Ez da ez historiaren amaiera, badago zer eraldatu.
Agerikoa da krisia nagusi dela gure aroan, krisiak edo zibilizazio krisia. Bizitzaren zimur guztietara hedatzen ari den krisiez gabiltza feminismo(eta)tik, merkatuaren logika bizitza kolonizatzen ari den honetaz. Krisi garai normalizatu honetan nekeza da eustea, bizitzari eustea.
Geroz eta zailagoa da (ongi) bizitzea. Geroz eta errazago zaio kapitalari, bizitza bera suntsituz esku gutxi batzuetan haztea. Merkatu kapitalistak zentroan jartzen dituen mundu ordena injustua da globalizatu den bakarra, gutxi batzuen zor pribatua sozializatzen duena zerbitzu publiko eta eskubide sozialak pribatizatzen dituen artean. Bizitza –kolektiboa– kapitalaren logikapean eta zerbitzura jarriz.
Hau ez da bizi nahi dugun mundua diogu feminismo(eta)tik. Hau ez da bizi ahal dugun mundu logika. Testuinguru honetan datoz aldarri ozenak: zer eta agerian jartzera errotiko aldaketa behar hori. Arnasa emanez, luzera begirako beharrezko arnasa sakona. Ekonomiaren, politikaren, politika ekonomikoaren edo ekonomia politikoaren… finean, gizartearen eta bizitzaren beraren sakontasuna erakusten ari zai(zki)gu feminismoa(k) (eta ezkerrak estrategia –esan ziguten behin egoki–). Makroekonomia eguneroko ogiaz lotuz, eguneroko bizirauteko estrategiak borroka molde eginez.
Geroz eta errazago zaio kapitalari, bizitza bera suntsituz esku gutxi batzuetan haztea.
Eta ez da nolanahiko greba, praktikaz, moldez eta edukiz, greba bera (ber)definitu da, mundua begiratu ulertu eta ekiteko modu berri bat, kokaleku politiko bat(zuk). Planto egingo dizkiegu lan ordainduei. Merkatuan sartu bagara (noizbait irten baldin bagara bederen) ere oraindik orain badelako lanaren banaketa sexuala, badelako prekarietatearen aurpegi feminizatua, soldaten arrakalak dirauelako, badelako lanaren zentzu hertsi produktibista, badelako kapitalaren eta merkatu logikapean definitutako lana bizitzaren arriskurako…errotiko aldaketa bat behar da.
Eta egingo dizkiegu planto ere lan ez ordainduei, hauek ere, egun oraindik gure bizkar dirautelako, lan hauen banaketa sexuala ere bere horretan delako, esplotazioa nagusi delako…Bakoitzak atera ditzala bere kontuak –eta hausnarketak–, zein zaintza-lan zirkuito behar ditut (dituzu) bizitzan egiten duzun hori posible izan dadin? Nork hartzen ditu lanak bere bizkar (patu sozial kasik jainkotiar eta naturalez ordaindu gabe) ni lanera joan ahal nadin/lagunekin/aspaldidanik ikusi nahi dudan filma hori ikustera/…? Denok -errepikatzen dut: denok- behar ditugu zaintza lanak, bizitza bera posible izateko. Elkarren beharra dugula aitortu behar dugu. Banatu beharko ditugu beraz, bizitzak sostengatzeko ardurak modu pertsonaletan, eta modu berean, berrantolaketa sozial batez jardun. Ezean, larriagotzen doa (ari gara?) lan karga hori, biziraupenerako estrategia emergentziazkoagoak beharko ditugu garatu, gure aurretik borrokatuz lortu zituzten ongi izate espazio horiek deuseztatzen dituzten politika ekonomikoak normalizatzen badira (non da euskal oasia?).
Eta ez da nolanahiko greba, praktikaz, moldez eta edukiz, greba bera (ber)definitu da, mundua begiratu ulertu eta ekiteko modu berri bat, kokaleku politiko bat(zuk).
Eta egingo diogu planto kontsu(mis)-moari, kapitalari, kolonialismoari… finean botere antolaketa eta harreman sistema honi. Zer merkaturatzen da? Zein baldintzatan? Noren bizkar eta esplotazioz? Noren (gain) asebetetze eta gozamenerako?… Gure ingurunean sumatzen ditugun injustiziak, etsipen, min eta esplotazioek sistemarekikoa den izaera dute eta elkar harremanduta daude ezinbestean: asko dute ikusteko etxeko lanen jardunaldi amaigabeak eta borondatearen kontrako lanaldi partzialen aurpegi feminizatuek, epaitegietan erasotzaileak babesten dituen normalitate zapaltzaileak eta mugarik gabeko logika akumulazio kapitalistak… Gutxi batzuen bizitza eustea, salbatzea edo/eta dolua egitea soilik zilegi izango den mundu ordena injustua.
Demokratizazio ariketa izugarria da feminismo(eta)tik dakarguna, burujabetzan jartzen du gakoa, norbere burujabetzan eta herriaren burujabetzan, bestelako gizarte bat eraikitzera begira ordena iraultzea. Bit-artean, hemen (bait)gaude, bizitza bizigarri egin nahian, hamaika estrategia aurrera eramaten, isiltasunean eta bakardadean batzuetan, kolektibizatuz eta minak elkar zainduz besteetan, politizatuz eta kalera ozen ateraz.