SINADURAK

Iratxe Esnaola Arribillaga

Hezkuntzan doktorea eta Olaso Dorrea fundazioko lehendakaria

Hezkuntza eta bere digitalizazioa

2021-04-18

Pertsona kritikoak hezi nahi badira, ezin gara teknologiarekiko akritikoak izan. Ezin delako teknologia tresna neutraltzat hartu.


Argazkia. Unsplash / Vanta Matijevic

 

Jakina da covid-19a ez dela medikuntzari edota osasunari soilik lotutako auzia. Nanopartikulek izan duten eragin ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalaren neurria oraindik guztiz ez dugula ezagutzen esan daiteke. Berdin hezkuntza esparruarekin. Goizetik gauera eskola etxera joan zen. Irakasleek irakaskuntza estrategiak diseinatzen zituzten une berean, estrategia horiek aplikatu behar izan zituzten. Guztia, teknologia ikasleekiko kanal bakar izanda. Aurrez aurreko saiorik gabe.

Hezkuntzarako eskubidea ere auzitan jarriz. Agerian utziz, haur-, lehen- eta bigarren-hezkuntzan bederen, aurrez aurreko hezkuntza dela aukera-berdintasunera gerturatzen gaituena; arrakala digitala deitu zaion arren, teknologiak aurretik existitzen diren arrakala sozialak areagotzen dituela. Teknologia, gaur- gaurkoz, ez delako ezberdintasun horiek lausotzeko tresna. Digitalizazio prozesua ez delako hain sinplea. Digitalizazioa ez delako zentroak, irakasle eta ikasleak ordenagailuz hornitzea.

 

Teknologia hezkuntzaren esentzia eta bere funtzio soziala indartzeko soilik erabili behar delako: aniztasunean gizartea kohesionatzeko, herritarren aukera-berdintasuna bermatzeko.

 

Adrian Almazan Gomez ikerlariak 2020ko apirilean idatzi zuen: «Justizia sozialean pentsatzen duen hezkuntzak teknologiaren erabilerak mundu ikuskera bat eta botere oreka bat eraikitzen dituela ulertu behar du» (https://labur.eus/adrian). Eta galdetzen du: «Justizia sozialaren alde lan egiten duen hezkuntzak multinazional teknologikoen software eta hardwarearen erabilera masiboa susta dezake?».

Covid-19ak hezkuntzaren digitalizazioaren kontraesan guztiak argitara atera ditu. Are, gaur-gaurkoz, egin diren ikerketek teknologiak ikaskuntza prozesuan duen eragina txikia dela diote. Hezkuntza ordenagailuz hornitzea baino, azpiegitura eta baliabide teknologikoei zentzu pedagogikoa ematea delako gakoa.

 

Pertsona kritikoak hezi nahi badira, ezin garelako teknologiarekiko akritikoak izan. Ezin delako teknologia tresna neutraltzat hartu.

 

Multinazional teknologikoen eskutik menpekotasunean hezten ditugulako. Ez ditugulako etorkizunean hartu beharko dituzten erabakietarako prestatzen. Ez diegulako teknologia modu kritikoan ulertzeko baliabiderik eskaintzen. Horrexegatik, besteak beste, hezkuntza, duen funtzio sozial eta transformaziorako indarragatik, teknologia libreekin digitalizatu behar da. Herritar aske eta arduratsuak hezteko, erabiltzaileen askatasuna bermatu eta ardura soziala berezko ezaugarri duten teknologiak hautatu behar direlako.

Software (eta hardware) librea da erabiltzailearen askatasuna bermatzen duen bakarra. Programa batek zehazki zer egiten duen eta zer ez jakiteko bidea eskaintzen du: iturburu-kodea irekia du. Eta programa bat erabili, nahi adina ekipotan instalatu, programa aldatu edota egokitu, eta berriz banatu edota komertzializatzeko aukera ematen du. Software pribatiboa ezin da kontrolatu, ezin da nahieran egokitu, eta ezin da libreki kopiatu. Google eta Microsoft erabiliz, gure haur, nerabe eta gazteen menpekotasun teknologikoa sustatzen dugu, euren ikerketarako eta auto-ikaskuntzarako gaitasuna murrizten dugu, eta herritar digital kritikoak izateko baliabiderik gabe hezten ditugu. Google eta Microsoft erabiltzea ez da konpetentzia digitala lantzea, ezta teknologia pedagogikoki integratzea ere, teknologia instrumentu soiltzat ulertzea baizik. Software pribatiboa erabiltzea hezkuntzaren esentziaren aurka doa.

 

Software librea jakintza librea da, jakintza partekatua. Eta zientziaren eremuak erakusten digu jakintza partekatuak gizateriaren garapenean laguntzen duela. Eta hezkuntzak, berezko hezitzaile izaeragatik, jakintza librea sustatu behar du.

 

Hori gutxi balitz, hezkuntzan software librea erabiltzeak, hezkuntza sistematik harago, inguruan, komunitatean, eragin zuzena du. Menpekotasuna ez baita soilik erabiltzailearena. Software pribatiboak hornitzailearekiko menpekotasuna gehitzen du. Google eta Microsoft erabiltzeak enpresa teknologiko lokalak negozio-marjina oso mugatua duten produktuen banatzaile bihurtzen ditu. Ez du tokian tokiko jakintza teknologikoa garatzen laguntzen, ezta ekonomia teknologiko lokala sustatzen ere. Ez du softwarea euskarara itzultzeko autonomiarik eskaintzen (multinazionalen esku dago erabakia). Eta balioa ez da gizartean eta ekonomia lokalean sortzen, multinazionalaren balioa handitzen da.

Software librea, berriz, hizkuntza-aniztasunaren teknologia da, iturburu-kodera sarrera izateak itzulpenak egiteko aukera bermatzen duelako. Eta bertako sektore teknologikoaren garapena indartzen du (bizi garen munduan, erabat estrategikoa). Era berean, software librearen negozio-ereduak epe ertain-luzean digitalizazioaren kostua murriztea dakar. Eta multinazionalen ordenagailuen zaharkitze-programatuari aurre egin eta ekipoei bigarren bizitza ematea ahalbidetzen du. Software libreak ardura soziala berezko ezaugarri du.

 

Zer esan datuen jabetzaz eta burujabetzaz. Ikasleen datuen kontrolak eta euren pribatutasunaren bermeak oinarrizko eskubideak izan behar lukete.

 

Eta, horrexegatik, gure ikasleek txiki-txikitatik Google kontu bat izateak eskandalu bat izan behar luke. Eta ikasleen datuak multinazionalen esku uzteak, delitu: datuen kontrola hezkuntza sistemaren edo administrazioaren esku mantentzeko alternatibak egon badaudelako. Hezkuntzaren beste digitalizazio bat posible delako (Valentziako Generalitatea da erreferentzia bat).

Hezkuntzan zein teknologia erabili erabakitzeko, begirada teknologikoari, gutxienez, begirada pedagogikoa, etikoa, linguistikoa, ekonomikoa, eta zientifikoa gehitu behar zaizkio. Hezkuntzaren digitalizazioak ertz horiek guztiak dituelako. Dimentsio politikoa duelako. Eta izaera estrategikoa: urteetako ibilbidea da, baina software librearen bidean ibiltzen hasi beharko genuke berandu baino lehen.

 

TWITTER