SINADURAK

Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga

Sorturen ekintza politikoko arduraduna

Batu gaitezen batzen gaituen horretan

2022-12-26

Ez da gauza erraza feminismotik eta Euskal Herritik koiuntura aztertzea. Sistema kapitalista antolaketa patriarkalaren gainean eraikia da eta bere jatorritik sexuaren araberako munduaren eta lanaren banaketan oinarritu da. Horregatik, maizegi emakumeok eta gure errealitatean zuzeneko eragina duten joerak ikusezinak, garrantzi gabekoak eta identifikatzeko zailak izaten dira.


Argazkiak. FOKU

 

Zaila izanagatik, funtsezkoa da, feminismoak bizitza azterketaren erdigunera ekartzen duelako. Ohiko azterketen hoztasuna gainditu eta jendartearen errealitateri aurrez aurre begiratzea eskatzen digu feminismoak. Gaur egunera etorrita, emakumeon egoeran zuzeneko eragina duten bi joera nabarmendu daitezke. Batetik, krisi sistemikoaren beraren bilakaera, emakumeon egoera materialean dituen ondorioengatik; bestetik, feminismoaren kontrako erreakzio globala, jendartearen balioetan, emakumeon askatasunean eta irabazitako eskubideetan izan ditzakeen ondorio larriengatik.

Krisiak ez dira inoiz aukera izan emakumeontzat. Azken bi hamarkadetan, krisiak bata bestearen atzetik kateatu dira: finantza krisia, krisi ekonomikoa, krisi humanitarioak, osasun eta zaintza krisia, hondamendi ekologikoak, krisi energetikoa... Bada, krisi hauetako bakoitzean emakumeon egoera materiala okertzen joan da, nahiz eta hau ez den egun batetik bestera gertatu eta ez digun emakume guztioi modu berean eragin. Edonola ere, oro har, emakumeok lan bolumen handiagorekin atera gara krisi hauetatik, nagusiki ordaindu gabeko lanari dagokionean, enpleguaren baldintzak okertu zaizkigu eta eskubideetan zein gizarte babesean atzera egin dugu. Familiarizazioa zein merkantilizazioa, emakumeon askapenean atzera urratsen iturri dira. Krisi hauetako bakoitzean emakumeon egoera materiala okertzen joan da, nahiz eta hau ez den egun batetik bestera gertatu.

 

«Krisi hauetako bakoitzean emakumeon egoera materiala okertzen joan da, nahiz eta hau ez den egun batetik bestera gertatu»

 

Europar Batasunak bultzatuta, gobernuek gauzatu dituzten austeritate politikek ezberdintasun sozialak areagotu dituzte eta zerbitzu publikoak pribatizatu eta ahuldu dituzte. Horren ondorioz, bizitza sostengatzeko behar beharrezkoak diren funtzioak eta lanak eremu pribatura eraman dira, izan familiara itzuliz izan merkatuari emanez. Bi joera horiek, familiarizazioa zein merkantilizazioa, emakumeon askapenean atzera urratsen iturri dira. Izan ere, eremu pribatuan norberaren baliabide indibidualen arabera sostengatzen da bizitza eta guztiok dakigu emakumeon menpekotasun ekonomikoa errealitate bat dela, lan merkatura duela hamarkadak iritsi arren lan eta soldata baldintza ezberdinekin batu baikara. Trantsizio ekonomikoa bai edo bai gertatuko da hurrengo urteetan gakoa bere norabidean, abiaduran eta ezaugarrietan dago.

Zume hauekin iristen ari gara XXI. mendearen lehen laurdenera, noiz eta adostasun osoa dagoen bizi dugun momentuaren larritasunaren inguruan. Klima larrialdia abiadura bizian areagotzen ari da, aurreikuspen ekonomikoa zalantzazkoa da eta arriskuz beterikoa da. Norabide aldaketa sakon baten garaia da eta eliteek zein gobernuek horren kontzientzia dute. 2008ko krisian gertatu zena ez bezala, gobernuak ekonomia laguntzen ari dira pandemiatik hona eta krisi berri hauek biztanleriarengan dituzten ondorioak arintzeko neurriak hartu dituzte. Honek politika publikoek ekonomian eta aberastasunaren banaketan eragiteko izan behar duten eginkizunari buruzko eztabaidari ateak ireki dizkio. Halere, konponbide partzialak lehenesteko joera dago eraldaketa sistemiko sakonak behar direnean. Trantsizio ekonomikoa bai edo bai gertatuko da hurrengo urteetan gakoa bere norabidean, abiaduran eta ezaugarrietan dago. Feminismoak eztabaida honetan eragin behar du, edozein trantsizioren erdigunean bizitzen eta planetaren zaintza eta jasangarritasuna kokatzeko ahaleginarim helduta. Eskubide formaletan aurrera egitea lortu dugu beraz; beste kontu bat da baina honek zer nolako eragina izan duen eskubide errealetan.

