Argazkiak. Wikipedia Commons / Anefo
“España: Una, Grande y Libre”. Esaldi honek modu ezinhobean laburtzen du espainiar proiektuaren izana, mendeetan zehar gaur egunera arte kosta ahala kosta iraunarazi nahi izan dutena.
Espainiaren esentzia inperialista sobera ezaguna zaigu. Errege katolikoek Ameriketan barrena abiatutako “konkistak” historiak ezagutu duen genozidio eta sarraski kultural handienetakoa suposatu zuen. Jarrera (auto)kritikoetatik urrun, 1492ko “gesta” horren ospakizuna bilakatu zuten urriaren 12ko eguna, hispanitatearen gorazarrea egitekoa. Abya Yalaren suntsiketa ekarri zuen data hura espainiar proiektuarekiko harrotasuna aldarrikatzeko eguna da gaur egun ere. Beharbada, espainiar inperioa izan zenaren nostalgiak estali behar dituelako krisian dagoen erregimenaren miseriak. Edo beste barik, Espainia hori bera delako: basakeria, inposizioa eta horren apologia.
«Errege katolikoek Ameriketan barrena abiatutako “konkistak” historiak ezagutu duen genozidio eta sarraski kultural handienetakoa suposatu zuen»
Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen dugu proiektu horren izaera ukatzailea. Honen existentziaren hasieratik, konstante bat izan da Euskal Herriaren askatasun aspirazioak zanpatzeko nahia. Amerikak suntsitu zituzten berdinek indarrez hartu zuten menpean Nafarroako Erresuma 1512an. Gure herriak mantentzen zituen foruak deuseztatu zituzten Borboiek karlistaden ostean. Frankismoa izan zen Euskal Herria behin betiko desagerrarazteko azken ahalegin handia: gure herria bonbardatuz, gure hizkuntza, kultura eta sinboloak debekatuz eta Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatutako milaka herritar jazartuz eta akatuz. Ez zuten lortu.
78ko erregimena da espainiar proiektuaren azken mutazioa. Agortuta zegoen diktaduraren amaierak ekarri zitzakeen aldaketak ikusita – demokratizazioaren aldeko aldarria, herri mobilizazio indartsuak, “ezkerreko” alderdi eta sektoreen iniziatibarako aukerak –, Francok berak Espainiaren oinarriak bere horretan mantenduko zituen moldaketak planifikatu eta garatu zituen. “Dena lotuta eta ongi lotuta” utziko zuen diktadoreak, eta hala garatu zen eredugarri gisa saldu nahi izan ziguten Trantsizio hartan. Judikatura eta polizia frankista bera mantendu zen “demokrazia” berrian, diktaduraren aldeko medio nagusiak zirenek bere horretan jarraitu zuten diktadorea hil ostean, elite ekonomiko berberak izan ziren erregimen berrian onuradun nagusiak, eta hori guztia legeztatutako eskuineko zein ezkerreko alderdi nagusien adostasun eta babesarekin. Operazio perfektua Francok bere ohetik diseinatutakoa. Diktadoreari funtsezkoa izango zitzaion azken pieza monarkiak osatuko zuen, aparatu guzti horien gaineko kontsentsuzko figura nagusia. Juan Carlos I.a borboia izango zen erregimen berriari egonkortasuna, mozorro demokratikoa eta kanpo interlokuzioa emateko erreferentzia. Estatuko estoldeetatik (auto)orkestratutako estatu-kolpe saiakera eta guzti behar izan zuten bere aurpegia garbitu eta zilegitasuna irabazteko.
«“Dena lotuta eta ongi lotuta” utziko zuen diktadoreak, eta hala garatu zen eredugarri gisa saldu nahi izan ziguten Trantsizio hartan.»
40 urte beranduago, erregimen bera izan da errege emerituaren ihesaldia erraztu duena. Espainiako gobernuak bideratutako eta medio nagusiek babestutako operazioa. Justiziatik ihes, espainiar gizartetik ihes. Beste behin ere, erantzukizunak argitu beharrean, “arazoak” alfonbra azpian gordetzea izan da irtenbidea: Juan Carlos borboikoa “atzeko atetik” ateratzea, alegia; gidoi onenaren saria irabaziko lukeen film baten antzera. Erregimenaren izaera antidemokratikoa berriro ere agerian.
