SINADURAK

Nora Salbotx Alegria

Maistra

Grebondoa

2023-12-01

Euskal Herriko feminismoarentzako gu guztion bizitzak badira nahikoa arrazoi greba orokor bitartez karrikak inarrosteko, berdin etxe barnak ere. Denon bizitzen aldeko aldarriak eta ideiak berak badakarzkielako, bere baitan, bateren batzuek oasitarako duten jendarte hau borrokatzeko moduko arrazoi saldoa, konfrontazio politiko eta sinbolikorako bide-orri oso bat.


Argazkia: FOKU. 2023-11-30, Bilbo. A30 greba feminista, manifestazioa EHko Mugimendu Feministak deituta.

 

Bizitza bera delakoz hemen jokoan dena, bizitza duin, osasungarri, justu, burujabe eta askeak. Eta etika berri bat, hori ere badugulako irabaztekoen zerrendan. Finean, jendartea antolatzeko modu berri bat, gaur alfonbrapean dagoen eta funtsezkoa den mantenuko produkzioari izena, balioa, eta nola ez!, prezioa ere jarriko diona.

Grebaren biharamunean hau leitzen ari bazara, ziurrenik zu ere atzoko feminismo mozkorraldiaren 'grebondoa' porrokatzen ariko zara gaur. Gainerako sektoreetako lagunen gisara, atzo karriketan gure alea paratzen ibilitako ikasle, ama, maistra, sukaldari, garbitzaile, atezain, ikertzaile eta abarrak aje ederrarekin itzuli gara gaur ikastetxeetara.

Zioen bell hooksek akademia berez ez dela paradisua eta, aldiz, ikaskuntzaren bitartez paradisuak sor daitezkeela, gaitasun hori duen eremu bat delako hezkuntza. Eta, gaineratzen zuen, hezkuntzaren bidez askatasuna praktikatzeko saiakera erradikala egiten tematu beharko genukeela, edukiak eta egiteko moduak bezalaxe, gure buru-gorputz banaezinak zeharkatuko dituzten praktiken bitartez, feministak, antiarrazistak, deskolonialak eta burgesiaren interes homogeneizatzaileez gaindikoak izanen direnak, hain zuzen ere.

 

«Beraz, hezkuntza patriarkal, kolonial eta klasista honek bulkatzen duen identitateen eta gorputzen ezabakeriari aitzin egin beharko geniokeela zapalduon ahots kolektiboaz»

 

Eta, hara non, kritikoki hezi, zaindu, ikasi eta irakatsi nahi dugunoi atzokoak ekarri dizkigun irakaspenen artean dago jakitea paradisuak pizteko gaitasuna duen hezkuntza bat badela hemen. Heziguneetan, akademian, aisialdi, arte, kirol eta hezkuntzako espazio ez formaletan nola, ikaskuntzarako toki pribilegiatu ia orotan ere bagaudela, eta bagarela nor, milakoetan zenbatu beharko gaituztela aitzinerakoan. Beraz, aliatu feminista saldoa dagoela hezkuntzaren egunerokoaren barrikada ttipi horien guztien alderik alde.

Hartaz, eta badakigulako hezigunea, sistemaren erreprodukziorako bezalaxe, mundua eraldatzeko lehentasunezko toki ere izaten ahal dela, jar gaitezen gaur berean zaintzaren pedagogia feminista egitera; geure burua, ondokoak eta natura zaintzeko gaitasuna denok izan dezagun, baina, baita ere, beregaintasun indibidualistaren falazia patriarkala erauzteko, zaintza erradikalki politizatzeko eta haren praktika eta etika berri baten hobe beharrez.

Eta orain, ospatu dezagun merezi dugun moduan “grebondo” hordigarri hau: topa pedagogia feminista erroetaraino eramanen duten pikete berrien alde. Txin-txin!!

 

«Finean, astindu ditzagun fuerte curriculum eta programak, plangintzak eta espazioak, rolak eta harremanak, zinpiti-zanpa!, soinean daramaten patriarkatu geruza kottorra desagertu arte.»