SINADURAK

Izar Hernando Ibero

Ernai Gazte Antolakundeko bozeramailea

Burgos 50

2021-01-07

Burgosko prozesua aipatzerakoan memoria ariketa datorkigu burura. 50 urte igaro direla gogoratzerakoan, iragana eta oraina gurutzatzen zaizkigu etorkizunera begira jartzeko.


Jean-Paul Sartrek Burgosko prozesuaren harira 1971n Le Nouvel Observateur-en idatzitakoa, Giséle Halimik ondoren aterako zuen "El proceso de Burgos" liburuaren hitzaurreko aurrerapena izango zena. Argazkia. Le Nouvel Observateur

 

1950a zen, herria auzipetu, zigortu eta berriro makurrarazi nahi zuen frankismoak eta horra bideratutako epaiketa izan zen. Orduko militanteak eta independentismoa eraistea zuen pentsatuta erregimen frankistak, ez zen hala gertatu ordea. Modu lausoan iritsi zaigu gazteoi errelatoa, sistemak ahalegin berezia egin duelako garaipen hori ezkutatu, testuingurutik atera eta arinkeriaz kontatua izan dadin.

Herri honen bizi nahia eta ausardia eraman zituzten tribunalera 16 neska-mutil ameslari, herri baten aurrean baina epaile militarrekin parez pare. 60. hamarkadan mugimendua zen nagusi, guztia zegoen egiteke eta hortan zebiltzan euskal herritarrak: ikurrinen zabalpena, langile klasea indartzen, ikastolen sorrera eta euskararen biziberritzea… Testuinguru nahasi eta mugitu hartan Frankoren aurka eta Herriaren alde militatzeko hautua egin zuten hamarnaka gaztek, eta borrokatzeko bidea ETAn militatzea zen. Guzti horren aurkako epaiketa izan zen Burgoskoa, Euskal Herriarekin amaitzeko, militantea zigortzeko modua.

 

«Modu lausoan iritsi zaigu gazteoi errelatoa, sistemak ahalegin berezia egin duelako garaipen hori ezkutatu, testuingurutik atera eta arinkeriaz kontatua izan dadin»

 

Epaiketari aurre egiteko modua sortzailea izan zen, epaituaren eserlekutik erregimena epaitzen ari batziren akusatuak. Auzipetu bakoitzak bere abokatuarekin prestatu zuen defentsa, frankismoak sortutakoa eta egiten ari zena kontatu, eta Euskal Herriaren berri eman zuten, bakoitzak alor edota ideia batetik abiatuta. Euskal Herriaren ahotsa izan ziren, eta izan zen Burgos.

Epai-gelatik kanpo ere Euskal Herriak aurrera jarraitzen zuen, inoiz ikusiriko mobilizazio jendetsuenak egin ziren herriz herri, langile greben ondorioz ehundaka fabrika egon ziren itxita, barrikadak kaleetan… Baina baita erasoak ere, eta poliziaren eskutik bi hildako.

 

Euskal Herriaren biziraupenerako mugarria izan zen Burgos

Biziraupeneaz gain, ezinetik zutitzen erakutsi ziguten gazte ausart haiek; gugan dirau beren ereduak. Euskal gazteriak injustizien aurrean altxatzen jarraitzen du, gazteriak motore izaten jarraitzen du. Lehen lerroan egon gara greba batzordeetan, gazteon bizi baldintzen aldeko borroketan, pandemia garaian zaintza sareetan gure ekarpena eginez, mugimendu feministan neska* gazteon problematika mahaigaineratuz… Sinesten dugu herri honen eraikuntzan pieza klabea garela.

Erregimenak eta bere “herentziak” oraindik bizirik dirau. Baina baita herri grinak ere, eta hori da gazteon egunerokoa. Hamaika injustiziren aurrean altxatu gara, baina guztiek idea bera zuten jo-puntuan: Espainiar erregimenarekiko haustura.

