Argazkia: Wikimedia Commons, Vyacheslay Argenberg
Ez dugu sakonduko gobernuek hamarkadetan izan duten ikusmen-gabezian eta aurrea hartzeko gaitasun faltan; edo eztabaida eta obsesio antzuetan galdutako urteetan, hala nola fracking-ean; edo Eusko Jaurlaritzak berak bultzatutako energia-proiektuetan, ingurumenean duten eraginagatik baztertu behar izan ziren horietan. Zentzugabekerien zerrenda handia da, baina, azken finean, iraganak ezin gaitu baldintzatu: klima-aldaketa hemen dago, eta aurrera egin behar dugu.
Nolanahi ere, gogoratu nahi dugu hiru urte baino gehiago direla EH Bilduk Araba Zero Karbono proposamena publiko egin zuela eta lurraldeko eragile nagusiei helarazi ziela. Dokumentu horrek ibilbide-orri bat planteatzen zuen lurraldearen trantsizio ekosozialean aurrera egiteko, hiru hamarkadako epean Arabako erabateko deskarbonizazioa lortu arte. Tartean, 2030erako agertoki desiragarria xehetasunez definitzen zuen proposamen hark. Plan partekatu bat adostera eramango gintuen elkarrizketa zintzo bati ekiteko eskaintzak ez zuen inoiz erantzunik jaso lurraldeko erakunde nagusietako gobernuen alderdien aldetik, baina EH Bilduren borondateak bere horretan jarrai.
Bien bitartean, egia esan, gero eta agerikoagoa den larrialdi klimatiko baten aurrean gaude, eta, aldi berean, berriztagarriak nonahi hedatzen ari dira plangintza egokirik gabe, helbururik gabe eta ibilbide-orri eguneraturik gabe. Dozenaka proiektu administrazio-izapidean daude.
Proiektu horietan, sustatzaileen irabazi-asmoak eta merkatu-logikak nagusitzen dira gehienbat. Indefentsioaren eta ziurgabetasunaren sentsazioa hedatzen da, jakina, herritar gehienen artean. Batez ere kaltetutako eremuetan, eta ez dezagun ahaztu dagoeneko ia lurralde osoa dela hori. Jende askok bere buruari galdetzen dio zein interesen arabera definitzen diren proiektuak eta zenbat lurralde erabiliko dugun berriztagarriak hedatzeko. Eta, gaur-gaurkoz, erakundeek ez dute ez konfiantzarik ez erantzun sinesgarririk eskaintzen.
«Araba Zero Karbono dokumentuak ibilbide-orri bat planteatzen zuen lurraldearen trantsizio ekosozialean aurrera egiteko, hiru hamarkadako epean Arabako erabateko deskarbonizazioa lortu arte»
Puntu honetara iritsita, ezinbestekoa da ordena jartzea behingoz. Ezinbestekoa da agertokia proiektu espekulatibo eta neurrigabeez garbitzea, herritarrengan zalantza eta mesfidantza besterik sortzen ez dutenak. Ez da inola ere onargarria Araban eskala handiko ia 60 berriztagarri-proiektu pilatzea.
Argi eta garbi esanda, hainbat proiektuk zerumugatik desagertu behar dute, hala nola Solariak bultzatu duen 1.600 MW-tik gorako megapropiektua, 50 MW-eko 32 zentral fotovoltaikotan banatuta eta Zierbenarako 100 kilometrotik gorako ebakuazio-linea dituena. Edota Forestaliak Aragoin sortutako energia Gasteizen husteko proiektatutako 200 kilometroko goi-tentsioko linea. Eta desagertu egin behar dira, halaber, modu oportunistan bultzatutako beste proiektu asko, izapideekin edo lurrak eskuratzearekin espekulatuz etekinak lortzeko helburu bakarra dutenak.
Aldi berean, ezinbestekoa da herritarrei konfiantza eta ziurtasunak ematea, eta klima-aldaketaren aurkako borrokan eta energia berriztagarrietarako trantsizio-prozesuan parte hartzea eta protagonista izatea. Norbaitek uste badu posible dela trantsizio energetikoaren neurriko prozesu bat herritarren parte-hartzerik eta konplizitaterik gabe egitea, oker dabil.
Trantsizio energetikoa jendearen eskutik egin behar da, tokiko komunitateen iritziari arreta berezia eskainiz, lurraldeari buruz duten ezagutzagatik. Horretarako, funtsezkoa izango da plangintza publiko eta demokratikoa egitea, eta ahalik eta lasterren, lurraldean berriztagarriak nola hedatu adostera eramango gaituzten herri-prozesuak abiaraztea.
«Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta trantsizio energetikoa aukera bat da herri gisa aurrera egiteko eta planetaren muga biofisikoen barruan kokatuko den ehun sozioekonomikoa lortzeko »
Duela hiru urte baino gehiago Araba Zero Karbonon egin genuen bezala, argi eta garbi definitu behar ditugu 2030erako bete daitezkeen helburuak, ahalik eta modu partekatuenean. Helburu horiek interes orokorra, klima-aldaketaren aurkako borrokaren aldeko konpromisoa eta energia-ekoizpen eta -kontsumo hurbilagora, justuagora eta demokratikoagora igarotzeko borondatea lehenetsiko dituzte, merkatu-logikaren gainetik.
Helburu horiek energia aurrezpena eta efizientzia kontuan hartuko dituzte, autokontsumoa eta sorkuntza banatua erabakitasunez bultzatuko dituzte eta eskala handiagoko proiektuen hedapen arrazionala eta orekatua bilatuko dute. Hedapen hori ingurumen-balio handiko espazioak eta balio estrategiko handiko nekazaritza-lurrak zorrotz babestuz egin behar da, trantsizio energetikoa beste bi eremu estrategikorekin bateragarri eginez, hala nola biodibertsitatea zaintzea eta lehen sektorea bultzatzea.
EH Bilduren ustez, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta trantsizio energetikoa aukera gisa hartu behar da, gizarte justuago eta solidarioago baten eraikuntzan aurrera egiteko. Subiranotasun energetikoa bezalako gai estrategiko batean herri gisa aurrera egiteko eta planetaren muga biofisikoen barruan kokatuko den ehun sozioekonomikoa lortzeko aukera bat. Azken batean, aukera hori ez dugu galdu behar, ezin dugu pasatzen utzi. Norabide horretan lan egin du, lan egiten du eta lanean jarraituko du EH Bilduk.