Argazkia. Unsplash / Jakub Żerdzicki
Errealitatetik urruti ez ezik, arazoari irtenbidea emateko marko murritzegia da hori, herritarren etxebizitza beharra eta eskubidea bermatzea baino, finantza eta higiezinen sektoreen interes ekonomikoak asetzea xede duena.
Historia garaikideak erakutsi du etxebizitza eskaintzaren hazkundeak ez dakarrela prezioen jaitsiera bat automatikoki. XXI. mendeko lehen urteetan Espainiar Estatuan soilik, Alemanian, Britania Handian eta Frantzian guztira eraiki zena baino etxebizitza gehiago eraiki ziren, Euskal Herrian ere eraikuntzaren boom ikaragarria eman zen; alabaina, eskaintza asko handitu bazen ere, hamarkada horretan etxebizitzaren eta lurraren prezioek etengabeko hazkundea izan zuten.
Ekonomiak bizi duen finantziarizazio prozesuak higiezinen merkatuan erro luzeak ditu, besteak beste, bestelako sektore batzuetan baino errendimendu hobeagoak ematen dituelako. Europan, 2009 eta 2019 arteko hamarkadan, 5 milioi baino gehiagoko higiezinen erosketa-operazioen bolumena 8.000 milioikoa izatetik, 67.000 milioikoa izatera pasatu zen. Eta, Espainiar Estatuan dagoeneko erosten diren etxebizitzen erdia baino gehiago hipotekarik gabe eskuratzen dira, alegia, zuzenean eskura ordaintzen dira.
«Historia garaikideak erakutsi du etxebizitza eskaintzaren hazkundeak ez dakarrela prezioen jaitsiera automatikoki»
2008ko krisiaren osteko higiezinen debaluazioa gainditzeko politika eta erregulazio aldaketa neoliberalek ahalbidetu dute etxebizitzak gero eta gehiago eskuratzea aktibo finantziero gisa baliatzeko, bizileku gisa erabiltzeko baino, etorkizunean errentak lortzeko asmoarekin. Hartara, etxebizitzaren merkatu-prezioa berarekin espekulatzeko aukerak markatzen du, etxebizitza bat eraikitzeak duen kostuak baino.
Etxebizitza inbertsio edo negozio bitarteko gisa erabiltzeko aukerak aktore berriak erakarri ditu eta eskaria asko puztea eragin du horrek, izan ere, salgai dagoen etxebizitza bat eskuratzeko aurrez aurre lehiatzen ari dira: alde batetik, etxebizitza bizileku gisa erabili nahiko luketenak, gazteak, migranteak, bikote-bananduak…; eta bestetik, inbertsio gisa etxebizitza hori eskuratu nahi dutenak, funts putreak, edo aurrezkiak izan edo ez, inbertsio bat egin nahi duen bizilaguna. Guztiak ez direlako nazioarteko funtsak, baina gurpil zoro berdina elikatzen dute. Lehia desorekatu horren lehenengo ondorioa da jabetza gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen ari dela, etxebizitza bat baino gehiago dituztenek eskuratzen dituztelako salgai dauden etxebizitzen gehiengoa, sarbiderik ez duten horien kaltetan. Baldintza horietan, eskaintzak ez du inoiz eskaria asetuko, eta Etxebideren zerrendak handitzen jarraituko du.
Bigarren ondorioa da jabetzara sarbiderik izateko aukerarik izan ez duten familiek alokairura jo behar dutela. Oraindik gutxiengoak badira ere, datuek erakusten dute urtetik urtera gero eta gehiago direla alokairuan bizi direnak. Beste aukerarik ezean, haien soldatek izan duten bilakaeraren oso gainetik igo diren alokairuaren izugarrizko prezioak pairatu behar dituzte. Joera honek, ziklo aldaketa bat erakusten du, rentismoak ezaugarritzen duena, eta aberastasun gutxien duten familia horietatik aberastasun handiena duten horietarako errenta transferentzia handia ahalbidetzen ari dena. Bartzelona eta Madrilen egindako ikerketek erakutsi dute etxejabe rentistei alokairuagatik jasotzen dituzten errenta guztiak kenduz gero ere, maizterrak baino aberatsagoak izaten jarraituko luketela. Pentsa nolakoa den alokairuen prezioa jaisteko dagoen marjina!
«Jabetza gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen ari da, etxebizitza bat baino gehiago dituztenek eskuratzen dituztelako salgai dauden etxebizitzen gehiengoa, sarbiderik ez dutenen kaltetan»
Etxebizitza ezberdintasun sozialen hazkunde eta erreprodukziorako gero eta elementu determinanteagoa bihurtu da. Horrela, etxebizitzaren jabetzak, erosketa edo herentzia bidez lortuak, klase sozialaren definiziorako zentralitatea hartu du, jabea edo maizterra izan, bizi baldintzetan erabateko eragina duen aldagaia delako. Azken hamarkadetako jendartea ezaugarritu duen jabetza indibidualean oinarritutako etxebizitza-ereduaren erreprodukzio krisiaren zantzuak ikusten ari garela esan daiteke.
Hortaz, etxebizitza parkea handitzea beharrezkoa izanik ere, eztabaida ez dago eraiki beharreko etxebizitza kopuruan. Milioika etxebizitza eraikita ere, prezioak ez dute zertan jaitsi, beharra dutenek ez dituzte zertan etxe horiek eskuratu, eta inbertsio gisa baliatu nahi dituztenek bidea libre izango dute arrakala soziala areagotzen jarraitzeko, poltsikoak betetzen dituzten bitartean. Aurrerantzean herritarren oinarrizko bizi baldintzak eta duintasuna bermatu nahi badira urgentziaz esku-hartu beharko da injustizia sozialean zimenduak dituen merkatuan, eta joku-arauak aldatzea ezinbestekoa izango da horretarako.
Sektore publikoak bestelako rol eta pisua izango duen paradigma sortzen hasi behar da, irtenbidea merkatu pribatuak ia bere osotasunean menperatzen duen eszenatokia eraldatzean dagoelako. Eskaria eta eskaintzaren markoa gainditu, eta bizitza ala kapitalaren arteko talka erdigunera ekartzea eskatuko du horrek.