SINADURAK

Aitor Servier Etxexuri

Sortuko kidea

Etxebizitza krisiari buru eginez

2022-01-18

2021eko Azaroaren 20a. Zortzi mila pertsona bildu dira Baionan, “Herrian lan eta bizi, espekulazioari ez” lelopean antolaturiko mobilizazioan. 32 eragilek bat egin dute etxebizitza eskubidearen aldeko herri ekimen honekin: gehiengo sindikala, ezkerreko alderdiak, herri mugimenduko eragileak edo etxebizitzaren arloan esku hartzen duten elkarteak egon dira pankarta beraren gibelean.


Argazkiak. FOKU

 

Arazoaren iturburuak

Ipar Euskal Herrian bizi dugun etxebizitza krisiaren arrazoiak ez dira atzo goizekoak.  Lehendik zetorren Miarritze eta beste zenbait kostaldeko hiriren “erakarpen efektuaz” oharturik, 1967tik goiti, Frantziako Gobernuak, MIACA, Akitaniako Kostaldearen berrantolaketa planaren baitan obratu zuen Ipar Euskal Herriko kostaldearen turistifikazio progresiboa. Azken batean, Paristik hartu zuten hiru herrialdeetako ekonomiaren zati handi bat lehen sektorera bideratzeko erabakia. Ezaguna dugu ondoren etorri zena: garapen industrial eza eta arrantza nahiz laborantzaren gainbehera.

Ondorengo hamarkadetan, turismoaren uhinaren gainean surf egin zuten promotoreek, etxebizitza agentziek eta zerbitzuetan inbertitzeari ekin ziotenek. Nolabaiteko dikea osatu arren, herri-borroka ekintzak ez ziren aski izan prozesu honi galga jartzeko. Hala ere, mugimendu ezkertiar eta abertzalearen zenbait proposamen politiko aplikatzen hasi ziren hainbat herriko etxe: bigarren etxebizitzen gaineko zerga, kasurako.

 

«Frantziako Gobernuak, MIACA, Akitaniako Kostaldearen berrantolaketa planaren baitan obratu zuen Ipar Euskal Herriko kostaldearen turistifikazio progresiboa.»

 

Pandemia eta etxebizitza

Gatozen pandemiaren garaiotara. Konfinamenduak klase ertain-altuko jende ugariren bizi espektatibak aldatu zituen. 2020ko udaberrirako, telelana demokratizatzen hasi zen heinean, Paris, Bordele edo beste hainbat metropolia utzi eta Lapurdiko kostaldetik lan egin ahal izatearen perspektiba ireki zitzaien bertan etxebizitza bat eskuratzeko ahalmen ekonomia zuten hainbati. Lapurdin langabezia tasa oso apala bada ere, bertan lan egiten dutenen hilabete sariak biziki urrun daude aipaturiko erosle berrien bataz besteko soldatatik.

Merkatuaren legeari jarraiki eta egoerari etekina atera diotenen erruz, espero ziteeken eskariaren hazkundeak, eskaintzaren garestitzea ekarri du. Turista eta biztanle berriak Ipar Euskal Herria erakartzeko iragarki kanpaina publiko nahiz pribatuak biderkatzearekin batera, hilabete gutxitan %20 eta %50aren artekoa izan da salgai jarritako etxebizitzen prezioaren igoera zenbait kasutan eta etxebizitza turistikoen hedapenak abiadura hartu du.

 

«Hilabete gutxitan %20 eta %50aren artekoa izan da salgai jarritako etxebizitzen prezioaren igoera zenbait kasutan eta etxebizitza turistikoen hedapenak abiadura hartu du.»

 

Gero-eta jendarte sektore zabalagoen ezinegona egoki irakurriz, EH Baik udazkenerako mobilizazio bat antolatzeko deia egin zuen 2021eko apirilean, Euskal Elkargoaren etxebizitza plana salatzen zuen egun berean. Ordutik, gazteriak kolektibo gisa are prekarioago egiten duen problematika salatu du gazte mugimenduak ere. Aldak berriz, AirBnb eta bestelako plataformek eragindako bidegabekerien aurka antolatu ditu herritarrak.

