Argazkia. Unsplash / John Towner
Mende erdi pasatxo Euskal Matxinada piztu zenetik. Gazte ero batzuek Frankismoaren gordinean elkartu, antolatu eta Euskal Herria askatzeko bidea ireki zuten, injustizien aurka, Euskal Herriaren burujabetza kultural eta politikoaren aldeko hautua eginez.
Euskal Herria ulertzeko eta bizitzeko beste modu bat ekarri zuen aurreko mendearen erdialdean sortutako mugimenduak. Klase borrokak Euskal Herrian nazio askapen forma hartzen duela ulertuta, herri ukazioari aurre egin eta abertzaletasuna ikuspegi iraultzailetik irudikatu zuten, aldaketa politiko eta soziala bultzatuz.
Hamarkada guzti hauetan Euskal Herri askearen helburua ipar, milaka militante artikulatu ditu Ezker Abertzaleak. Baina espainiar zein frantziar estatuen aurkako borroka askatzaileak errepresio uholde bortitzak eragin izan ditu. Milaka kide pasa izan dira espetxetik, deserritik edota torturaren hatzaparretatik.
«Hamarkada guzti hauetan Euskal Herri askearen helburua ipar, milaka militante artikulatu ditu Ezker Abertzaleak»
Zapaltzen gaituzten bi estatuekiko dugun gatazka politikoaren ondorioz, 211 preso politiko ditugu oraindik ere bi lurralde arrotzetan sakabanaturik. Gure proiektu politikoarekin loturan, espetxe ilunetan giltzapetu dituzte, gatazka politikoa desitxuratu eta ukatuz, askapen prozesua trabatu nahiean. Baina oker dabiltza, 60 urte pasa dira eta belaunaldi gazteok Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren baitan antolatzen jarraitzen dugu. Barruan daudenen eta gurekin dagoeneko ez daudenen bide beretik, askatasunaren aldeko borroka berean engaiatuta gaude.
Urte luzez egindako lanari esker, Frantzia eta Espainiako Estatuek euskal preso politikoen aurka erabilitako politika arrakalatzen hasi gara. Duela gutxi arte mugiezinak ziruditen neurriak mobilizazio sozialaren eta instituzioetatik irekitako bideetatik askatzen ari gara. Une erabakigarrian gaude, orain da momentua! Aukera lehio ezberdinen aurrean, eutsi diogu konpromisoari eta euskal presoak etxeratze bidean urrats historikoak ematen ari gara.
«Aukera lehio ezberdinen aurrean, eutsi diogu konpromisoari eta euskal presoak etxeratze bidean urrats historikoak ematen ari gara»
Euskal Herrian gatazka politiko-armatuaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi eta behar dugu. Bakean eta askatasunean bizitzeko, Euskal Herri askea eraikitzeko, ezinbestekoa da gatazkaren ondorioetan urratsak ematea, ezinbestekoa da euskal presoak aske izatea. Preso eta iheslari politikoek daramaten borroka berak mugitzen gaitu gu. Zuekin gaude eta borrokan jarraituko dugu!
Maite zaituztegu!