begirako perspektibak gogoetatzea.

Finean, azken hamarkadetan Euskal Herri osoan eraiki eta hedatu den komunitatea izaki, eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleko parte aktibo garen heinean, kolektiboki egin behar ditugun aitzinamendu berrietarako ekarpen politikoa finkatu nahi izan dugu. Maiatzean egin Biltzar Nagusi baten ondotik, 2022ko urtarrilean Sortuk Euskal Herri osoan eginen duen kongresura bitartean atera ditugun ondorioen kudeaketa eginen dugu Ipar Euskal Herrian.

Azken hamarkadetako bilana egiteak garrantzi berezia hartzen du bizi dugun testuinguru sozial eta politikoan. Eramandako borrokari esker, fase politiko berri batean sartuak gara. Ipar Euskal Herrian herri ikuspegitik urrats azpimarragarriak egin dira eta etorkizunean jauzi gehiago egiteko posibilitateak irekiak dira askapen borroka nazional eta sozialean. Alta, egoera berriak sortzen joan garen heinean, estrategian eta eginmoldeetan hainbat agorpen ere agertu dira eta horregatik da inportantea bizi dugun egoera ongi aztertzea eta iraganari so egitea irakaspenak ateratzeko.

 

«Ipar Euskal Herrian herri ikuspegitik urrats azpimarragarriak egin dira eta etorkizunean jauzi gehiago egiteko posibilitateak irekiak dira askapen borroka nazional eta sozialean»

 

Hiru hamarkadako gibeltasunarekin, ohartzen gara ezkerreko mugimendu abertzalearen bilakaera zatiketaz eta batasunerako ahaleginez beterikoa izan dela. Ipar Euskal Herriarentzat proiektu propioa gorpuzten joan den heinean, ezker abertzalea eragile aktiboa izan da ibilbide horretan. Huts egiteak egin direla aitortzen dugu, oso bereziki 2000ko hamarkadaren zati handi batean. Alta, mugimendu abertzaleko parte garen sektoreen arteko bat egiterako ahaleginetan ezker abertzaleak ahalegin handiak egin ditu, ekarpen politiko, militante eta ekonomikoa eginez, esaterako. Azken buruan, eta aipatu hamarkadaren bukaera aldera, EH Bairen sorrerarekin gauzatu den urratsa egitea lortu genuen, gaur-gaurkoz ezkerreko abertzaleen erreferentzia politiko eta instituzional bakar bilakatzeraino.

Gure iritziz, egun Ipar Euskal Herriak bizi dituen aldaketen jatorrian, mugimendu abertzaleak sustatu dituen mobilizazio eta dinamika sozialak gako izan dira. Hainbat aldarrikapen eta proiektu Ipar Euskal Herriko gizartearen baitan errotzen joan dira, tartean beste eragileen agendan kokatuz. Mugimendu abertzalea zentralitate politikora iragan da eta horrek Ipar Euskal Herriko erreferente politiko nagusietarikoa bilakarazi du. Gure gogoetan, etapa ezberdinetan sektore ezberdinek egin ekarpena aitortzen dugu. Iraganaz desadostasunak izan ditzakegu, baina izan ditugun lorpen politikoak lehen lerroan jarri behar direlakoan gaude. Ibilbide hori ez da inoren patrimonioa, guztien artean, eta batez ere militante eta oinarri sozial abertzaleak egindako lanaren emaitza baizik.

Badira hamar urte baino gehiago ezker abertzaleak estrategia aldaketa egitea erabaki zuela. ETAren borroka armatua bukatzetik haragoko erabaki estrategikoa izan zen, nahiz eta hamarkadetako zikloa hestea inportantea izan. Estatuen oztopo eta blokeo guzien gainetik, azken urteetan ziklo hori manera ordenatuan hestea lortu da. Eta ez zen erraza. Ezker abertzaleak, ETAk barne, iniziatiba andana bat hartu du Euskal Herriaren burujabetza prozesua fase berri batean jarri eta baldintza berriak sortzeko, baina balioan jarri nahi du ere bide horretan bidelagun izan dituen eta dituen militante, sektore eta eragileen inplikazioa. Denen artean eraiki dugun bide bat baita, eta esan behar da, hori zela helburua, hots, Euskal Herriaren alde batera aritzea.

 

«Iraganaz desadostasunak izan ditzakegu, baina izan ditugun lorpen politikoak lehen lerroan jarri behar direlakoan gaude»

 

ETArik gabeko agertokia egoera berri bat da mugimendu abertzalearentzat, dudarik gabe. Hiru urte baizik ez dira pasatu erakundea desegin zenetik eta horrek elkarrekin asmatu beharko dugun ibilbide berri bat egiteko aukerak biderkatu ditu. Azken urteetan gatazkaren ondorioen konponbide prozesuan eta Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioan urrats garrantzitsuak egin dira. Borroka eta ahalegin handia egin behar izan da burujabetza bidean baldintza berriak idekitzen dituzten mugimendu horiek gertatzeko. Gehiago egin behar ditugun arren, lortu dugu eta esan dezakegu Ipar Euskal Herria auto-eratze prozesu batean murgildua dela egun.

Ditugun aukerak gure eskuetan hartu behar ditugu ondoko urteetan Euskal Herriaren burujabetzan aldaketa handiagoak eragiteko. Indarrak metatuz lortuko dugu. Ezker abertzalea testuinguru berrira egokitzen ari da ahalik eta eraginkortasun handienarekin aitzinatzeko.