Espainiar markoaren dependentzia langile klasearen eta herritarren duintasunaren aldeko urratsak emateko ozotopoa da. Euskal Herrian herri justuago, duinago, feministago eta berdearen alde urratsak emateko. Herri bat eraikitzeko azken batean. Eta bide horretan ezinbestekoa zaigu burujabetzak aldarrikatzeko, eta batez ere herri eraikuntzaren prozesuan aurrera egiteko, tresna bezala aldarrikatzetik egikaritzera pasatzea.

 

«Espainiar markoaren dependentzia langile klasearen eta herritarren duintasunaren aldeko urratsak emateko ozotopoa da»

 

Espainiako eta Frantziako estatuek ez dute euskal herritarren gogo eta beharrak asebeteko dituen eskaintza politikorik. Aitzitik, ukazio, inposizio eta asimilazio asmoekin darraite. Ezker independentismoaren bidean sakontzea dagokigu. Ezin dugu esan, gainera, independentismoaren aurkako estrategia baztertu dutenik inguratzen gaituzten Estatuek. Orain ere ukazioarekin eta errepresioarekin erantzuten diote gure aldarrikapen eta gogo subiranistari.

Euskal Herrian borroka batzuk independentismoaren forma hartzen dute, ekologismoak, kulturgintzak edota prekarietateak kasu. Borroka olatu ezberdinak burujabetzatik pasatzea beharrezkoa da, hemen baitago markoa, hemen erantzuna, eta alternatiba errealak ere hemen daude. Independentismoa borroka guzti horiek saretzetik eta erantzun bat ematetik pasa behar da. Independentziaren beharra eskaintza politiko indartsua dela eta beste eskaintza politikoekin aurrez aurre lehiatzeko prestatuta dago Euskal Herria.

Zerumuga askatzaile bat marrazteko beharra ezinbestekoa da gaur egun ere. Aipatu izan dugu orduko zenbait aldarrikapenek gaurkotasun handia duela eta gure zermugak Euskal Herria sozialista, feminista eta euskalduna ipar, Euskal Errepublika izaten jarraitzen du. Eguneroko lanak eramango gaitu horra ordea, eta horretarako iruditegiz, formaz, epikaz eta praktikaz eraldatzailea izango den iparra bilakatu behar dugu.

 

«Euskal Herrian borroka batzuk independentismoaren forma hartzen dute, ekologismoak, kulturgintzak edota prekarietateak kasu»

 

Euskal Herria eraikitzen bidean, herri mugimenduarekin eta gazte mugimenduarekin harremana estutu, saretzeak indartu eta elkarlana bultzatzea dagokigu. Badakigulako ez dela E egunik etorriko, eta guk argi dugulako ez garela eserita zain geratuko. Herri ekimenez eta estatugintzarako urratsak emanez jarraituko dugu. Duela 50 urte abiatutako prozesua oraindik ez delako amaitu.

Atera ditugu ikaspenak prozesu hartatik, eta aterako ditugu ondorengo lanetatik ere. Sortzailetasuna, herriaren batasuna eta garaipenean sinestea izan daitezke horietako hiru. Izan ere, duela mende erdi mahaigaineratu zuten gure erantzunak artikulatu eta mahaigaineratzeko beste molde bat, gure berri munduari emateko bozgorailua nola erabiltzen asmatu zuten. Anitzen arteko artikulazioari eta herri batasunari esker izan zen Burgosko prozesua izan zena. Auzipetuak Herriarekin bat bizi zirelako, eta Herria auzipetuekin bat; guztiak norantza berean indar egiten zebiltzalako, tribunaletik kalera, eta sukalde txokoetatik egunkarietako azaletara. Eta garaipena posible dela, konpromisoz eta lan eginez lortu daitekela ikasi genuen, eta aurrera jarraitzeko grina bizirik mantentzen digu horrek.

"Ezpatari nagusitzen zaio herria" izan da egun hauetan behin eta berriz errepikatutako Telesforo Monzonen leloa. Ezpatari gailendu zitzaion orduan, eta egunez egun jarraitzen dugu borroka horretan belaunaldi berrietako gazte ameslariok ekinean.