GOMENDIOAK

Erria

Etxearen korapiloa nola askatu

2025-07-22

Unai Fernandez de Betoño, IparHegoa Fundazioa, UEU 2025

 

Etxebizitzaren korapiloa askatu daiteke. Horretarako hainbat neurri politiko, ekonomiko eta sozial hartu behar dira, herritarrei eskaintza, prezio eta ziurtasun egokia emango dietenak. Euskal Herrian etxebizitza-politika justu bat gauzatzeko hogeita hamar gako daude, ia aldi berean eta epe luzez aplikatu beharrekoak. Gaurtik hasita.

Herritar guztiei etxebizitza duin, eskuragarri eta iraunkor baterako sarbidea bermatzeko alokairu sozialeko etxe-parke publiko zabal eta unibertsala sortu behar da bereziki. Aldi berean prezioak kontrolatzeko mekanismoak ere ezarriz. Europako eredu arrakastatsuenak diren Danimarkaren, Herbehereen edota Austriaren bidetik.

Nola? Etxe hutsak mugiaraziz, etxe merkeak lehentasunez erosiz, hiriak birdentsifikatuz, espekulazioa geldiaraziz, pisu turistikoak debekatuz... Kontuan izanik, betiere, etxebizitzaren arazoa konpondu behar dela bestelako arazoak sortu gabe, hiri-segregazioa edo euskararen kaltetzea kasu.

Erronka handi bezain egingarria, borondate politikoa badago. Bizitza eta etxebizitza benetako sinonimoak izan daitezen askatu behar dugu etxearen korapiloa. Gizartea guztiz apurtu baino lehen.