SINADURAK

Ainhoa Bueno eta Markel Rio

Ernaiko kideak

Dena aldatzeko hitzordu bat

2023-05-23

Den-dena lehiatu behar dugunaren ziurtasunez heltzen diegu ate joka ditugun maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeei. Izan ere, gazteok betaurreko propioz begiratzen ditugu hauteskunde hauek. Krisi anitzek ardaztutako bidegurutze honetan, herritar guztion bizi-baldintza duinak bermatzeko, dena aldatzerik besterik ez dugu.


Argazkia. Ernai

 

Krisia besterik ezagutu ez duen belaunaldia gara, belaunaldi krisian bete-betean murgilduta dagoena. Horren adibideak besterik ez ditugu gure inguruan, ikasgelara sartzen garenetik ogia erostera goazeneraino. Ortzi-muga egonkorrak eraikitzeko aukerak ezabatzen dizkigute, bizitzaren garestitzea geroz eta nabarmenagoa da, bizi-baldintza prekarioetara kondenatu nahi gaituzte eta ez dugu emantzipaziorako aukera errealik. Alta, dena aldatzera bidean, fronte bat dugu zabalik M28an; hitzordu bat.

Ahots desberdinek diotenaren kontrara, gazteoi politikak arduratzen gaitu, eta politikaz arduratzen gara. Asimilazio eta konformismora mugatu ez eta gure auzo eta herriak gure neurrira eraiki nahi ditugu; horretarako, borrokatu eta gazte zein herri mugimenduko espresio anitz eta zabaletan militatzen dugu. Horregatik, baieztapen okerra, antzua eta arriskutsua da gazteon parte-hartze politikoarekiko urruntzea handitzen ari dela esatea.

Sistemaren erreprodukzioa bermatzen duten mekanismoen eta horiek sostengatzen dituzten alderdiekiko atxikimendua da txikitu dena. Baina gazteon parte-hartze politikoa ukaezina da, formula berrien eta alternatiba eraldatzaileen baitan garatzen duguna; gaztetxeetatik hasi eta lantokietaraino, familia-bazkarietako eztabaidetatik herriko asanblada irekietaraino.

 

«Sistemaren erreprodukzioa bermatzen duten mekanismoen eta horiek sostengatzen dituzten alderdiekiko atxikimendua da txikitu dena. Baina gazteon parte-hartze politikoa ukaezina da»

 

Horrela soilik azaldu dezakegu EH Bildu izatea gazteon artean lehen indar politikoa. Datuek hori baieztatzen dute: 2020ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte-hartzea inoizko txikienetarikoa izanik ere, EH Bilduk emaitzak hobetu zituen, batez ere gazteon artean. Hurrengo hauteskundeetan berriz, Nafarroan, 18-24 urte bitarteko gazteen %19,8ak EH Bildu bozkatuko duela adierazi du. Eta Bilbon, udaletxean, 18-24 urte bitartekoen artean, %61,8ak EH Bildu bozkatuko luke. EH Bildu da gazteon kezkak ordezkatzen dituen alderdi nagusia.

Hauteskunde hauek, gainera, potentzial gehigarria dute, udalgintza eraldaketarako fronte gisa ulertzen baitugu gazteok. Ez bakarra, baina bai ezinbestean arakatu beharrekoa. Ez gara “D” egunaren zain egongo gure errealitateak eraldatzeko. Txikitasunetik hemen eta orain eman daitezkeen aldaketa materialak gure mesedetan jarriko ditugu; auzo eta herrietatik beste mundu bat posible dela irudikatzeko alternatibak eta ereduak eraikiko ditugu. Gazte Herria eraikitzeko bide propioak markatu eta botere-guneak esplotatuko ditugu.

Urteetako borroka sozialaren indarrak hautetsontziak lehertzeko ere baliatzea dagokigu. Etsipenean eta desmobilizatuta nahi gaituzte, etorkizunerako espektatibarik gabe. Baina guk, askapen sozialerako apustuan berretsi eta horretarako jendartearen fronte guzti-guztiak esplotatuko ditugu. Instituzioek eskaintzen dituzten aukerak (ere) baliatuz.

 

«Bilbon, 18-24 urte bitartekoen artean, %61,8ak EH Bildu bozkatuko luke. EH Bildu da gazteon kezkak ordezkatzen dituen alderdi nagusia»

 

Prozesu politikoan instituzioak eta botere-guneak ezinbestean behar ditugu. Ahalik eta instituzio gehienetan egon eta horiek prozesuaren mesedetan proiektatu; prozesuarentzat aktibo bilakatu. Botere-guneak independentista bilakatzeaz ari gara.

 

Argazkia. Ernai

 

Arrazoiak eta ilusioa soberan ditugu, eta egunero egiten dugun bezala, gure onena ematea dagokigu herri honek aurrera egiten jarrai dezan. Ekimen politiko berri bat dugu parez pare, ez bakarra, ez azkena, baina beste guztiei heltzen diegun bezala helduko dioguna. Ez gaitzatela axolagabekeriaren hotsek gortu. Milaka gara testuinguru honetan pauso bat aurrera ematen dugunak, eskuorri bat banatzetik hautetsi bezala aurkezteraino. Eta hori balioan jarri beharra dugu, dena lehiatzeko daukagun grinak gidatzen gaituelako. Ezin dugulako ezer ez egitearen luxua gure gain hartu.

 

«Prozesu politikoan instituzioak eta botere-guneak ezinbestean behar ditugu»

 

Hurrengo igandean ez delako ezer amaitzen, gainerako botere-gune guztiak disputatzen jarraitzea dagokigu. Independentzia, sozialismo eta feminismora bidean, gazteok kaleak astintzen eta gure errealitateak eraldatzen jarraituko dugu 29tik aurrera.

Gazterik zapalduta biziko ez den Euskal Herria eraikitzera bidean, gazteok argi daukagu: M28an EH Bildu!