 

Argazkiak. FOKU

 

Lurraldearen antolaketa eta herri eredua auzitan

Proposamen politikoan argiaren inguruan gorpuztu da azaroaren 20ko mobilizaziorako herri-dinamika. Funtsean, etxebizitzaren krisiari buru egiteko irtenbideak egon badaudela plazaratu dute antolatzaileek. Lurren eta etxebizitzen merkatuaren erregularizazioa posible egite aldera, Ipar Euskal Herria esperimentazio lurraldetzat onartzeko eskaria egiten zaio Parisi, instituzioek merkatua arautzeko eta espekulazioa eteteko klausulak plantan ezartzeko bitarteko legalak eskuratu ditzaten.

Etxebizitzen %21a bigarren etxebizitza den lurralde honetan, gehiago eraikitzeko politiken ifrentzuan, ezinbestekoa da lurren kontrol publikorako politikak garatu eta  existitzen den etxebizitza parkea banatzea. Gaur egungo eraikuntzak etxebizitza sozial bilakatzeko programen behar gorria dute lurralde honetako sektore zaurgarrienek. Larrialdi klimatikoari erantzuteko, premiazko neurriak dira bizitegi hutsen zaharberritze ekologikoa zein hiri zentroen trinkotzea.

 

«Baiona-Angelu-Miarritzeko hirigunean kontzentratzen den jarduera ekonomikoari eusten dioten langileak haien lantokitik ordubetera bizi dira kasu anitzetan.»

 

EH Baik, bere aldetik, egoiliar estatusaren eztabaida mahai-gaineratzeko asmoa agertu du. Frantses Estatuaren menpeko Korsika edo Bretainiako lurraldeetan aztergai duten neurria da honako hau, lurralde jakin batean etxebizitza edo lur bat erosi ahal izateko eroslea aitzinetik bertan urte kopuru jakin batean bizitzera behartuko lukeena.  Gaur-gaurkoz, Korsikako lurralde kolektibitateak uhartearentzako egindako egoiliar estatusaren proposamena legez kanpokotzat jo du Frantziako justiziak.

Etxebizitzatik hasita, lurraldearen antolaketarako erronkak agertzen zaizkigu begi bistan. Izan ere, Baiona-Angelu-Miarritzeko hirigunean kontzentratzen den jarduera ekonomikoari eusten dioten langileak haien lantokitik ordubetera bizi dira kasu anitzetan; etxebizitzaren merkatuak Behe-Nafarroan bizitzera beharturik. Garraio publiko hain urria izanik, ikuspegi ekologikotik jasanezina den  den mugimendu pendularren fenomenoa bizi du Ipar Euskal Herriak. 

 

«Gazteriak kolektibo gisa are prekarioago egiten duen problematika salatu du gazte mugimenduak ere. Aldak berriz, AirBnb eta bestelako plataformek eragindako bidegabekerien aurka antolatu ditu herritarrak.»

 

Aipamen berezia merezi du, hiru hilabetez luzatu den Arbonako Berrueta lursaileko ELB eta Lurzaindiaren okupazioak. Ipar Euskal Herriko laborarien sindikatuek eta laborantza lurrak erosteko herritarren funtsak Miarritzetik 10 minutu eskasera kokatu zuten espekulazioaren aurkako lubakia. Azkenean, hiru hektareako laborantza lurrak eta etxalde bat hiru milioi euroko prezioan saldu ahal izatea oztopatuz, nolabaiteko garaipena erdietsi du herritar andanak zein hautetsien gehiengo batek babesturiko ekimenak. “Eraiki orde, jatea hobe” zioen okupazioan jarritako pankarta batek; elikadura burujabetzaren bidea jartzen gaituen laborantza herrikoia balioetsiz.

Pertsona ororen oinarrizko beharrizana den etxebizitza eskubidea egikaritzeko dinamika honek, gehiengoak artikulatzeko ageriko potentziala du. Herritarren suminarekin konektatu, neurri konkretuak proposatu eta Ipar Euskal Herrian modu duinean lan egin eta bizitzea helburu desiragarri eta lorgarritzat proiektatzea dagokigu heldu diren hilabete eta urteotan. Etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan lidergo ukaezina duen mugimendu ezkertiar eta abertzaleak orain dauka burujabetzaren zein eraldaketa sozialaren aldeko subjektibitate berriak sortzeko parada.