SINADURAK

Oihana Etxebarrieta

EH Bilduko legebiltzarkide eta ekintzaile feminista

Dekolonitatearen teoriak

2020-11-09

“Dekolonietatetik asko dugu ikasteko, eta bere hausnarketa eta desobedientzia tresnak baliagarriak egin ahal zaizkigu”. Honela hasten zuen bere hitzartzea Ibai Atutxak, Iratzarrek Udako Euskal Unibertsitatearen  baitan antolatutako ikastaroan.


Lorea Agirre eta Amaia Zufia, mahaingurutako batean hizketan. Argazkiak / FOKU

 

La différence ne se voit que 

dans les yeux battards

Vernon Subutex. Virginie Despentes

 

Katakraken elkartu ginen Abuztuko azken egun eta Iraileko lehenean, askorentzako ikasturte hasiera betean, hain zuzen hori egitera, ikastera. Adibidez, feminista asko, Durangoko Jardunaldi Feministen (gutxienez) astinalditik gentozen eta buru eta gorputzean bueltaka genuena kokatu nahian egin genuen Iruñearako bidaia.

Intersekzionalitatearen teorian eta praktikan, kolonialismoaren eta arrazakeriaren zapalketek nola gurutzatzen gaituzten aztertzeko asko genuela aldarrikatzen hasi genuen jardunaldia, baita desobedientzia epistemiko ezberdinen artean elkarlanean aritzeko dagoen potentziala mahai-gaineratuz. 

Modernitatea, homogeneitatearen eta ustezko unibertsaltasunaren baitan eraiki dela birgogorarazi zigun Atutxak. Feminismotik, homogeneitate horrek nor barne-biltzen duen oso argi utzi izan digu Amaia Perez Orozko ekonomialariak BBVAh-z hitz egiten duenean (Blanco, Burgues, Varón, Adulto, heterosexual). Eta ustezko homogeneitate hau unibertsal bilakatzeko, modernitatea egikaritu ahal izateko, bortxa konstitutiboak beharrezkoak dira: klase esplotazioa, esplotazio hetero-patriarkala, esplotazio arrazial-koloniala, bortxa epistemiko, kultural, fisiko… materialak. Onintza Odriozolak zioen bezala, Modernitateak berezko du eurozentrismoa eta arrazakeria zabaltzea. 

 

«Intersekzionalitatearen teorian eta praktikan, kolonialismoaren eta arrazakeriaren zapalketek nola gurutzatzen gaituzten aztertzeko asko genuela aldarrikatzen hasi genuen jardunaldia»

 

Honi guztiari aurre egiteko, entzuten ez dugun subalternoak (Spivak-ek ongi zioen bezala, ahotsa izan baduelako, entzuten ez dugula da arazoa) berreraikuntza bat bultzatu nahi du eta horretarako deseobedientzia landuko du. Horregatik, interesgarria da desobedientzia pentsamendu eta ekintzetatik ikastea. Baina Atutxak ohartarazten digun moduan, ezin dugu gure testuingurua ardatz kolonialetik soilik aztertu, hain zuzen, bestelako bortxa konstitutiboekin gurutzatuta gure testuinguruetan nolako forma hartzen duen jakitun izan behar baikara. Haritz Azurmendik birgogorarazitako Joxe Azurmendiren Ezin dugu sukurtsalista mentalak izan esaldian laburtu genezake aurretik esandakoa. 

 

 

Eta zentzu horretan feminista bezala dugun komunitateen uztarketen erronkaz aritu ziren Itziar Gandarias, Lorea Agirre eta Amaia Zufia. Intersekzionalitatea hitz madarikatu izatetik, praktika politiko bilakatzeko fasean gaude oraindik Euskal Herrian. Gandariasek zioen moduan, hau ez da zapaldumetroa martxan jartzea, enpatia erradikala martxan jartzea eta puntu komunak bidaltzea da. Eta horretarako ekin behar dugu. Orain arte gatazkarik ez bazegoen, ekinbidean ez geundelako zen. Egiteke asko, ibiltzeke asko, eraikitzeke dena. Eta ariketa zail hori ibiltzea dagokigu orain. Tentsio horren erdigunean gaude, zubiak eraikitzeko baina norberaren ardurak onartzeko fasean. Agirrek Marina Garcésen esaldi batekin ixten zuen hitzartzea, diferentziek batuko gaituzte eta desberdinkeriek banatuko. 

Elena Belokirekin eta Idoia Zengotitabengoarekin konpartitu nuen azken mahainguruan, Carole Patemanen azterketa ekarri nahi izan genuen eztabaida honetara. Modernitatea osatu duten kontratu sozialak, ezkutuko beste kontratu bat behar izan du, kontratu sexuala. Batzuen askatasuna, beste subjektu eta gorputz batzuen gainean eraiki behar izan da, eta Patemanek gogorarazi izan digun bezala emakumeen lan doako eta prekarioaren gainean eraiki da gure jendarte modernoa. Eztabaida honetara ekarrita, hasieran aipatutako BBVAh-tik kanpo dagoen edozein gorputz eta pertsonen zapalketaren gainean eraiki dela azpimarratu nahi izan genuen guk.

 

«Modernitatea osatu duten kontratu sozialak, ezkutuko beste kontratu bat behar izan du, kontratu sexuala.»

 

Finean, kontratuaz ari garenean, herritartasuna arautzeaz ari garelako, eta hau aztertzen ari garenean, dagoena, baina bereziki ez-dagoena, ausentea, aztertu behar dela azpimarratu genuen. Herritartasun inklusibo bat, komunitateko kideek euren bizitzen gaineko faktore eta erabakien kontrola areagotzeko prozesu bezala irudikatu genuen. Prozesu honetan kideek euren aktibo eta gaitasunak areagotzen dituzte. Komunitatea garatzetik harago doa, parte hartzea areagotzetik harago. Boterearen gaineko negoziazioa dakar ezinbestean, pertsona batzuk boteretzen dira, beste batzuek boterea galduko duten neurri berean. 

 

 

Izaera batek, ekiteko modu batek gurutzatu zituen hitzartze guztiak: modernitatearen aurrean, basatzat (battard) hartutakoa lehenestea. Modernitatearen aurrean, basati bezala gutxietsi nahi izan dutenari balioa ematen hasita, desobedientzia ekimena has genezake.

 

Ikastaroko beste hitzaldiak ikusteko HEMEN