SINADURAK

Amagoia Susperregi eta Floren Aoiz

Iratzar fundazioko zuzendaria

Erori eta altxa, erori eta altxa, Nafarroa aurrera!

2022-11-30
ES   

Noiz eta Amaiurko Gazteluaren setio eta erorketaren 500. urteurrenean, eman da Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren berri, iaz topatu bazuten ere. Iraganari garrantzia ematen dion herria da Euskal Herria, eta era berezian Nafarroa. Beharbada, arnas luzeko begirada ahalbideratzen duen ibilbide luze baten kristalizazio politiko-instituzional baten izena delako. Izan ere, Nafarroa hitza ez dagokio soilik lurralde bati, egitasmo politiko baten izena ere bada, bertatik bertara pentsatu eta eraikitako egitasmo bat, hots. Euskararik gabe ulergaitza den egitasmoa, bestalde.


Argazkia. Unsplash / Bernart Hermant

 

Historia aintzat hartu gabe ezinezkoa da Nafarroa ulertzea. Batetik, aurreko belaunaldien borroka, lehia eta lorpen nahiz bizipenen uzta delako, eta bestetik, iraganaren inguruko diskurtsoek oinarritzen dituztelako nortasun sentimenak. Ez gara historia bakarrik, alta. Badaude iraganari so egiteko hamaika era, nostalgia atzerakoietatik begirada askatzaileetara, eta guk azkenengo horietan kokatu nahi dugu gure proposamena. Izan ere, afera da zertarako baliatzen garen historiaz, ez historiarekin zerbait egin behar ote den, egin beti egiten delako, aipatzen ez denean, garrantzia kentzen zaionean, horrela ere babesten direlako kontakizun hegemonikoak, nahita edo nahi gabe.

Nafarroa izena gure iraganaz mintzo zaigu, gure instituzioez, baita konkistaren ondotik ezarri ziguten menpekotasunaz ere. Egunotan Trafiko eskuduntzen itzulera aipagai dugularik, komeni da oroitzea espainiar estatuarekin dugun harremana ez dela maila bereko bi instituzionalitateen artekoa, subordinazio faktiko-material eta arautu-formala baizik. Hau da, praktikan zein idatzitako legeetan, azken hitza Madrilen dago, ez hemen. Eta errealitate hau ezin da konprenitu ekarri duen ibilbide historikoari erreparatu gabe.

 

«Badaude iraganari so egiteko hamaika era, nostalgia atzerakoietatik begirada askatzaileetara, eta guk azkenengo horietan kokatu nahi dugu gure proposamena»

 

Historiaz eztabaidatzea etorkizunaz eztabaidatzea izaten da, gardenki adierazten ez bada ere. Hor dago 1512ko konkista edo Amaiurko gertaeren inguruko oroimenaren esanahia, ez lehia akademikoetan, ezta esentzialismoen arteko gatazketan ere. Iraganaren inguruko kontakizunean balore, ideia eta egitasmo ezberdinak uztartzen dira,horregatik izaten dira hain sutsuak duela 500 edo 2.000 urte gertatutakoaren inguruko polemikak.

Guk ez dugu esentzia aldaezinetan sinesten. Ez dugu uste jendarte batek bere iraganaren menpe bizi behar duenik. Baina, halaber, argi dugu ez diogula sorbalda eman behar gure historiari, gurea den heinean, onerako eta txarrerako ezagutu eta ulertu behar dugulako. Eta batez ere, uste dugulako gure historia inspiratzailea dela egungo erronkei aurre egiteko.

Historia luze baten emaitza da egungo Nafarroa, eta gure burua gobernatzeko borondateak hezurmamitzen du ibilbide luze hori. Gaur egun ere, gure buruaren jabe izateko grina eraldaketa eta askapen indarra da. Iraganeko borrokek beste borrokak piztu dituzte, inposatu diguten bidea ez delako naturala, indarraren inposaketaren ondorioa baizik. Hori da Amaiurko ikurraren esanahia. Erabat bizirik dagoen mezua, bistan denez.

 

«Iraganeko borrokek beste borrokak piztu dituzte, inposatu diguten bidea ez delako naturala, indarraren inposaketaren ondorioa baizik. Hori da Amaiurko ikurraren esanahia»

 

Nafarroak ezin du aske erabaki. Gure elkarbizitzaren arauak ez ditugu nafarrok erabaki. Eta egoera hori kaiola txikiegia da nafar txoriarentzat. Hegan egiteko unea iritsi da. Gure burua gobernatzeko gogoak elkartzen gaitu, askapen gogoak korapilatzen ditu zerumuga komun batean, feminismotik planetaren suntsipenaren kontrako borrokara, lan baldintzen defentsatik euskararen kontrako diskriminazioaren bukaeraren aldarrikapenera, etxebizitza duinaren eskaeratik etorkinekiko elkartasunera. Nafarroak aurrera egin behar du, oroimena gogoan, beste mundu bat lorgarria eta beharrezkoa delako, eta nork bere lekutik eraiki behar duelako.
 

Nafarroa aurrera! Es hora de autogobernarnos.