SINADURAK

Aurélie Trouvé

Attac-eko bozeramailea

Inoiz gehiago ez

2021-01-10
FR

Lankidetzari eta krisi ekologikoari emandako erantzunei buruzko nazioarteko araudia berregin behar da, erakunde aldeaniztun eta demokratikoen esparruan, globalizazio neoliberalarekin eta herrialde boteretsuenen saiakera hegemonikoekin erabateko haustura eraginda.


En dessous, action des membres du World Developement Movement Bruxelles, contre la privatisation des services publiques. Photo: Global Justice Now, CC BY 2.0. 

 

Planeta osoari eragiten dion koronabirusaren krisiak agerian utzi ditu politika neoliberal eta produktibisten muga sakonak. Krisi sistemikoa da, eta aldaketa erradikal baten bidez bakarrik konpondu ahalko da epe labur eta luzean, hau da, egungo sistemaren erroei erasoz.

Berehalako neurri gisa, populazioen osasuna babesteko beharrezko diren neurri guztiak ezarri behar dira. Baina neurri horiek ezin dira modu autoritarioan eta ultrabertikalean hartu, gobernuak gaur egun egiten duen bezala: tartean egon behar dira tokiko agintariak, batzar nazionala eta bere sentsibilitate desberdinak, sindikatuak, guraso elkarteak, kontsumitzaileen elkarteak, elkarte ekologistak eta abar, baita ordezkari ekonomikoak ere, beren aniztasun osoan.

 

Prebentzioaren bidetik joan behar dute errepresioaren bidetik abiatu baino lehen.

 

Aginte publikoek berehala konpentsatu behar dute osasun establezimendu guztiei (ospitale publikoak eta Ehpad –mendekotasun egoeran diren adinekoentzako egoitza– barne) esleitutako baliabideen etengabeko murrizketa –urte gehiegi iraun duen murrizketa–. Larrialdi plan batek aukera eman behar du pertsona guztiak artatzeko hainbeste behar diren ekipmendu, ohe eta langileak edukitzeko: oheak berriz irekitzea, soldatak igotzea eta erizaintzako langileak kontratatzea, babes jantziak sistematikoki ematea eta proba eraginkorrak egitea, zainketarako behar den materiala erostea, eta abar. Larrialdi plan horrek ospitaleen zorrak kitatzea jaso behar du, haien aurrekontu malgutasuna berrezartzeko, edo instalazio mediko pribatuak edo funtsezko osasun ondasunak sor ditzaketen enpresak bahitzea. Azkenik, pandemia geldiarazteko, eskoletako langileen eta ikasleen osasuna babestu behar da lehenik eta behin, eta langileen erretiratzeko eskubidea errespetatu, haien osasun eta segurtasun baldintzak bermatuta ez daudenean.

Gobernuak enpresei laguntzeko jarritako baliabideek lehentasuna izan behar dute benetako zailtasunak dituzten enpresentzat, eta, bereziki, langile autonomoentzat, autoenpresarientzat, ETEentzat eta enpresa oso txikientzat, haien kutxa fluxua baita txikiena. Eta, batez ere, gauza bera egin behar du langileekin eta langabeekin, krisi sozial oso larri bat saihesteko: RSA (Elkartasun Aktiboko Sarrera) –batez ere gazteentzat –nabarmen handitzea, gutxieneko soldata igotzea, etab. Gaur egun ez bezala, laguntza publiko guztia lanpostuei eustearen, trantsizio ekologikoaren eta dibidenduak etetearen mende jarri behar da. Politika neoliberalek nabarmen ahuldu dituzte langileen eskubide sozialak, batez ere krisialditik: lan zuzenbidearen arloan egin diren atzerapauso guztiak alderantzikatu behar dira. Eta soldatak krisia doitzeko aldagaiak izan ez daitezen, enpresetako dibidenduen ordainketa, duela gutxi errekorreko mailetara iritsi zena, berehala eten behar da.