 

«Aurrerapen hauen aurrean patriarkatuak erreakzionatu du. Honen adierazpenik bortitzena, baina ez bakarra, eskuin muturreko diskurtsoa da»

 

Hamarkada hauetan feminismoa loratu da gure jendartean. Mugimendu sozial garrantzitsua bilakatu da eta gaitasun akademiko eta propositiboa irabazi du. Laurogeigarreneko hamarkadatik aurrera diskriminazioen kontrako eta berdintasunaren aldeko arkitektura legegile eta instituzional oso bat plantan ezartzea lortu du feminismoak. Eskubide formaletan aurrera egitea lortu dugu beraz; beste kontu bat da baina honek zer nolako eragina izan duen eskubide errealetan, maila horretan ezer gutxi aurreratu baita. Batzuk momentua ongi erabiltzen ari dira orain lortu dugun hori ere ezbaian jartzeko, austeritate beharraren diskurtsoarekin zein eskuinaren indartzearekin, arkitektura horri aurrekontua murriztu, agenda aldatu eta leku politikoa kentzen ari zaio.
Aurrerapen hauen aurrean patriarkatuak erreakzionatu du. Honen adierazpenik bortitzena, baina ez bakarra, eskuin muturreko diskurtsoa da.

Emakumeon ahalduntzearekin batera, feminismoaren lorpenik handienetakoa balio sozial eta kulturaletan izan duen eragina da. Egun, inor gutxik jartzen du zalantzan sexuen arteko berdintasuna eskubidea dela eta instituzionalki landu behar den printzipioa dela. Sozialki nagusitu den feminismo hau lausoa eta memoriarik gabekoa izan daiteke, baina lorpen historikoa da hala ere. Aurrerapen hauen aurrean patriarkatuak erreakzionatu du. Honen adierazpenik bortitzena, baina ez bakarra, eskuin muturreko diskurtsoa da. Mundu zabalean indartzen ari da eta, anbiguotasunik gabe, feminismoa jo puntuan jartzen ari da, patriarkatua ukatzen duen bitartean.

 

«Feminismo independentistak estatu bokazioa izan behar du»

 

Bagenekien feminismoak eragin duen mobilizazio ziklo historikoak ez zuela berez eta naturalki eskubide berrien konkista ekarriko, baina ez genuen erreakzio kontserbadore basati hau aurreikusi. Horregatik, testuinguruak ariketa politiko zorrotza egitea eskatzen dio euskal feminismoari. Lortutako arrakasta politiko eta kultural hori aurrerapen konkretuetan itzultzea da erronka, konkista berrietan. Feminismoa ez da mugatu daitekeen ideologia bat, gure jendartea eta gure bizitzak iraultzera deitua dagoen konpromiso politiko eraldatzailea baizik. Feminismoa bilakaera eta eraikuntza iraunkorrean dagoen zientzia da. Horregatik, feminismoan dagoen aniztasun ideologikoa aintzat hartuz, mugimenduaren baitan sortzen dituen eztabaidei jarrera esentzialistekin baino errespetutik ekin behar zaie. Batu gaitezen batzen gaituen horretan, oinarrizkoenean. Hamarkada hauetan lortutako arrakasta politiko eta kultural hori aurrerapen konkretuetan itzultzea da erronka, konkista berrietan, emakumeen egoera benetan hobetzen duten politika publikoetan eta eraldaketa sozialetan.

Feminismo independentistak estatu bokazioa izan behar du. Euskal feminismo independentistak norabide horretan bultzatu behar du eta bere ekarpen propioa erantsi. Feminismo independentistak estatu bokazioa izan behar du, estatu feministaranzko ibilbidea egin eta egiturazko aldaketak gauzatzeko ahalmena duen feminismoa bultzatu. Arriskuz eta aukeraz beteriko testuinguru honetan oso kaltegarria da emakumea biktima izatera bultzatzen duen diskurtsoa. Emakumeok dugun indarraz eta gure jendarteen bizitza politiko, sozial eta ekonomikoan dugun erabateko garrantziaz jabetu behar gara. Gu gelditzen bagara gure komunitateak gelditzen dira, emakumeok dekantatzen bagara aldaketa kultural eta politikoak eragiten dira. Feministok eta, oro har, emakumeok ez dugu baimenik ezta lekurik ere eskatu behar, hartu egin behar dugu, geureganatu egin behar dugu.
 

TWITTER