Argazkia. Unsplash / Greg Rosenke
Gure herriaren gaineko diskurtso historikoak ekoiztu eta zabaltzen dira etengabean, horietariko batzuk taupada instituzionalek bultzatuta, bertsio ofiziala bilakatuta. Oposaketa azterketa bat gainditu nahi baduzu, kontakizun hori ontzat eman beharko duzu erantzunetan, esaterako. Errelato horien arabera ezartzen dira oinarrizko testu legalak, jai egunak, hezkuntzako kurrikulumak, ikurrak, nortasun kolektiboak… Ez da historiazaletasun kontua, horrenbestez, politika da, diskurtso politikoen oinarrietako bat baita diskurtso historikoa.
Historiaz jabetzea askatze eta boteretze jarduera dugu, gauzak horrela, baina ez da debaldeko apostua: alde guziei erreparatu behar zaie, kontraesanei muzin egin gabe. Ez du balio goraipagarritzat hartzen dena azpimarratzeak, beste guzia ezkutatuz, gertatu izan ez balitz bezala. Aukeraketa prozesua da beti diskurtso historikoaren ekoizpena, baina zeregin horretan zintzotasunaz jardun behar da: parez pare so egin behar diegu gure historiaren alde makurrenei ere, jabetzea hori ere badelako. Historiaren kargaz kargoa hartzea, pisua izanik ere, askatzailea baita, finean.
Aurten 500 urte betetzen dira, batetik, Amaiurko gaztelua setiatu eta hartu zutenetik, Nafarroako konkistaren gerlaren testuinguruan, eta, bestetik, Elkano Iberiar Penintsulara iritsi zenetik, munduko bira lehen aldiz egin ondotik, espainiar inperioaren espedizio batean. Amaiurko gertaerak eta Elkanoren bidaia errelato askoren muinean daude, euskal abertzaletasunetik espainiar inperiofiliara, iruditeria kolektiboetan lehian dauden erreferentzia garrantzitsuak direlarik. Gure historiaren jabetzearen ikuspegitik biak ala biak aintzat hartu behar ditugu, gustokoak izan ala ez. Beste gauza bat da eman nahi diegun oihartzuna, jakina, baina beste aldera begiratzea ez da bidezkoa.
«Historiaz jabetzea askatze eta boteretze jarduera dugu, gauzak horrela, baina ez da debaldeko apostua: alde guziei erreparatu behar zaie, kontraesanei muzin egin gabe»
Gaurko honetan ez naiz Amaiurko urteurrenaz ariko, beste hainbat testutan egin baitut, Elkanori buruz baizik. Afera ezberdinak korapilatzen dira getarriarraren munduko biraren 500. urteurrenean, denok dakigunez. Espainiar estatuaren narratiba posinperiala dugu, hasteko, zeinean euskaldunak espainiar balentrien ibilbidearen ospakizunan kokatu nahi baikaituzte. Halaber, EAJk eta beste batzuek aukera baliatu nahi dute beren interes eta egitasmoen indarpenerako, euskal oasiaren propaganda gisa eta negozio betak baliatzeko: turismoa, “Euskadi” marka… Hainbat esparrutan ere Elkano afektua ere begibistakoa da, gizon kuttun gisa hartzeko joera indartsua delarik, munduko kartan jartzen omen gaituelako, edo. Elkanoren figura eta espainiar ibilbide kolonial-inperiala salatzeko ekimen ezberdinak ere abian dira, haien artean urteurrena bera gogorki salatzen dutenak.
Ikuspegiak, interesak, marko ideologikoak, egitasmo politikoak… aunitz eta anitzak dira lehia hauetan elkarkorapilatzen diren kontuak. Dena txuri eta beltz ikusteko tentaldia ere aipatu beharra dago, sinplifikazioa gure garaiko joera indartsua baita. Konplexutasunari aurre egitea, kontraesanak aintzat hartuz, lau esaldi borobil zabaltzea baino askoz ere zailagoa da, baina dagoeneko aipatu bezala, historiarekiko ardura ez da eginbehar erraza. Elkanoren biraren urteurrena aukera bat bilaka daiteke guk geure historia kontatzeko beharraz gogoetan jarraitu eta boteretze bidean urrats berriak emateko, baina horretarako hainbat tentaldi gainditu beharko genituzke, ez baikara urrutira joanen gure buruari ipuinak sinestaraziz.
Argazkia. Amaiurko monolitoa.