Neoliberalismoak areagotu egin ditu desberdintasun sozialak, eta koronabirusaren krisiak egoera larrienean daudenei eragingo die gehiago. Pobreagoa ala aberatsagoa izan, gaixo egon ala ez, zaharragoa edo gazteagoa izan, konfinamendu baldintzak eta kutsatzeko arriskuak zein diren, horren guztiaren arabera, behar bezalako zaintza jasotzeko aukerak ez dira berdinak. Justizia sozialaren izenean, neurri gehigarriak aplikatu beharko lirateke: etxerik gabeko pertsonentzako eta egoteko leku egokirik ez dutenentzako etxebizitza hutsak eskatzea, etxebizitzarako laguntzak osorik berrezartzea, ordaindu gabeko fakturak (energia, ura, telefonoa eta Internet) ordaintzeko epeak luzatzea egoera txarrenean daudenentzat...

 

Europako Banku Zentralak (EBZ) likidezia izugarri handiak injektatu ditu finantza merkatuetan. Modu ez-eraginkorrean gainera.

 

Paola Breizh Macronavirus. 40ème jour de confinement Paris 20ème. 25 avril 2020. CC BY 2.0

 

Diru politikak hiru irizpideren arabera baldintzatu beharko luke laguntza hori: osasuna, gizartea eta ekologia. Ekonomian egiten diren esku hartze masiboen bidez, banku zentralak eta botere publikoek ekoizpen sistemak sakon birbideratzeko aukera eman behar diete beren buruei, sozialki bidezkoagoak izan daitezen, herritarren oinarrizko beharrak asetzeko gai izan daitezen eta oreka ekologiko handiekin bateragarriak izan daitezen. Helburua ez baita erabat jasanezina den ekonomia bat berreskuratzea. Helburua da, batez ere, trantsizio ekologikoaren arloan inbertitzea eta enplegu sorkuntza masiboa bultzatzea arlo horretan, jarduera kutsagarrienetan desinbertitzea eta aberastasuna zabal banatzea, bai eta prestakuntza eta birziklatze profesionaleko politika anbiziotsuagoak ere, prezioa ez dezaten langileek eta talde ahulek ordain. Era berean, finantza laguntza masiboa bideratu beharko litzateke zerbitzu publikoetara, koronabirusaren krisiak oso agerian jarri baitu –eta oso modu ankerrean gainera– haien egoera penagarria: osasun publikoa, ikerketa publikoa, mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuak... Haien baliabide faltak bizitza gehiegi eramango ditu aurretik.

"Koronabirusen krisiak" erakutsi digu oso zaurgarriak garela ekoizpen kate ultraglobalizatuekiko eta “just-in-time (JIT)” izenez ezaguna den nazioarteko merkataritza ereduarekiko, eta, ondorioz, talka bat gertatuz gero, ez dugula oinarrizko ondasunak eskuratzeko aukerarik. Halako krisiak berriz etorriko dira. Industriako, nekazaritzako eta zerbitzuetako jarduerak birkokatzeak aukera eman beharko luke nazioarteko merkatuekiko autonomia handiagoa lortzeko, ekoizpen metodoen gaineko kontrola berreskuratzeko, multinazionalak saihesteko aukera izateko eta garraioaren kostu ekologikoak murrizteko.

 

Hala ere, birkokatze horrek ez du izan behar bakartzeko eta nazionalismo berekoiak indartzeko aukera bat.

 

Harekin batera, lankidetzari eta krisi ekologikoari emandako erantzunei buruzko nazioarteko araudia berregin behar da, erakunde aldeaniztun eta demokratikoen esparruan, globalizazio neoliberalarekin eta herrialde boteretsuenen saiakera hegemonikoekin erabateko haustura eraginda.

Konfinamendu neurriak ahalik eta hertsien errespetatuz, herritarren mobilizazioek, aurrerantzean, tokiko elkartasuna erakutsi behar diete kaltetuenei, gobernu honek atzerapen sozial handiko neurriak ezartzeko duen tentazioa saihestu behar dute, eta botere publikoak krisiari erantzun demokratiko, sozial eta ekologiko bat ematera bultzatu behar dituzte. Inoiz gehiago ez. Pandemiaren amaierak ahalbidetzen duenean, leku publikoak berrinbertitzeko eta gure "hurrengo eguna" eraikitzeko hitzordua dugu, ordura arteko politikekin eta desordena neoliberalarekin apurtuta.