SINADURAK

Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga

Sorturen Ekintza Politikoko arduraduna

Euskal feminismoak borrokara deitu du

2023-11-26
ES   

Demagun emakumeok gure jardun politikoaren erdigunean geure askapena bera jartzen dugula. Erabakitzen dugula gure emakume izateak berak behar duela izan gure kontraesan nagusia, eta begirada horretatik egituratzen ditugula gure ikuspegiak eta estrategiak, zeintzuek ahalbidetzen diguten zeharkatzen gaituzten gainerako zapalkuntzak azaltzea, egokitzea eta, are, hierarkizatzea; hala nola, nazioa, etnia, arraza, klasea, kultura edo sexua.


Argazkia. Unsplash / SUNDAY II SUNDAY

 

Demagun oraingoan ez garela buru-belarri entregatzen zeharkatzen gaituzten beste borroka batzuetara, ondo asko baitakigu horiek ez digutela ziurtatzen -eta ez dakartela per se eurekin eregure askapena emakume gisa. Demagun fin jartzen garela, eta ez ditugula lehenesten mugimendu eta ekintza-batasunak gure zapalkuntzak sentitzen, jasaten, ikusten eta ulertzen ez dituzten sektore sozial horiekin. Demagun demokrazia benetan ordezkatzailea eta parte-hartzailea eskatzen dugula. Demagun geure buruari ematen diogula lehentasuna, eta ez besteei; historian eta planetaren luzezabalean gure espezieak bizirik irautea eta gaur egun den hori izatea (ez gehiago ez gutxiago) posible egin duten eta egiten ari diren milioika emakumeei. Demagun amatasunetik transmititzen dugula gure genealogiarekiko afektua.

Demagun bakearen izenean isiltzeari uzten diogula, eta ohiko betebehar horiei uko egiten diegula. Jarrera horrek, zalantzarik gabe, zibilizazio-kolapsoa ekarriko luke, paralisia dinamika politikoan, desorientazio orokorra. Hori irudikatzera ausartzeak berak bakarrik badauka dagoeneko sendatzeefektua.

Lasaitu ditzagun irakurleak. Euskal emakumeok ez diegu muzin egingo gure komunitateei, emakumeok gure jendartearen parte eta ondorio gara, baita denbora eta lurralde honetan ezartzen diren harreman ekonomiko eta politikoenak ere. Badakigu feminismoa aldaketarako indarra dela, parekidetasunaren, ongizatearen eta zoriontasunaren katalizatzailea dela artikulatzen denean, gure garaiko borroka emantzipatzaileekin harremanean jartzen denean, eta zapalkuntza- eta esplotaziosistema globalari erantzun orokor bat ematen saiatzen denean. Hau da, feminismoa erradikala da hemen, Europa mendebaldean dagoen Euskal Herri honetan, jendarte hobe bat eraikitzen saiatzen denean, eta pertsona libre gisa garatzen laguntzen digunean.

 

«Feminismoa aldaketarako indarra da, parekidetasunaren, ongizatearen eta zoriontasunaren katalizatzailea da artikulatzen denean, gure garaiko borroka emantzipatzaileekin harremanean jartzen denean»

 

Orain, itzul gaitezen ikuspegi autozentratu batera, eta galde diezaiogun geure buruari zer ekarpen egiten dion emakumeon askapen prozesuari euskal feminismoak ireki duen borroka zikloak, zaintza eskubide kolektibo aitortua eta bermatua bilakatzeko helburuz.

Zaintza agenda politikoaren erdigunera ekartzea, ikusaraztea, haren balio sozial eta monetarioa aitortzea (eta, ahal izanez gero, atzeraeragina izatea), problematizatzea, duintzea eta horiek kolektiboki onartzea jauzi kualitatibo bat da patriarkatuaren aurkako eta emakumeen askapenaren aldeko borrokaren prozesu historikoan. Jauzi hori erroraino doa: lanaren banaketa sexuala eta hierarkikoa zalantzan jartzen ditu, eta gogorarazten digu, emakume guztion posizioa berbera ez izanagatik, betidanik izan dugun eskulan doakoa, mendekoa eta prekarioa funtsezko elementua dela gure emakume izate hori azaltzeko.

Zaintzarako eskubide kolektiboa aitortzea jauzi bat da, nire ustez, animalia emeak izatetik arrazionaltasunaren jabe garen emakumeak izatera igarotzeak ekarri zuenaren parekoa. Gure eskubide zibil eta politikoak aitortzearen pareko jauzia (boto eskubidea, herritartasun-eskubidea, dibortziorako eskubidea, aborturakoa edo hezkuntzarakoa). Jauzi horrek emantzipatzeko baldintza materialak hobetzea ahalbidetzen du, eta duintasuna ematen digu egindako lanaren ekarpen historikoa aitortzean.

 

«Galde diezaiogun geure buruari zer ekarpen egiten dion emakumeon askapen prozesuari euskal feminismoak ireki duen borroka zikloak»

 

Mundua asaldatuta dagoen garai batean ekin dio euskal feminismoak borroka-ziklo honi. Planetaren hegemonia eta bertako baliabideen kontrola lortzeko borroka milioika hildako eragiten ari da, eta zibilizazio-erronkak atzeratzen. Politika, erakundeak eta sektore publikoa ahulduta eta erabakitzeko ahalmenik gabe daude, inbertsio faltagatik; hau da, ez dute nahikoa botererik erabaki estrategikoak hartzeko eta merkatuei aurre egiteko. Bitartean, ezkerrak zailtasunak ditu proiektuak eta aldaketarako estrategiak artikulatzeko, eta jendearen beldur eta kezkekin konektatzeko.

Testuinguru horretan, euskal feminismoak anbizioz eta konfiantzaz ekin behar dio azaroaren 30eko greba orokorrarekin ireki den zikloari, Euskal Herrian gai garelako horretarako, edo, behintzat, saia gaitezkeelako. Gure herrian, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko sektoreek indar-korrelazio ona dute; boterea eta subiranotasuna berreskuratzeko aukera ematen digun fase historiko bati ekitera goaz, geure buruak hobeto gobernatzeko; eta, azkenik, bere burua zaintzen duen eta etorkizunean zaindu nahi duen komunitate erantzunkide baten parte gara. Horregatik, zorrotzagoak izan behar dugu geure buruarekin; herri honek zumeak ditu duina eta justua izateko, eta egungo zein etorkizuneko erronkei aurre egiteko beste modu baten erreferente bihurtzeko. Bide horretan, euskal feminismoak borroka bat irabazi du dagoeneko: bizitza eta zaintza erdigunean jarri ditu. Euskal emakumeok jada ez gara lehengoak sentitzen, eta ez dugu lehengo hura proiektatzen.

Esperientziak erakusten digu aurrerapenak ez direla iraunkorrak eta osoak, ezta orokortuak ere emakumeontzat. Baina, era berean, esperientziak erakusten digu gure buruak konbentzitzea lortzen dugunean, jendartean trakzio-indarra garela eskubideetan aurrera egiteko eta egungo erreakzio kontserbadore eta misoginoa geldiarazteko. Euskal feminismoa jendartea bere osotasunean interpelatzen ari da, ezkerra zehazki, eta emakumeoi borrokarako deia egiten ari zaigu.