SINADURAK

Mikel Terrones

Irakasle ikasketen ikaslea eta Ernaiko kidea

Arnasa hartu, laster botatzeko

2022-05-11

Gazte borroka kriminalizatu eta errepresio bitartez isilarazi nahi duten honetan, ekainak lau. Urte labur hauetan bizitako hamaika gertaera sinestezin eta injusturen erantzule eta erruduna berdina den hauetan, ekainak lau. Gazteon bizitzen prekarizazioa salatzea eta bizi baldintza duinengatik borrokatzea delitu den garaiotan, ekainak lau. Epaiketara bidean ate ilun hori zeharkatu behar duten zazpiei maitasuna eta elkartasuna adierazteko, ekainak lau.


Argazkia. Unsplash / Alex Hiller

 

Begiratzen dugunaren erdia ere ez dugu ikusten, eta ezer gertatuko ez balitz bezala, aurrera jarraitzen dugu. Begiak zarratuta ere, dena ikusiko bagenu bezala, deus ikusi gabe.

Gaur zutaz oroitzen naiz. Baita nitaz ere. Gutaz edo, finean, zuetaz. Tubacex, non hasi zinen eta non bukatu; zer arrakalatu eta zer higatu. Zapuztu, alienazio gara, eta une batez bada ere, alienatu izateari utzi genion, zuengatik. 2020ko otsaila, Zaldibar, AP-8a eta gure bihotzak hartu zenituen. Bi bizitza, hondamendi bat, betiko errudunak eta betiko isiltasuna. Data berri bat jar nezake, datu berri bat ere, baina ez dago eraso matxista eta homofobo guztiak batu ditzakeen data zein daturik; ez dago. Ezta LGTBI kolektiboaren kontrakoak ere; ez daude. Audientzia Nazionala. Epaiketak. Aitor eta Galder. Zenbat maite zaituztegun.

ITP Aerok «egiaztatu behar duzu kaleratze kolektiboa eragin zuten inguruabarrak benetan egiturazkoak direla, eta ez egoeraren araberakoak soilik», mezu bat goizeko kafesnearen hormetan. Pandemia zikin baten krudeltasuna; ama eta semea San Frantzisko kalean jipoituak.

 

«Zer den boterea eta zer inpotentzia. Zer kontzientzia eta zer negarra. Gasteizera bidaia bat, sisteman arrakala sortzeko Talka Espazio Feminista. Ez dakite arrakala bera desegitea ezinezko egingo zaiela. Ez dute sekula jakingo.»

 

G7 Biarritzen «45. Goi Bilera». Nafarroa bat, ez hiru. Ipar Euskal Herriko ikasle eta hezkuntza komunitatea borrokan, ze eredugarri. Beste pertsona migrante bat hil da Bidasoan, dirudienez, sinpletasunaren magia ez da hain erraza, Amets. PAI sistema Nafarroako Parlamentuan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots; zentsuraren atzaparrak. Bizitza gris baten erpin koloretsuenak. Irri bat, kabroiak, irri bat.

23. langilea eraila, eta ez, ez da kasualitatea. 13/13. Arantza, Jon, Naia, Iker. Zuek ere, Julen, Saioa, Nerea. Marrubi eta txokolatezko muxu horietako bat. Gerrak eta ez gerrak. Sakabanaketa. Gure miseria haien negozio bihurtzen dutenen maltzurkeria. Gasolina. Argia. Ezingo dut, baina, tira, gaztea naiz. Unibertsitateak. Ez gaude konforme. 78ko Erregimena inoiz baino biziago, inoiz baino gusturago. Eta uste dut borroka dela bide bakarra, edo, igual, bidea izango da borroka bakarra. Etxegabetzeak. Bankuen espekulazioa. Alconza borrokan, herri baten duintasuna. Langileria ere ofentsiban.

Ei, itxaron. Egin atzera. Ez, aurrerago. Hor.

 

«Pandemia bat. Gazte langabezia gora. Emantzipatzeko ezintasuna. Ikasketa prozesuak garatzeko zailtasunak. Ondorio psikosozialak; harremantzea debeku.»

 

Kapitalaren hortzik zorrotzena. Pandemia baten ondorio, estrukturala zen eta den arazoari atrezzorik alienatuena azaleratuz. Kapitalismoa zer den eta nola objektibotasuna subjektibo bihurtzen duen, eta subjektiboa dena objektibo.

Larrialdi egoeran gaude, baina, aizu, gizonezkoen futbolean Realak hiru eta huts irabazi dio Athletici.

 

Argazkia. Erria 7. alea

 

Hala ere, kaleak hartu genituen maiatzaren zazpi hartan. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea. Oroitzen zara? Ni bai; nola ez. Zortzi atxilotu. Hirurogeita bost zauritu. Borrak eta foam balak. Beste hamaika jarraipen. Ospitaleratuak izan ziren gazteak. Donostiako Bulebarra eta Iruñeko San Frantzisko plaza. Atxilotuen askatasuna eskatzen Lehendakari Agirren. Pilotakadak. Kargak. Gasteiz, legebiltzarra. Ertzainen oldarkeria eta boterea. Beldurra. Zalantza. Emozioa.

Arnasa hartu, laster botatzeko.

Ernairen kontrako kasu hau mugimendu sozialaren eta herri mugimenduaren aurkako estrategia gisa ulertu behar dugu. Ertzainen jarrera ere estrukturala dela ulertu behar dugun seinale, bortizkeria horren baitan, EAJren zein Estatuaren aurka egiten duen oro lehenengo lerroan izanik.

 

«Urtebete pasatu da, eta atxilotutako zazpi gazte epaiketara deituta daude ekainaren 15ean. Muntaia polizial batean oinarrituta, espetxe zigorrak daude mahai gainean. Isunak eta kalte ordainak ere, hitzik gabekoak.»

 

Gazte borroka kriminalizatu eta errepresio bitartez isilarazi nahi duten honetan, ekainak lau. Urte labur hauetan bizitako hamaika gertaera sinestezin eta injusturen erantzule eta erruduna berdina den hauetan, ekainak lau. Gazteon bizitzen prekarizazioa salatzea eta bizi baldintza duinengatik borrokatzea delitu den garaiotan, ekainak lau. Epaiketara bidean ate ilun hori zeharkatu behar duten zazpiei maitasuna eta elkartasuna adierazteko, ekainak lau.

Geldituko ez gaituzuelakoan, ekainak lau.

Finean, ekainaren lau bat, une batez bada ere, bizi bilaka daitekeelako. Merezi duelako. Merezi duzuelako.

 

TWITTER