SINADURAK

Joseba Permach

Iratzar Fundazioko kidea

Egun argiz lapurtzen ari zaizkigu...

2023-11-05

Zure egoera ekonomikoa edo nirea, lagunena edo senideena hilabetez hilabete okertzen ari den une berean, beste batzuen poltsikoak egunez egun puzten ari dira. Hiru hilean behin, espainiar estatuko enpresa nagusiek haien etekinak iragartzen dituzte.


Argazkia. Unsplash / Andre Taissin

 

Halaxe gertatu da azken asteetan, eta hori bera aztertuko dugu berehala, hasieratik ideia bat azpimarratuz: obszenoa eta onartezina da, gehiengoaren egoera geroz eta kezkagarriagoa denean, gutxi batzuen etekinek gora egitea etengabe. Lotsagarria!

Berriki iragarri diren azken hiruhilekoaren emaitzak kontuan hartuta, estatuko lau banku nagusiek, honezkero eta orotara 18.791 milioi euro irabazi dituzte: Santander (8.143 milioi), BBVA (5.961 milioi), CaixaBank (3.659 milioi) eta Sabadellek (1.028 milioi). Bai, 18.791 milioi! Kutxabanken lan eremua txikiagoa da, baina, hala ere, 352 milioi irabazi ditu.

Egia esan, halako kopuruak zenbatzen ohituta ez gaudenontzat zaila da mozkin horiek asko edo gutxi diren baloratzea. Horregatik ariketa konparatibo bat proposatuko dizuet. Badakizue zenbat izan den 2023ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua 2023an? 14.250 milioi. Eta Nafarroako Gobernuarena, 5.748 milioi.

 

«Bost bankuen artean kasik 20.000 milioi etekinetan, zure hipotekak etengabe gora egiten zuen une berean!»

 

Alegia, bost bankuetako etekinekin ia ordaindu daiteke hiru milioi pertsonarentzat osasungintza, hezkuntza, zerbitzu sozialak, polizia edota inbertsioetan eginiko gastu guztia. Orain bai, orain nabarmena da asko irabazi dutela, izugarri!

Dena den, izango da aurrekoa kritikatu eta esango duenik garrantzitsuena ez dela zenbat irabazi duten; pasa den urteko emaitzekin alderatu beharra dagoela eta, beraz, erlatiboki aztertu. Goazen beraz hori egitera: Santander (+%11), BBVA (+%24), Caixabank (+%48), Sabadell (+%45), eta Kutxabankek %53 gehiago.

Azken galdera horien atzean dauden enpresen emaitzak aztertuko ditugu jarraian. Zenbat irabazi dute energia-enpresek? Repsolek 2.785 milioi euro irabazi ditu honezkero, Iberdrolak 3.637 milioi, Endesak 1.059 milioi, eta Enagasek 258,9 milioi. Naturgyk aurten 1.800 milioiko etekinak aurreikusten ditu, eta CEPSAk 150 milioikoak. Orotara, 9.555 milioi. Ia 10.000 milioiko mozkinak soilik sei energia-enpresen artean. Nafarroako aurrekontu osoa halako bi irabazten dute haiek ere, erregaiaren eta argindarraren prezioa igotzen diguten bitartean.

 

«Eta zure soldata edo pentsioa? Zenbat igo da? Zenbat garestitu dira eguneroko erosketak? Eta autoa hartzea edota elektrizitatearen faktura ordaintzea?»

 

Urte bateko pagotxa? Ez, urteetan errepikatzen den errealitate iraingarria da. Oxfam-ek eginiko ikerketaren arabera, adibidez, iaz estatuko bost energia-enpresa nagusiek %165 handitu zituzten etekinak. Irabazi horiek ez dira justuak, eta ikusita Iberdrolak eta beste energia-enpresek zenbat auzi judizial irekiak dituzten, iraingarriak izateaz gain, irabazi horiek legezkoak ere ez direla esan daiteke.

Hori ez da merkatu librea, hori oligopolio zehatzek aurrera eramandako lapurreta eta desjabetze erraldoi eta bortitza da. Inflazioaren aitzakiapean, interes tipoa igo behar zela esan eta hala igo dira hipotekak ere. Gerraren aitzakiapean, erregaien eta argindarraren prezioa igo behar zutela esan, eta hala nabaritu dugu gasolioa bota edota faktura hilero ordaindu dugunean. Eta gure estutasun bakoitzarekin puzten da kapitala, puzten dira etekinak eta puzten da ere ekonomian eta jendartean duten eragina.

 

Argazkia. Unsplash / Maxim Hopman

 

Eta hain egin dira handi eta harro, hain sentitzen dira gaindiezin, ezen azken etekinak iragarri dituzten agerraldietan enpresa horietako buruek energia-enpresen eta bankuen etekinen gaineko zerga berria salatu baitute. Milaka milioiko mozkinak iragartzen zituzten agerraldi lotsagarrietan, estatuko inbestiduraren eztabaidan sartu eta haien etekin bidegabeak zertxobait murriztu ditzakeen zerga bertan behera uzteko eskatu dute. Egun argiz lapurtzea gutxi iruditu, eta orain aurpegira barre egitea otu zaie.

Eta ez dira eskari soiletan geratu. Oligopoliotzat baino talde mafiosotzat hartu beharko genituzkeen enpresa horiek, eskariez gain, xantaia eta presio prozesuak ere abiatu dituzte. Petronorrek, adibidez, martxan zituen bi proiektu izoztuko dituela iragarri du, eta beste enpresa batzuek ere halakoak iragarri dituzte beste proiektu batzuen harira. Presioa eta xantaia.

Herritarrok egoera horren aurrean oldartu beharra dugu. Egungo sistema irauli beharra dago. Pobrezia eta prekaritatea hedatzen ari diren bitartean, etekinak hain bidegabeki igotzeak ez du ez hankarik ez bururik; moralki salagarria eta arbuiagarria da. Horren aurrean, aukera bakarra sektore publikoaren alde tinko egitea da, bankuek eta energia-enpresek sektore publikoaren eskuetan egon behar dute, sektore estrategikoak direlako, ekonomia produktiboaren oinarrian daudelako eta haien eragina herritarrongan oso handia delako.

 

«Aukera bakarra sektore publikoaren alde tinko egitea da, bankuek eta energia-enpresek sektore publikoaren eskuetan egon behar dute, sektore estrategikoak direlako»

 

Bitartean, sektore horien arautze publiko zorrotza ezinbestekoa da, konplexurik gabekoa eta haien jarrera mafioso eta xantaiagileari aurre egingo diena. Bide horretan, prezioak arautu daitezke eta mugak ezarri, eta, bide berean, zerga politikaren erreforma justu bat egin daiteke, zerga xume horretatik harago, askoz gehiago ordain dezaten. Dirua egon badagoelako, dirua badutelako, eta arduradun politikoei diru hori banatzea eta jendartearen mesedetan jartzea dagokielako.

Azken oharra: artikulua amaitzen ari nintzela jakin dut Pedro Sanchezen inbestidura dela eta, EAJ Repsol/Petronorren mesedeko izan daitezkeen neurriak negoziatzen ari dela. Hori da, hain zuzen ere, arduradun politiko batek inoiz egin behar ez duena, herritarrei bizkar eman eta milioiak irabazten ari diren xantaiagile gutxi batzuen alde jartzea. Enpresena oso larria da, baina haiei aurre egin beharrean haien alde egiteak ez du izenik.