SINADURAK

Maider Barañano Uribarren

Soziologoa

Gazteok ez dugu zaintzen

2023-11-02

Greba Feminista Orokorraren deialdiak eztabaida ugari piztu ditu mugimendu feministaren espazio askotan. Eztabaida horiek ezinbestekoak izan dira grebak aurrera egiteko, baina horietan sakontzen jarraitzea ezinbestekoa da, bai grebara artean eta baita grebatik aurrera ere.


Argazkia. Unsplash / Oscar Keys

 

Hitz egin dugu zaintza lanen ezinbestekotasunaz eta gurutzatzen gaituzten botere harremanez; eta eztabaida horietako bat izan da gaztetasunarena. Behin eta berriro entzun dugu ez dugula zaintzen, ez dugula ardurarik hartzen, ez garela inplikatzen, ez dugula beste inor gure kargu eta ea nor garen zaintzaz hitz egiteko. Badakizue, teleberrian esaten dutenean bezala gazteok ez dugula haurrik eta munduaren amaiera iristear dela biologikoki erreproduzitzen ez bagara.

Itsutasuna kezkatzekoa da, kezkatzekoa ikusi nahi ez izatea zenbat ordu pasa ditugun 10 euro kobratuta, haur euskaldunak dituzten, eta beraz, haur horiek zaintzeko “neska gazte eta euskaldun bat” nahi duten familia horietan. Ez ikustea gu garela hezkuntza sistemak dituen hutsune horiek betetzen dituztenak ergatiboa, integralak eta past perfect-a azalduz etxez etxe. Ez ohartzea gu egiten garela gure adinkide gizonen behar emozionalen kargu, baina batez ere, ez ohartzea neska kuadrilla guztietan dagoela buru osasuneko arazoak dituen norbait, horrek esan nahi duen guztiarekin, horrek inplikatzen duen min, eztabaida, pastilla, hanka sartze, erru eta ondoez guztiarekin. Bitartean baina ez gara greba honen subjektu legitimo sentitzen, guk ez dugulako zaintzen.

 

«Kolapsatzen dabilen belaunaldia gara, eta kolapsoak gero eta espazio gehiago hartuko duela ondo dakigu irtenbide berriak asmatu ezean»

 

Kontua da Greba Feminista Orokor batera goazen honetan eztabaida jokoz kanpo kokatzeak inplikazioak izan ditzakeela. Diskurtsoa termino moraletan ezartzeak, hau da, “nik zaintza lanak egiten ditut pertsona ona naizelako”, “zuk ez duzu zaintza lanik egiten ez zarelako besteez arduratzen”, patriarkatu neoliberala ekuaziotik kanpo uztea dela. Zaintza lanak egiten ditugu emakumeak garelako, emakumetasuna ordaindu gabe egindako lanaren gainean eraikitzen delako hein batean, hor hasten da eztabaida, eta horren aurkako borroka da grebara garamatzana. Zaintza lanak antolaketa sozialean bertan existitzen dira, ez dago zaintza lanik ez bada testuinguru konkretu batean, eta gure testuinguru konkretua patriarkatu neoliberal eta koloniala da. Bertan kokatu behar ditugu eztabaidak eta bertan gure borrokak, gure estrategiek errealitatea eraldatzeko baliagarriak izan behar dutelako, eta beraz, baita gure diskurtsoek ere.

Aldaketa demografikoak gure belaunaldiaren gain inoiz baino zaintza lan gehiago utziko du, eta horri ere alternatibak bilatu beharko dizkiogu. Pentsatu beharko dugu bizitza egiteko forma berrietan, pentsatu beharko dugu nola suntsitu familia nuklearra, nola eraiki kolektiboan bizi proiektu berriak, nola urrundu odol loturetatik eta lotura sexu afektiboetatik eta nola iraun lotura berri horietan konpromisoz eta arduraz. Horregatik aterako gara greba egitera azaroaren 30ean, ez zaintza lanak erromantizatzeko, baizik eta bizitzen jarraitzeko eta bizitza egiteko egiten ditugun lan horiek guztiak justuki eta berdintasunez banatu eta horretarako neurriak gaurdanik har daitezen.

Historia feminista idazten jarraituko dugulako, bai, baina ez aurrekoen letrarekin.