SINADURAK

Floren Aoiz

Iratzar fundazioko zuzendaria

Borboi txanda-pasa gogoan, guk Euskal Errepublika

2024-06-17

Dagoeneko hamar urte pasa dira Borboi zaharrak semeari koroa pasa ziolarik. Monarkietan, dakigunez, estatu buruak ez dira demokratikoki aukeratzen, familia baten parte direlako izendatu baizik.


Argazkia. FOKU. 2019-11-19, Iruñea. Espainiako erregea Baluarten izango da CEN enpresaburu elkartearen sari banaketa batean, monarkiaren aurka protesta, irudian.

 

Zibilizazio eurozentrikoaren ezaugarri bat da espainiar bezalako monarkia, beste europear sorkuntza batez loturik agertzen zaiguna: inperialitatea. Bestela, esanda, lurrak, natura, aberastasunak eta pertsonak menperatzeko dispositibo batez ari gara, garai batean Jainkoaren botere delegazio gisa aurkezten zena, eta, gerora, nazioaren ikurtze moduan saldu nahi izan digutena. Espainiar trantsizioaren errelatoan, Juan Karlos Borboia demokraziaren eraikitzailea zen, orohar, eta salbatzailea 1981ko 23F ospetsuan, nahiz eta datuek zer eta kontrakoa erakusten duten. Suhiltzaile piromanoa errege, to!

Luzaro idolatratutako Juan Karlos Borboia estatu buruak kargua utzi behar izan zuen duela 10 urte, eskandaloak eta zilegitasun gainbehera amildegira hurbiltzen ari zirenean, sistema politikoa salbatu nahian. Egunotan abdikazioaren zehaztasun batzuk ezagutu ditugu hainbat komunikabideri esker eta, halakoetan ohikoa den taupada publizitarioa alde batera utzita, jada ez dago zalantzarik: estatu operazioa izan zen, zeinean orduko PP eta PSOEko buruek hartu baitzuten parte, besteak beste.

Francoren hatzak aukeratutako Borboiak lekukoa pasa zion semeari, ordurako ezinezkoa baitzen erreleboa gehiago berandatzea. Zerbait aldatu dena -edo funtsezkoa, bederen- alda ez dadin. Hori zen operazioaren funtsa eta, zalantzak uxatzeko, Kataluniako errepresioa babestu zuen errege berriak. Izan ere, dena familian gelditzen zen. 

 

«Francoren hatzak aukeratutako Borboiak lekukoa pasa zion semeari, zerbait aldatu dena alda ez dadin»

 

Hamar urte iraganik, espainiar estatu krisia ez da itxi, baina ez da agertzen forma larrienetan. 15M ren adierazpen politikoak krisian daude eta Kataluniako prozesu subiranista errepliege eta blokeo fase batean, baina sakoneko arazoak ez dira gainditu, erronka bioklimatikoak kezkagarriak dira, estatu sakonak hautu errekazionario-autoritarioa egiten du, eredu sozioekonomikoaren ahuleziak agerikoak dira eta nazioaniztasuna hor dago, nabarmena delarik estatu ereduaren kudeatzeko ezintasuna. Euskal Herrian beste egoera batean gaude.

Subiranismoa gero eta indartsuago eta eraginkorragoa da, eta antzeko zerbait gertatzen ari da, ezberdintasunak ahantzi gabe, Galizan. Feminismoa eta zibilizazio krisiari aurre egiteko dinamikak askapen bektore indartsuak dira eta subiranismoak erresonantzia mekanismoak eraiktzeko gaitasuna dauka, beste formulazio batzuek ez bezala.

Monarkiak presioa lausotzea lortu zuen, bai, baina bere sinesgarritasuna ukituta gelditu zen. Ez dago gillotina expektatibarik espainiar estatuan, ezta sinbolikoki ere, baina monarkiazaletasuna nekez itzuliko da garai batzuetako mailetara. Polikrisia ez da itxi eta ez dirudi epe laburrean gaindituko denik, eta monarkiak 1978ko erregimenaren makurrena ordezkatzen du. Zorionik ez, beraz, Borboiendako, txanda-pasaren hamargarren urteurrenaz.

Guk argi dugu: Gora Euskal Errepublika, eta Behera errege-erreginak!