Elkanoren inguruko eztabaidak irekirik daude, eta ikerketa historikoa bera mugatua da, urrats batzuk eman badira ere. Zalantzak eta alde ilunak pilatzen dira, errelato españolistek eta Elkanoren diskurtso apologetikoek eragin handia izan dutelarik. Baina, halaber, kolonialismoaren irakurketa sinplista batzuek alde batera utzi dute gurea ere menperatutako herria dela, eta beraz, espainiar inperioarekin izandako harreman historikoa ez dela hautu aske baten ondorioa, subordinazioaren testuinguruan ulertu beharrekoa baizik. Kolonizatu-kolonizatzaile amaraunari erreparatu gabe, kolonialismoaren logikan eror gaitezke, konturatu gabe. Chimamanda Ngozi Adichiek idazle nigeriarrak oroitaratzen digu boterea norbaiten behin betiko historia kontatzeko ahalmena dela, errelatoaren ordena irauliz. Euskal Herria Espainiar eta frantziar inperioaren menpe erori zela ahaztuta inperialismoarekiko konplizitateak aipatzeak gure historia erabat aldatzen du, subordinazioa harremanak eta bere ondorioak ikustezin bilakatuz.
Nahita egin dut kolonialismoaren aipamena, hau funtsezkoa baita XXI. mendeko historiarekiko boteretze jarduera askatzaileak aurrera eramateko. Azken urteotan gero eta oihartzun handiagoa izaten ari dira munduan eta Euskal Herrian interpelazio feminista eta dekoloniala historiari so egiteko moldeetan ondorioak nabarmenak direlarik. Azken honek (dekolonitateak, hots) oroitarazten digunez, kolonitatearen aztarna eta ondorioek ezaugarritzen dute egungo mundua, kolonitatea ez baita iragan gainditua, oraingo errealitatea baizik. Interpelazio hauek normaltzat hartu edo kolokan jartzen ez ziren ikur eta errelato asko astindu dituzte: iraganari begiratzeko betaurrekoak aldatzen ari dira. Ezker independentistak interpelazio hauen subjetu (interpelatzailea) eta jomuga (interpelatua) da, une berean, eta halako urteurrenei so egitean, funtsezkoa da ikuspegi horri erreparatzea.
«Ikuspegiak, interesak, marko ideologikoak, egitasmo politikoak… aunitz eta anitzak dira lehia hauetan elkarkorapilatzen diren kontuak. Dena txuri eta beltz ikusteko tentaldia ere aipatu beharra dago, sinplifikazioa gure garaiko joera indartsua baita»
Elkanoren figura eta munduko biraren ospakizun akritikoak nekez batzen dira begirada dekolonial kritikoaz. Kolonialistak beti besteak direla esateak ez du ezer argitzen. Halaber, ñabardurarik gabeko errefusak begirada kritikoa ahultzen du, geure historia geuk kontatzeko aukerak mugatuz. Beste ikuspegi bat garatu behar dugu, aipatu bi akats hauetatik urrunduz, baina nolabaiteko erdiguneren bila ibili gabe, ikuspegi dekolonial kritikoa lehenetsi behar dugulako. Oso inportantea da ikuspegi dekoloniala, batetik, gure burua, ezkerreko subiranismoa, herri mugimenduak, instituzioak eta jendartea dekolonizatu behar ditugula ulertzeko, eta, une berean, gure askapen borroka botere patroi kolonialaren ibilbide historikoan kokatzeko. Kontua ez da gure burua kolonia klasiko gisa hartzea, gure subalternizazio historikoa eta gaur egungo subordinazioa kolonitatearen despliege historikoan soilik kokatzen ahal dela ulertzea baizik. Hor dugu, esaterako, euskal itsas teknologia eta kultura (tradizioa, bestela esatearren). Espainiar eta frantziar inperioek egindako apropiazioak ezin du aberastasun hori ezabatu. Tradizio horren oroimena garatzea subordinazioa kolokan jartzen da, eta ongi egin behar dugu, enpresa kolonizatzailean gure ekarpena aldarrikatzen bukatzeko arriskua galarazteko.
Inperioen menpe ere bizitza badago, dena ez da subordinazio hutsa, dena ez da konplizitatea ala matxinada: historiaren motxilak ez dira askatzen tabula rasa eginaz. Emakumeen historiarik egon badago patriarkatuaren menpe ere, eta euskal historiarik ere badago, inperioen menpe egonik ere. Jarrera esentzialista batzuek subordinazioa besterik ez dute ikusten eta horrela, oroimenaren suntsipena errazten dute, nahi gabe, ez baitira konplexutasuna aintzakotzat hartzeko gai. Tamalez, oso ohikoa da esentzialismoak kontraesanak errefusatzea.