Esan beharra dago Juan Carlosen irudiak Abu Dabira ihes egiten justizia poetiko kutsua duela euskal herritarron begietara, baina ez da harritzekoa puntu honetara heldu izana Espainian. Erregimenaren kontsentsuzko figura zenak zeozer erakutsi badu azken hamarkadetan, ustelkeria, inpunitatea eta lapurreta izan dira. Felipe Borboiaren kargu-hartzea izan da krisian dagoen instituzioari oxigeno apur bat emateko izan duten aukera bakarra. Hala ere, ez dirudi monarkiak beste ziklo luze baterako ibilbide errazik duenik. Monarkiaren paperaren gaineko kritika eta aurrera begira instituzioaren behar zein bideragarritasun zalantzak nahiko hedatuak daude. Are gehiago belaunaldi gazteei erreparatuz gero. Hala erakusten du PMIk egindako azken inkestak[1]. Datuen arabera, espainiar biztanleen %40,9ak errepublika babestuko luke, monarkiaren aldeko %34,9aren aurrean. Inkestatuen adinean behera egin ahala datuen arrakala handitzen da.
«Badakigu non kolpatu, beraz; kolpe horien ezaugarriak definitzea da falta zaiguna. Izan ere, monarkiaren gaineko eztabaida soziala irekitzen denean, monarkia vs. errepublika gisan formulatuko dute gehienek. Dikotomia horrek, ordea, ez du Euskal Herriaren ukazioa eta espainiar proiektuaren inposizioa zalantzan jartzen.»
Euskal Herriko zein Kataluniako kasuetan, espainiar koroarekiko gaitzespena eta deslotura are handiagoa bilakatzen da. Herritarren gehiengoa antimonarkikoa da, zalantzarik gabe. EAEn, esaterako, 18-35 urte bitartekoen %94,9ak espainiar monarkia “inutila” dela azpimarratzen du[2], datu ez oso ezberdinekin adin tartea zabaltzen denean. Desafekzio hau ez da kasualitatea. Izan ere, nazio zapalduon kasuan eztabaida ez da soilik estatu ereduaren inguruan, espainiar proiektu politikoaren inposizioaren figura baita monarkia. Hala ikusi genuen Felipe VI.ak Kataluniako erreferendumaren ostean egindako deklarazioetan. Estaturik gabeko nazioen ukazioa eta hauen askatasunaren alde lan egiten duen herriaren kontrako indarkeria ordezkatzen du espainiar koroak.
Azken asteetan monarkiaren gaineko tentsio soziala apaldu bada ere (erregimenaren medioek eraginda, bereziki), hurrengo hilabete eta urteetan agendan egongo den eztabaida izango dela aurreikusi dezakegu. Espainiar erregimenaren egonkortasun eta kontsentsu elementu zena, beharbada katebegi ahulena bilakatu da; gizartean desatxikimendu handiena sortzen duena, eta aldi berean, erregimenak berak gehien babesten duena. Badakigu non kolpatu, beraz; kolpe horien ezaugarriak definitzea da falta zaiguna. Izan ere, monarkiaren gaineko eztabaida soziala irekitzen denean, monarkia vs. errepublika gisan formulatuko dute gehienek. Dikotomia horrek, ordea, ez du Euskal Herriaren ukazioa eta espainiar proiektuaren inposizioa zalantzan jartzen. Ez dio gure herriak dituen behar ekonomiko, kultural eta sozialen eztabaidari heltzen. Beraz, monarkia vs. euskal errepublika da mahai gainean jarri behar dugun markoa. Hori baita Euskal Herriaren burujabetza formal zein materialean urratsak emateko bide eraginkorrena.
[1] Monarkiaren gaineko inkesta, “plataforma de Medios Independientes-ek (PMI)” egindakoa eta Público aldizkari digitalean argitaratutakoa. https://labur.eus/5CpV0
[2] Gizakerrek monarkiaren inguruan EITBko 360 grados programarako egindako inkesta. https://labur.eus/ZC1pu