Argazkia. Unsplash / Armin Lotfi
Euskararen eta euskaldunon aurkako erasoak ez dira gauza berria. Urte luzetan zehar, geure hizkuntzan hitz egiteagatik edota geure hizkuntza defendatzeagatik zigortu egin izan gaituzte. Zigor horiek aldaera nahiz bide desberdinetatik etorri izan dira, mozorroz aldatuta, baina oinarrian guztiek izan dute helburu bera: euskararen biziberritze prozesua geldiaraztea.
Egungo diglosia egoera iraunarazteko eta euskararen normalizazio prozesua oztopatzeko, mekanisko ugari jarri izan dituzte abian. Azkenaldian, mekanisko horiek eremu juridikotik ari dira nabarmentzen eta epaileak, eurei ez dagokien hizkuntza politika egiten ari dira. Nola ez, beste behin, euskararen aurka eta euskarak irabazitako eremuak murrizteko xedearekin. Atzera begira nahi gaituzte, aurrerapausorik eman ez dezagun eta euskararen biziberritzea ez dadin inoiz posible izan.
Auzitegi ugaritatik, akordio politiko nahiz sozial zabaletan oinarritutako neurrien aurka egin dute. Adibide modura, EAEko Udal Legea. 2016. urtean, gehiengo alderdi politikoen babesarekin onartu zuen legea Eusko Legebiltzarrak. Udal legeak hainbat eskumen aitortzen dizkie udalei; besteak beste, euskara hutsean jardutekoa edota euskara lehenestekoa, beti ere, eta hori azpimarratzekoa da, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuz.
«Marko juridiko eta politiko propioak behar ditugu, ikusi baitugu, frantziar eta espainiar estatuen menpe, euskararen biziraupena ez dagoela inondik ere bermatuta eta eman ditzakegun urratsak mugatuta daudela»
Vox eta PP alderdi politikoek, ordea, legearen hainbat artikulu ez dituzte begi onez ikusi eta auzitegietara jo dute. Epaileek arrazoia eman diete eta legearen aurkako hiru sententzia etorri dira segidan; lehenengoa uztailean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eskutik eta beste biak EAEko Auzitegi Nagusitik, orain aste gutxi. Hala, argudiaketa desberdinen bitartez, euskara biziberritzeko giltzarri diren legearen hainbat artikulu indargabetu dituzte eta udalei, euskararen alde egiteko helduleku ugari kendu dizkiete.
Oldarraldia, ordea, ez da soilik judiziala; baita mediatikoa eta politikoa ere. Izan ere, epai guzti horien bueltan, diskurtso eta ideologia jakin bat ari da indartzen; zenbaitetan, gainera, diskurtso horiek euren burua aurrerakoi modura izendatzen dutenen eremuetatik datoz eta ez, soilik, eskuin edo eskuin muturretik. Funtsean, elikatzen ari diren ideia zera da: euskalduna = inposatzailea = pribilegiatua.
Euskara, ordea, bi estatu supremazisten menpe dagoen hizkuntza gutxitu bat da eta euskaraz bizitzea euskaldunon eguneroko borroka bat. Hain justu, hainbat belaunalditako herritarren eginahalari esker lortu ditugu gaur egun dauzkagun hainbat eskubide. Hala ere, oraindik, badago zer egina, esaterako, euskararen ofizialtasunaren aferan. Euskara Euskal Herri osoko berezko hizkuntza izanik ere, ez da ofiziala Nafarroa garaiko hainbat eremutan eta Ipar Euskal Herri osoan.
«Elikatzen ari diren ideia zera da: euskalduna = inposatzailea = pribilegiatua»
Lege babes hori izatea garrantzitsua da eta Euskal Herrian Euskaraz-etik argi dugu bide hori urratzen jarraitu behar dugula, noizbait, Euskal Herri osoan euskara ofiziala izan dadin. Nolanahi, eskubide hori legez aitortua izan ez arren, euskaraz bizitzeko eskubidea izan badugu eta hori aldarrikatzen jarraitu behar dugu.
Egoera honen aurrean, Euskal Herria berreuskaldunduko badugu, Euskararen Errepublika behar dugunaren uste sendoa dugu EHEko kideok -nahiz eta jakin, Euskararen Errepublikak, bere horretan, ez duela euskara salbatuko-. Marko juridiko eta politiko propioak behar ditugu, ikusi baitugu, frantziar eta espainiar estatuen menpe, euskararen biziraupena ez dagoela inondik ere bermatuta eta eman ditzakegun urratsak mugatuta daudela.
Helmuga, beraz, argi dugu eta aurrerantzean ere, bidea egiten jarraitu beharko dugu, amesten dugun Euskal Herri euskalduna, behingoz, errealitate bihur dadin!