Argazkia. Juan Sebastian Elkano Ignacio Zuloagaren irudimenezko koadroa
Interpelazio dekolonial bikoitzaren ideia baliatzen ahal dugu konplexutasunari aurre egiteko, kolonizatuak izan garelako herri gisa baina espainiar eta frantziar inperioekiko subordinazioak bestelako lotura eta ondorioak ere ekarri dituelako, mundu sisteman erdigunean egon garelarik hainbat mendeetan zehar. Munduari begira, posizio zentral-kolonizatzaile baten onurak izan dituen esparruan gaude, bai espainiar zein frantziar inperioen aldetik; baina era berean, gure historiari begira, kolonizatuak izan gara, gure kultura, gure hizkuntza eta gure instituzioak menperatuak izan baitira, kolonitateaz lotutako subalternizazio baten bidez, aipatu bi inperio horien aldetik. Erdigunean periferia izan gara eta gara, azkenean. Euskal ikuspegi dekolonialaren eginbehar nagusia konplexutasun hori kudeatzea da.
Kontraesan gisa ezaugarritu behar ditugu afera honen inguruan agertzen diren ezberdintasunak, horrenbestez. Kontraesanak ez dira, berez, txarrak, horrela hartzeko hezitu gaituzten arren. Borroka askatzailearen ikuspegitik, gatazka eta kontraesanak ez dira salbuespenak edo baztertu beharreko anomaliak, eraldaketaren oinarriak baizik. Kontraesanei esker agertzen dira aukera askatzaileak eta, une berean, askapen prozesuek kontraesanak eragiten dituzte jendartean baita subjetu askatzaileen barnean ere. Begirada horretatik, afera honek kontraesanak eragiten ditu euskal interpelazio dekolonial-feminista-antiinperialak eragina duelako, hain zuzen, barrenak astintzeko gaitasuna duelako, bai jendartean baita gure barnean ere, eta, une berean, espainiar historia posinperiala kolokan jartzeko gogoa oso handia delako. Hau ez da dena, alta: Elkano afektua egon badago, Elkanoren balentriak oroitu eta ospatzeko gogoa egon, badago, eta eragina du hainbat esparruetan. Hori kontuan hartu behar dugu: bada euskaldun batek munduko bira lehen aldiz eman izana ospatu nahi duen jendea. Lortuko da eztabaida emankor bat garatzea, zeinean ertzak eta kontraesanak barnebilduko baitira, ala sinplifikazioak gailenduko dira? Kontraesanak tentsio emankor bilakatzea urrats ederra izanen litzateke, historia elkarrekin idaztea ez baita edozein erronka…
«Munduari begira, posizio zentral-kolonizatzaile baten onurak izan dituen esparruan gaude, bai espainiar zein frantziar inperioen aldetik; baina era berean, gure historiari begira, kolonizatuak izan gara, gure kultura, gure hizkuntza eta gure instituzioak menperatuak izan baitira, kolonitateaz lotutako subalternizazio baten bidez, aipatu bi inperio horien aldetik»
Euskal ikuspegi dekolonialaren garapenak geure narratiba historikoa lantzera garamatza derrigorrez. Burujabetzea, narratiba mailan ere eman behar da, askapen sinboliko eta herrigintza-estatugintza ariketa delako. Baina hau ezin da naziogintza burges-liberalaren terminoetan egin, gure helburua ez baita nazio-estatu burges-liberal bat sortzea. Alde batera utzi behar ditugu errege eta gizon gudazale edota konkistatzaile-deskubritzaile-aurrelari ausarten araberako historio gloriosoak. Baina, une berean, geure mito askatzaileak gaurkotu eta sortu behar ditugu, mito askatzaileak deuseztatzea baita egitasmo menperatzaile ororen obsesioa, eta beraz, buruaz beste egiteko modu bat askatasuna bilatzen duten herriendako.
Amaiur eta Elkano gogoeta honetarako bulkadak izan daitezke. Amaiurkoa inperioak eta subordinazioaren kontrako ikurra dugu, baina kontraesanak ere badaude errelato horretan, zeinean -hasteko- emakumerik ez baita agertzen. XVI. mendeaz ari gara, finean, eta oso arriskutsua da orduko gertaerak mekanikoki oraingo terminoetan ulertu nahi izatea. Elkanoren kasuan alde ilunak biderkatzen dira, bistan denez, baina bere biraren urteurrena euskarri bat izan daiteke historiaren inguruko gogoeta kolektiboa egiteko eta, era berezian, euskal ikuspegi subiranista-dekoloniala indartzeko, sinplifikazioetatik haratago. Geuk geure historia kontatzeko, konplexutasun, ertz eta kontraesan guziak aintzat hartuz.